Hizkuntza biziberritzea, ekintza komunitarioa

Orain dela hiru aste Oscar Rebollo irakaslearen hitzaldi (labur) batera joateko aukera izan nuen. Oscar Rebollo soziologoa da, parte hartzeari buruzko lan ugari egin du, eta azken urteetan Bartzelonako udalean lan egin du, parte hartze komunitarioaren alorrean.

Haren ustez, herritarren parte hartzea eta parte hartze komunitarioa bi gauza dira, eta ondo ezberdindu beharko lirateke. Aldea da nork parte hartzen duen eta zertarako.

Herritarren parte hartzeaz hitz egiten dugunean:

  • Nork parte hartzen du? Herritarrok, DENOK
  • Zer da parte hartzea? Erabakiak elkarrekin hartzea? Sarri, IRITZIA ematea besterik ez (edo kasurik onenean deliberatzea)

Parte hartze komunitarioaz hitz egiten dugunean:

  • Nork parte hartzen du: GUK, komunitateko parte garenok, edo arazoa dugunok
  • Zer da parte hartzea? EGITEA. Arazo kolektiboei irtenbide kolektiboak ematea.

Hitzaldian administrazioaren ikuspegitik hitz egin zuen. Zein da administrazioaren zeregina ekintza komunitarioan? Zaila da aldez aurretik esatea. Lehenik territorio horretan zer dagoen jakin behar da. Kapital sozial nahikorik bada… pertsona aktibo, elkarte ugari eta eragile sozial mobilizatuak badaude, proiektu autonomoak indartzea eta erraztea da eginkizuna: “giltzak ematea”. Tori! Hemen dituzue baliabideak. Egin ezazue! Halakorik ez dagoen kasuan, hori da erronka: komunitatea sortzea.

Nonbait entzuna dut, komunitatea sortzeko proiektuak behar direla, oso-oso zaila dela komunitatea ideia baten inguruan sortzea. Proiektu komunak behar dira, jendea batu, trinkotu eta aktibatzeko.

Handik gutxira, Iñaki Markok bultzatzen duen e5 proiektuaren inguruan irakurtzen egon nintzen. Trinko-trinkoa da euskonews aldizkarian argitaratu duen artikuluaren izenburua: Komunitatearen kapitalak abiapuntu, etorkizuneko eszenarioak helmuga. Gauza asko esaten du hitz gutxitan. Enfokeak asko du berrikuntzatik: hizkuntzaren biziberritzea garapen komunitarioaren ikuspuntutik aztertu eta hiztun komunitatearen aktiboak identifikatu, aurrera egiteko palankak hor daudelakoan. Esan bezala, arazo kolektiboei irtenbide kolektiboak ematea da ikuspegi komunitarioaren muina. Jakinmina dut proiektutik nolako proposamenak sortuko diren ikusteko.

Egia esan, niri askoz errazagoa egiten zait ikuspegi komunitarioa tokian tokiko errealitatetik irudikatzea. Ekintza komunitarioaz zerbait entzun edo irakurri dugunean, hiri edo auzo mailako planifikazioari lotuta egon da. Eta hala da. Ekintza komunitarioa territorioari oso lotua dago. Territorioan dauden eragileak identifikatu, elkarrekin harremanetan jarri, saretu, konplizidadeak sortu, eta aurrera egin. Erakargarria bezain konplexua.

Nago euskalgintzak eskuartean dituen erronka eta proiektu batzuek asko irabaziko luketela ikuspegi komunitario horretatik begiratuko bagenie. Ulertzen didazue, ezta?

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude