Seme-alabak erdaraz egin du

stick-family-1449578741cAV

Bada gauza bat guraso euskaldun guztiok erabat izutu eta beldurrez ikara jartzen gaituena: egun batean seme-alaba etxera etorri eta erdaraz egingo digu. Badakigu iritsiko dela, saihestezina dela, eta ezin dela horren aurka borrokarik egin.

Eta halaxe izan da. Ama harritu egin da. Aita ez. Aitak espero zuen. Biak ala biak atsekabeturik daude: begiak beltz eta bihotza ilun. Biek ala biek “Baina… Zergatik? Zer egin dugu gaizki? —galdetzen diote beren buruari.Zertan huts egin dugu? Behar izan gaituzun bakoitzean hor egon gara. Zergatik egiten diguzu hau?” — pentsatzen dute.

Lasaitasuna berreskuratu eta galdetu egin dute: “Baina… zergatik egiten duzu gurekin erdaraz?”

Umea isilik geratu da, pentsatzen egongo balitz bezala. Bost segundo besterik ez dira izan, baina gurasoei azken bost-sei urteetako oroitzapenak begien aurretik pasatu zaizkie: txikitako kantak, lehen urtebetetzea, eskolako lehen eguna… den-denak euskaraz oroitzen dituzte. Ez dira ohartzen beren buruari gezurra esaten diotela… ala soil-soilik egiaren erdia aitortzen dutela. TeleCincoko marrazki bizidunak ahantzi dituzte; afariak koadrilarekin; telediarioen albisteei buruzko iruzkinak erdaraz, haserrealdiaren beroan gaztelania hutsez izandako liskartxo hura…

Haurrak, azkenean, sorbaldak jaso ditu, eta aparteko garrantzirik eman gabe, zintzo aurpegiarekin erantzun du: “Eske… ikastolan lagunekin horrela egiten dugu“.

Orduan hasi dira gurasoak, buruari bueltaka. Zer egin? Horri buelta nola eman? Psikologia liburu batean istorio bat irakurri dute. Etxeko lanak egin nahi ez dituen haur baten istorioa da. Amak honela kontatzen du: “Andy-ri etxeko lanak egiten irakatsi  nahi diot, eta etxeko lanak egin ditzala nahi dut, baina egin nahi izatea da benetan nahi dudana. Agindu ahal diot, baina ez da hori kontua, gogoz kontra egingo ditu-eta. Badakit zerbait gaizki egiten ari naizela baina ez dakit zer den.”

Paradoxa bat da, irtenbiderik ez duen korapiloa. Senarrari “izan espontaneo” esaten dion emaztearen gisakoa da: espontaneoa izatea exijitzen da, baina espontaneoa izatea espontaneoa izan behar den jokabidea bat da; zoritxarrez, ezin da espontaneoa izan, exijitua izan delako. Gurasoei ere berdin gertatu zaie: seme-alabak euskaraz egitea nahi dute, baina horrek ezin ditu asebete, bene-benetan nahi dutena baita seme-alabak euskaraz egin nahi izatea. Psikologoek lotura bikoitzaren teoria deitzen diote, eta jokabide eskizofrenikoarekin du zerikusirik.

Irtenbidea? Ziur aski, ahalik eta metodorik sotilenak erabiliko dituzte seme-alabaren nahia bide “zuzenetik” eramateko. Beren burua konbentzitzen saiatuko dira haurra hezitzen ari direla, eta ez direla ari euskaraz egitera behartzen edo euskaraz gogoz kontra egin dezala negoziatzen, ez baita hori gurasoek nahi dutena. Neurri handi batean lortuko dute, ziur aski, baina dagoeneko zerbait hautsia izango dute bihotzean, krak!

Oharra. Sakondu nahi izanez gero, honakoa irakurri: Watzlawick, P., Weakland, Jhon H., & Fisch Richard. (2003). Cambio. Formación y solución de los problemas humanos. Barcelona:Herder. Hemen.

2 erantzun “Seme-alabak erdaraz egin du” bidalketan

  1. Aipatutako paradoxa horrek ez du konponbide perfekturik ez. Baina hala ere, kasu honetarako konponbide bat ematera ausartuko naiz. Nire ustez, oso garrantzitsua da guraso euskaldunok gure esku dagoena eta gure esku ez dagoena ondo desberdintzea. Beste era batean esanda: gure seme-alabek orain eta gero euskaraz egitea nahi badugu gure esku dauden helburuak jarri behar dizkiogu gure buruari eta, era berean onartu, egon daitezkeela gure eskuetatik kanpo gelditzen diren beste faktore batzuk, eta horiek eragina izan dezaketela gure seme-alaben hizkuntza hautuetan.
    Zer da guraso euskaldunok egin dezakeguna? Seme-alabei hizkuntzaren ezagutzaren transmisioa egiten diegunean, jakitun izan behar gara hizkuntzaren erabileraren transmisioa ere egiten dugula. Oharkabean egiten dugu, baina seme-alabei euskara irakasten diegunean, hizkuntza hori erabiltzeko arau sozialak ere transmititzen dizkiegu: noiz eta norekin erabili, norekin ez,… Hori guztia transmititzen diegu, beraz, oso garrantzitsua izango da gure hizkuntza portaera zein den; bikotearekin euskaraz egiten dugu? Eta lagunekin? Eta parkeko beste gurasoekin? Ezezagunei lehenengo hitza euskaraz egiten diegu? Gure hizkuntza hautua beti euskarazkoa da?… Horiek guztiak gure esku dauden portaerak dira. Portaera horietan aldaketak egin beharra ikusten badugu seme-alabei euskararen erabileraren transmisio egokia egiteko, jar diezaiogun gure buruari aldaketa horiek egiteko erronka. Aldaketak progresibotasunez egin ditzakegu, lehenengo errazak ikusten ditugun aldaketak egin, ondoren zailagoei ekiteko.
    Aipatu dudan guztia nahikoa al da gure seme-alabek euskaraz egiteko? Bada, zoritxarrez ez. Gure seme-alabak ez direlako bakarrik etxean sozializatzen, baizik eta baita gizarte bizitzako gainontzeko esparruetan ere bai: eskolan, lagunekin, auzoan, elkarteetan,… Beraz, gurasoen eragina indartsua bada ere, beste eragin esparruek ere eragin garrantzitsua izan dezakete. Horietan gurasook zer egin dezakegu? Saia gaitezke seme-alabei euskarazko aisialdia eskaintzen (eskolaz kanpoko ekintzak), kultur kontsumo euskalduna sustatzen…. Horiek ere neurri batean behintzat, gure esku dauden gauzak dira.
    Eta hori guztia eginda, ziurtatu dezakegu seme-alabek euskaraz egingo dutela? Bada, ziurrenik ez, baina hori guztia egin badugu, oinarri oso indartsua eskainiko diegu seme-alabei beraien bizitza euskaraz bizitzeko. Onartu behar dugu ezin dugula %100ean ziurtatu seme-alaben hizkuntza hautua, baina oinarri sendo bat emanda, aukera askoz gehiago dago seme-alabek ere guk bezala euskaraz bizitzeko hautua egiteko.

  2. Erabat ados Juanjok esandakoarekin. Halere, zerbait osatzeko asmoz, burura etorritako ideia batzuk partekatuko ditut.
    Hasteko, abiaburuan jarri nahi dut arreta: “haurrak, etxera etorri eta erderaz egin digu”. Eta? Non dago arazoa? Behin edo aldika, esaldi solteren batzuk, egiten baditu ni ez nintzateke larrituko. Eredu izan behar duenak (gurasoak) bere portaera autozentratu eta, hortik aurrera, ikusi haurrak zer egiten duen, noiz, norekin, zergatik… Baliteke uneko zerbait izatea eta haurra lehengora itzultzea bere kasa.
    Nire ustez, erdaraz egiteko portaera hori modu esanguratsuan errepikatzen hasten bada orduan hasi beharko genuke zerbait pentsatzen. Eta orduan zer? Juanjok esan dituenak kontuan hartu. Ez dut ezer berririk esango. Funtsean, geure eskuetan zer dagoen jakitun izan eta hor zure eredua finkatu. Bizitzaren beste alorretan bezala, hizkuntzarenean ere, eredu egoki bat ematea da gurasoon funtzio nagusia.
    Amaitzeko, argi dago hizkuntzaren erabilera hiztunen hautu kontziente baten mende egongo dela. Hautu hori nola elikatu eta indartu izango dugu erronka, nire ustez.

Utzi erantzuna Inaxio Usarralde(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude