Hizkuntzen mediku

Klasera sartu eta egin dudan lehenengo gauza arbelera begiratzea izan da, ez zegoen hutsik. Bertan topatu dudana, ordea, ez nuen ezaguna. A, B, AB, BA… entrenatzaile batek jokalariei emandako argbideak ote? odol taldeak agian?

Iñaki Arruti ez da entrenatzailea, ezta zirujanoa ere; fokoa hizkuntza- eta gizarte-gertakarien arteko harremanetan jartzen du berak. Izan ere, hizkuntza gutxituen biziberritzeaz ari garela, ezinbesteko ditugun betaurrekoak dira soziolinguistikarenak.

Prozesuok abiatzeko, lehenik eta behin, gure hizkuntzen egoera zein den ikustea komeni da, norberaren bizipenetatik hasi, gero, begirada zabaldu ahal izateko. Hizkuntza-autobiografia eta -genealogia teknikak baliatu ditugu zeregin honetan, nor garen eta nondik gatozen ulertzeak hainbatetan -beti ez bada- orainari begiratzen laguntzen digunez. Jakinmin handia piztu dute ariketek, baten batek atseden garaian ere ez du kuadernoa bistaz galdu…

Behin gure hizkuntzaren egoera zein den ikusita, biziberritze prozesuak nola materializatu jakitea izaten da zaila. Nola egin? hizkuntzak galduak dituen (hobe esanda, hainbatetan, beste hizkuntza batek honi kendutako) funtzioak berreskura ditzan lagundu behar dugu. Denborak ez du komunitateon lana den hori egingo; kontzientzia, antolakuntza eta borondatea behar ditugu gurekin.

Bide honetan ikastaroko kideak ditugu gako, hizkuntza gutxituen akelarreko txinparta. Arrutik mediku linguistikoak direla esan du; metafora biologikoa kolokan jartzen duten horietakoak direla esan genezake: hizkuntza jaio eta bizi bai, baina hiltzea ez da hauen patu bakarra. Hemen hasiera duten eta euren komunitateetan burutuko dituzten biziberritze proiektuek hizkuntzak hilezkor egingo dituzte, etengabe biziz eta ingurukoak bizituz!

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude