Hizkuntzen mediku

Klasera sartu eta egin dudan lehenengo gauza arbelera begiratzea izan da, ez zegoen hutsik. Bertan topatu dudana, ordea, ez nuen ezaguna. A, B, AB, BA… entrenatzaile batek jokalariei emandako argbideak ote? odol taldeak agian?

Iñaki Arruti ez da entrenatzailea, ezta zirujanoa ere; fokoa hizkuntza- eta gizarte-gertakarien arteko harremanetan jartzen du berak. Izan ere, hizkuntza gutxituen biziberritzeaz ari garela, ezinbesteko ditugun betaurrekoak dira soziolinguistikarenak.

Prozesuok abiatzeko, lehenik eta behin, gure hizkuntzen egoera zein den ikustea komeni da, norberaren bizipenetatik hasi, gero, begirada zabaldu ahal izateko. Hizkuntza-autobiografia eta -genealogia teknikak baliatu ditugu zeregin honetan, nor garen eta nondik gatozen ulertzeak hainbatetan -beti ez bada- orainari begiratzen laguntzen digunez. Jakinmin handia piztu dute ariketek, baten batek atseden garaian ere ez du kuadernoa bistaz galdu…

Behin gure hizkuntzaren egoera zein den ikusita, biziberritze prozesuak nola materializatu jakitea izaten da zaila. Nola egin? hizkuntzak galduak dituen (hobe esanda, hainbatetan, beste hizkuntza batek honi kendutako) funtzioak berreskura ditzan lagundu behar dugu. Denborak ez du komunitateon lana den hori egingo; kontzientzia, antolakuntza eta borondatea behar ditugu gurekin.

Bide honetan ikastaroko kideak ditugu gako, hizkuntza gutxituen akelarreko txinparta. Arrutik mediku linguistikoak direla esan du; metafora biologikoa kolokan jartzen duten horietakoak direla esan genezake: hizkuntza jaio eta bizi bai, baina hiltzea ez da hauen patu bakarra. Hemen hasiera duten eta euren komunitateetan burutuko dituzten biziberritze proiektuek hizkuntzak hilezkor egingo dituzte, etengabe biziz eta ingurukoak bizituz!

 

 

 

Anabasa

Andoni Barreña

Eguna argitu ahala Aretxabaletako MUren egoitzara hurreratzean, puama cheïru atera zait lagun guaraniak ikusita, zerbait kostata, jakina. Segidan puama cheïrureta ahoskatu dut, lagun bi direla jabetzean eta pluraleko forma erabili behar dudala ohartzean.

Handik gutxira beste agur bat behar izan dut, agurrak zehatza izanik, hiru lagun maia hurbiltzen ikusi baititut. Baina zein ote dira agur egokiak? Xsaqär, saqarik, b’anu ala ma’alob k’iin? -kaqchikela, k’ich’ea, q’echi’a, mayat’aana-.

B’anu! Esan dut, eta ma’alob k’iin ti tuláakale’ex erantzun dit batek, mayat’aan hizkuntza erabiliz, eta xsaqär besteek. Egun on ere gaineratu dute.

Hotz dela eta ea hemendik aurrera horrelakoa izango den aroa galdetu didate. Ez dut gogoan zer erantzun diedan.

Ikasgelara sartzean, egun on entzun dut, eta nik, duda izan ondoren, mari mari konpuche, imanalla mashikuna eta ma’kwe pe’te esan dut -mapuzungunez, kichwaz, nasa yuwez-.

Nire garunak eztanda egin dit, edo matxinatu egin zait, edo beharbada buxatu zait. Hainbatean, gainezka ere izan dezaket.

Kontua da rojbas, shaba una numamē eta tanesik agurrak ez ditudala erabili -kurdueraz, hãtxa kuĩz, nahuataz-.

Hizkuntza anabasa honetan, anabasa aberasgarri honetan, burura etorri zait orain dela 15en bat urte Stella González hizkuntzalari kolonbiarrak kontatutakoa. Kolonbiako Amazonia inguruan, Vaupés ibaiaren ertzean dagoen 200 bizilagun dituen herrixka batean 10en bat hizkuntza egiten ei dituztela, eta bertako emakumeak, arropak garbitzen elkartzen direnean, elkarrizketa bakoitzak berea erabiliz izaten ei dela, eta ez ei dutela arazorik izaten, denek denenak ulertu egiten dituztelako.

Amazoniako emakume indigenen garuna beharko nuke neuk ere.

¿Keniu timo notsa?

Joan den astean Abya Yalako hamaika txoko ezagutzeko aukera izan genuen, nola ez, hizkuntzaren gaia etengabe erdigunean genuela. Kontinentetik kontinentera joateko, ordea, ez genuen Euskal Herritik ateratzeko beharrik izan. Guatemalako hainbat herri, Brasilgo Acre eskualdeko zonaldea edota Kolonbiako Cauca departamenduan zehar ibili ginen.

Puebla ingurukoa da Aditu Ikastaroko kidea. Bere hizkuntza-aktibismoa zonalde hartako eskola batean kokatzen da, helburu nagusitzat nahuat hizkuntzaren transmisioa bermatzea dutela. Baina nola irakasten die, ba, nahuata bere ikasleei?

Jolasak azaltzea ez omen da erraza eta jolasa ulertu ahal izateko praktikan jartzea proposatu digu. Hizkuntzekin ere halaxe gertatu ohi da: erabilerak egiten du hiztuna hitzdun.

Elkarri ¿Keniu timo notsa? (zein da zure izena) galdetuz eta paperean genuen nahuat hitzarekin erantzunez egin dugu hizkuntzara hurbilketa. Lehen aldia izateko ez dugu batere gaizki egin!

-¿Keniu timo notsa?

-Ayotzi (dordoka). ¿Keniu timo notsa?

-Chechelot (kattagorria). ¿Keniu timo notsa?

-Tilma (arropa). ¿Keniu timo notsa?

(…)

 

Lometa botila omen da eta xokot laranja. Pipilol, berriz, belarritakoa eta Nenepil mihia. Bitxia eta polita izan da náhuat hitzak kitxua, ketxi edota guarani hiztunen ahoetatik entzutea.

Ziur behin baino gehiagori nahuata ikasten hasteko jakinmina piztu zigula jolas honek… zu ere animatuko al zara?

Ikilimikiliklik!

Ia astebete pasa da jada hizkuntzak biziberritzeko abenturatxo honetan murgildu ginenetik… Aretxabaletako plazan genuen hitzordua eta hamabi hizkuntza komunitateetako aktibistak apurka-apurka gerturatu ziren bertara. Eguzkiak ere ezin izan zion planari ezezkoa eman eta halaxe ibili ziren batzuk besteen kapelei inbidiaz begiratzen!

Herritik buelta bat eman eta gero, bazkaltzeko ordua iritsi zen eta hara non lehenengo platera gordetzen zuen lapikoa ezin ireki.

Gosea zuen orok eman zuen bere iritzia eta proposatu arrain-zopa bertatik ateratzeko modua. “Nire etxean horrela egiten da”, “nik behin honelako bat kolpeka ireki nuen”, “zergatik ez gara koilara batekin saiatzen?”. Saltsa guzti horren erdian euren entsalada mahaian aspaldi zuten barazkijaleak ziren kezkarik gabe zeuden bakarrak.

Batzuk arroza platerean zuten aspaldi eta amalurrari eskerrak ematen hasiak ziren jangelaren beste aldetik berria entzun zenean: “ireki dugu, salda badago!”. Mezua iragarri zuena, ordea, ez zen nasa yuwea, euskara edo mapuzunguna izan, ezta gaztelania ere: euren aurpegiek hitz egin ziguten, eta ez euren ahoek.

 

Abya Yala eta Afrika bidean dira Aditu Ikastaroko partaideak

Abya Yala eta Afrikara bidean dira jada aurtengo Aditu Ikastaroko partaideak. Zubi berrien lehen harriak jarri ditugu eta jarraituko dugu eraikitzen! Euskal Herritik eramandako haziek beste kontinente batzuetan zein fruitu ematen duten eta hemen erein dutenak zein emaitza ematen dituen ikusteko gogoz gelditzen gara.

Eskerrik asko! Yosoropai! Yuspejara! Yupaychani! Wala weçxath! Maltyox! Nib óolal! Tasa’j kamatik! Nasiara!

IMG_20161122_114824

AHOTSA EMUN hizkuntzari, helduen alfabetatzea eta gizartearen aktibazioa ardatz dituen hizkuntza politika

[Beñat Garaioren kronika]

Izenburua nahikoa izan dugu aurreko astean egindakoa laburtzeko, hurrengo lerroetan ikusiko den bezala. Dagoeneko 7. astea amaitu da “Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak” Aditu Titulu honetan eta badoaz Garabideko ikasle-kideak euren aurre-ezagutza oparoak gai eta kontzeptu konplexuetagoetara eramaten. Horretaz gain, ikastaroa amaitu eta itzulerako bidairako hiru aste falta direnez, lana pilatuz doa eta lanpetuta gabiltza ikasgai guztietako lanak osatzen eta bukaerako proiektuaren diseinuan. Izan ere, ikasle bakoitzak interes berezia duen gai bat hartu eta bere komunitatean garatuko duen egitasmo bat garatu beharko du.

 

Baina itzuli gaitezen pasa den astean egin genuenera eta hasi gaitezen astelehenarekin. Egun polita izan genuen, jatorri ezberdinetako bi egitasmo bertatik bertara ezagutzeko aukera izan baikenuen. Hasieran EMUNekoek euren jardunaren berri eman ziguten eta beraien ekintzen eta zerbitzuen osotasun eta aniztasunaz jabetzeko parada izan genuen.

 

emun olatz igone

EMUNeko Olatz Olaso eta Igone Baztarrika

 

Horretaz gain, jatorrizko hizkuntza galduta dagoen herrietan biziberritzea eta transmisioa ez du soilik eskolak ahalbidetuko, helduek hizkuntza era aktiboan erabili ezean. Honezkero imajinatuko zenutenez, helduen alfabetatzeari buruz ari gara eta Arrasateko AEK euskaltegia bisitatu genuen egun berdinean. Bi ordutan gai sakon bezain zabal hau azaldu ezin daitekeenez, astean zehar hainbat eskola izan genituen erronka honi erantzun egoki bat eman ahal izateko.

 

aek

Arrasateko AEKren egoitzan

 

Bestalde, eta ikusita jatorrizko herrialde batzuek euren ahozko historia biltzean azaldu zuten interesa, AHOTSAK.EUS ekimena ezagutu genuen asteazkenean. Ez da baliabide handirik behar ondare aberats hori jasotzeko eta AHOTSAK-ekoek sorrera garaian azaldutako interesa eta argitasunaz baliatuz beste hainbeste egin dezakete kichwa, maputxe eta enparauek.

ahotsak asier

Halaber, gizartearen aktibazioa eta hizkuntza politika ere landu genituen Nekane Goikoetxearekin. Hizkuntza gutxituaren aldeko jarrera ekintzailerik gabe ez da urruti joango “borroka” hori eta horretan jardun ginen eskola horietan. Honekin zerikusi zuzena dute TELP tailerrek, gizabanakoen mailan, hori bai, eta EMUNeko Larraitz Madinabeitiarekin esperientzia hori izateko aukera edukiko dugu hurrengo asteetan.

 

Itzuli gaitezen, baina, gizartearen aktibaziora; zentzu horretan herritarrak hizkuntzaren alde engaiatzeari baten batek “prestige planning” edo “attitude planning” izena jarriko zien, hau da, prestigioa edo jarrerak moldatzeko hizkuntza plangintza.
Hizkuntza plangintza, politika, normalizazioa, biziberritzea eta tankera horretako beste hamaika kontzeptu landu genituen eta mundu mailako hainbat eredu ezagutzeko aukera izan genuen Nekaneren eskutik, bai maila mikroan, bai maila makroan; bai top-down bai bottom-up delakoetan.
 ikt ander

 

Astearekin amaitzeko, Ander Bolibar Garabideko kide  eta HUHEZIko irakasleak IKT ikasgaiari hasiera eman zion. Lehenik eta behin, gure kideen herrietan teknologia berrien erabileraren diagnosi azkar bat egin zuen eta ikusi genuen gaur egun ez direla asko erabiltzen salbuespenak salbuespen. Izan ere, eta irakaslearen hitzak hona ekarriz, “hizkuntza gutxituen biziraupenerako aliatu sendoa izan daiteke teknologia”. Euskara eta IKTak errepasatu zituzten ondotik. Dena den, teoria hutsak ez garamatzanez inora, memeak egiten eta bideoei azpidatziak jartzen ikasi genuen: badakizue norena den errua meme zororen bat birala bihurtzen bada!

 

Halaber, asteburu nahiko mugitua izan dugu, izan ere, plan dexente egin ditugu. Alde batetik, gure kideak euskaldun peto-petoak bihurtu direnez gero, ohikoa da euren kabuz Euskal Herria ikustera joatea eta hori gertatu da asteburu honetan ere: Bizkaiako kostaldea, Oiartzun aldea, Iruñea, Bilbo,… Gainera, ez dugu data seinalatu bakar bat ere galdu nahi eta adibidez, larunbatean Pirritx eta Porrotxek Eskoriatzan emandako ikuskizunera joan ginen (mila esker emandako berotasunagatik!) eta igandean Alavés-Espanyol partidua ikustera eta Gasteiz ezagutzera joan ginen (eskerrik asko Alavés sarrera horiek oparitzeagatik!

 

WhatsApp Image 2016-11-19 at 19.29.35
15168818_1774707672804090_2029479083262047599_o

 

Baina tira, bihar “Hizkuntzak opari” jaialdia dugu eta entsaiatzen jarraitu beharra daukagu, beraz, hementxe utziko dugu kronika. Ah, eta bihar goizean Gasteizera berriro, Hizkuntza Politika Sailburuordetza bisitatzera!

 

Eta biziberritzearen brujulak iparraldera eraman gintuen

[Beñat Garaioren kronika]

Aste apur bat arraroa izan zen, astearteko jai egunarekin lanerako erritmoa apaldu behar izan genuelako. Ordainetan, irteera gehiago (gehiago?) egin genituen eta ezin esan interesgarriak izan ez zirenik.

WhatsApp Image 2016-11-02 at 10.35.33

Asteazkenean Nafarroa aldean izan ginen, Tafallan, hain zuzen. Goizean
Tafallako Ikastolara joan ginen eta izugarrizko harrera egin ziguten
bertako ikasle eta irakasleek: dantzak, janaria, borondate ezinhobea
istorioak eta ikuspegiak partekatzeko,… Arratsaldean, berriz, Txalaparta
argitaletxera joan ginen, horrelako testuinguru batean euskal argitaletxe
bat nola abiatu eta sendotu daitekeen jakiteko. Bisita honek ere bazuen
bere indarra gure ikasle-partaideentzako, izan ere, Euskal Herrira etorri
zirenean batzuk argitaletxe bat sortzeko interesa azaldu zuten.

Ostegunean ere kanpoan izan ginen, Mintzola Fundazioan eta Ekogunean, hain zuzen ere. Goizean, hortaz, Villabona aldean izan ginen Bertsozale
Elkartearen eta Mintzola Fundazioaren egoitza ikusgarria ezagutzen. Karlos Aizpurua gidari genuela, bertsogintzaren nondik norakoak ezagutu genituen, Mintzolak transmisioa eta dibulgazioarengatik egindako guztia ezagutzeaz gain. Artxiboa ikusteko aukera izan genuen eta historian grabatutako lehen bertso biniloa ere ikutu genuen.

WhatsApp Image 2016-11-07 at 11.05.45
Arratsaldean, berriz, Ekogunera joan ginen eta ekologiak eta aniztasunak
duen garrantziaz jabetu ginen, baita “balio gainbehera” hau iraultzeko
zertzelada batzuk jaso ere.

WhatsApp Image 2016-11-07 at 11.04.59

Ostiral goizean hasi zen gure asteburua, ordea, Iparraldera joan baikinen
berehala. Asteburu osoan Seaskako Xan Aire lagun eta gidari genuela,
Biriatuko ikastola eta Baionako kolegioa eta lizeoa bisitatu genituen.

WhatsApp Image 2016-11-037 at 10.49.59

Urte bete duen Biriatuko Ikastolan

“Gure haurrei ze hizkuntza utziko diegun pentsatu behar dugu, baina gure hizkuntzari nolako haurrak utziko dizkiogun ere”
– Xan Aire

WhatsApp Image 2016-11-07 at 10.49.57

Gabriel nahuatl-ak Biriatuko haurrei nahuatlerazko kanta bat oparitu zien

WhatsApp Image 2016-11-07 at 10.49.3325

Baionako Etxepare lizeoan esperientziak elkarbanatzen

Interesgarria izan zen Iparralden ikusitako irudi hau Aditu Ikastaroko
partaideekin partekatzea, ikastola hauek testuinguru oldarkor eta zailago
batean baitaude. Hori izan zen, oro har, ikasle askoren gogoeta asteburua
amaitzean: “Iparralderekin ezaugarri gehiago partekatzen ditugu eta hemen ikusitakoaz abiatu beharko ginateke“.

Edonola ere, ostiralean bertan Lurrama Laborantza iraunkorraren azokara ere joan ginen, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak antolatzen du ekimena eta Ekogunean jasotakoa beste esparru batean zabaltzeko eta lurraren eta hizkuntzaren arteko lotura estutzeko balio izan zigun.

Larunbat goizean Amikuzera joan ginen eta bertako ikastolako Euskaraz bizi komisioko Laida Harluxete gurasoarekin egoteko plazerra izan genuen.

Bertan aipatu genuen hizkuntzaren berreskuratzea ez dela hezkuntzari mugatzen, baizik eta gurasoek eta orokorki jendarteak ere zer-egina daukatela.

Horretaz, bertzeak bertze ari ginen Zabalik elkarteko kideekin ere (Mattin Irigoien, Jean-Mixel Poxelu eta Jean-Claude Maillarin-ekin).

Amikuzeko euskara elkartea eta Urepeleko Adur Euskara elkartea dira Iparraldeko bakarrak eta guk biak ezagutzeko abagunea izan genuen.

WhatsApp Image 2016-11-07 at 10.49.078

WhatsApp Image 2016-11-07 at 10.49.0º7

Are gehiago, euskararen aldeko mugimendua diskurtso eta ideologia mailan zokoratuta dagoenez, biak halako biak irtenbide eta ikuspegi berriak gogoetatzen ari dira hizkuntzaren biziberritzearen alde eta ikasketa polita izan zen.

Horretaz gain, Urepelen hitzaldi bat eman zuten Xan (Adur-en partez,
oraingoan), Garabideko Maddi eta gurekin dauden kide aimara eta baribarrak, hizkuntza gutxituen egoerak partekatzen dituen egoera asko daudela ikusarazteko. Giro atsegina eta kitzikagarria izan zen Urepeleko eskolan bizitakoa eta herritarrekin mahai inguru polita izan genuen.

WhatsApp Image 2016-11-07 at 09.11.03
Egunari amaiera emateko, Bankara joan ginen herrikoekin batera parranda
ederra botatzeko: zenbat dantza, kantu eta algara!

Asteburuari amaiera emateko, igandean Esnazun bazkaldu genuen, janari goxo eta paraje ezin hobe batean, eta Xan bera eta Garabideko Karine agurtu ondoren itzuli ginen Eskoriatzara, gaurtik aurrera badugu eta nahikoa lan eta eskola!

Aste honetan ere ez gara geldirik egon: hainbat komunikabideri bisita (+ Gipuzkoako Foru Aldundia + Pello Zabala)

[Beñat Garaioren kronika]

“Itxaroten egotea aukera bat da, baina norberaren ekimenarengatik fruitu asko lortu daitezke”

Goienako Iban Arantzabalen aipu honekin hasi nahiko genuke, hori izan baitzen komunikabideei egindako bisiten ostean gure gogoan iltzatuta gelditu zitzaigun ideia. Izenburuan jartzen duen bezala, hainbat bisita egin ditugu astean zehar, zein baino zein interesgarriagoa.

WhatsApp Image 2016-10-25 at 11.18.40

Lehenik eta behin, asteartean, Berriara joan ginen, Andoaineko Martin Ugalde Kultur Parkera. Ikusgarria izan zen jakitea zein egoeratan sortu zen hedabide hau (Euskaldunon Egunkariaren ostean). Zehatzago esanda, Egunkariak, itxi zutenean, 15.000 ale saltzen zituen egunero, baina ondorengo egunetan atera zuten “Egunero” egunkariak 80.000 ale saldu zituen: gizartearen erantzun masiboaren lehen froga. Bigarren froga hauxe: 5 milioi euro lortu zituzten denbora gutxian BERRIA aurrera ateratzeko, baina ez edozein modutan: akziodunek ezingo zuten 10.000€ baino gehiago jarri, hedabidearen independentzia mantentzeko.

Batzuk galdetu zuten: “Akziodunek ez dute etekin ekonomikorik nahi?” Eta bisita egin zigun Andonik erantzun zuen ezetz, ezta berrialagunek ezta inork ere ez. Horien sostengua Euskal Herriko proiektua diruz lagundu nahi dutelako da eta irabazi asmorik eza akziodunen biltzarretan 50 pertsona elkartzen direla da.

 

Hedabide ezberdina sortu nahi izan zuten, hasiera-hasieratik, eta horren adibidea da igandeetan lanik ez dutela, langileen duintasunagatik. Antza, praktika hau nahiko ohikoa da herrialde eskandinabiarretan. Igandeetan alea, orduan, astekari modukoa da ia, aldez aurretik landu baitute edukia.

Gaur egun, internetaren eraginez albisteak denbora gutxian iristen dira herritarrengana, beraz,  paperak berri horiengandik ezberdindu behar du, esaterako, albiste hori era sakonagoan jorratuz. Hori egiten hasi da BERRIA, baina fenomeno honen albo ondorioak agerikoak dira: diru-sarrerak murrizten dira interneteko ataria doakoa jartzen baduzu. Euskararen egoerak ezin duenez muga gehiago izan, BERRIA.eus guztiz doakoa da, baina diru sarrerak bermatzeko sortu zuten BERRIAlaguna.

Irudimena behar da gaur egun irakurle gehiago lortzeko, eta esaterako, BERRIA burubelarri ari da horretan. Adibidez, Trixertak kamiseta sonatuak hedabidearen ikusgarritasuna areagotzeko diseinatu ziren; eta bestalde, BERRIA merkataritza lokala sustatzeko ekimenak antolatzen ari da bere izena herritarren artean egon dadin.

Gure ikasleetako batek galdera bikoitza egin zion Andoniri eta interesgarria iruditu zaigu hona ekartzea.

Zein da zuen editoriala?

BERRIA neutrala izaten saiatzen dela adierazi zuen Andonik, baina euren burua definitzerako orduan lau hitzetan laburtu zuen: “Abertzale, euskaltzale, aurrerakoia, berdintasunaren aldekoa”. Zentzu honetan, Andonik gaineratu zuen zaila dela ideologia guztiei oreka egitea, baina hauteskunde batzuetan saria eman zieten BERRIAkoei neutralenak izateagatik. Kasualitatez,  alderdi guztien kexak jaso zituzten hauteskunde horietan haien neutraltasun faltagatik.

WhatsApp Image 2016-10-25 at 11.18.40 (1)

Nolako hizkuntza erabiltzen duzue BERRIAn? Laburdurak erabiltzen dituzue Twitterreko kontuan?

Azken galdera honi ezezkoa eman zion Andonik, euskara bezalako hizkuntza batentzat eredua izan behar duelako gure egunkari nazionalak. Batuan egiten dutela gaineratu zuen eta azpimarratu hamar pertsonako lan-taldea dutela egunkariko edukietan euskara eredugarria izan dadin; “baita kazetari onena ere zuzentzen dute”. Garabideko kide batek BERRIAren liburu-estiloa eman zuen aditzera, esanez esparru askotan erabiltzen dela.

BERRIAri bisita egin ostean Gipuzkoa Foru Aldundira joan ginen, baina geroxeago kontatuko dizuegu hori. Izan ere, arratsaldean ARGIA aldizkarira joan ginen eta beste ekimen interesgarri bat bertatik bertara ezagutzeko plazera izan genuen.

ARGIA ere ekintzailetzatik datorren hedabidea da, bere garaian langileak zorpetu egin baitziren eta beste hedabideetan jardun baitziren aldi berean aldizkari hau abian jartzeko. Demagun antzeko ezaugarriak dituen hedabide bat hasiko dela. Ez zinakeen mesfidati egongo? Argiako kazetari asko Egunkariara joan ziren hau sortzera eta horretarako borondate irmoa zegoen denen partetik, euskarak behar zuelako. ARGIAk aurrera egin zuen, hala ere, eta beraien egitasmoaren berezitasunak indartzen joan ziren: kooperatiba modukoa sortu zuten, lankidetzan eta horizontalki hartzen dira erabakiak, pentsamendu propioa sustatzen dute

CvoMsILWIAAhqks

ARGIAk ere hizkuntza komunitatea du ardatz eta kontu handiz zaintzen dituzte kalitatea eta independentzia. Gainera, gizarte zerbitzua ere oso presente daukate eta adibidez, diru publikoa erabiltzen duten enpresei jarraipen arretatsua egiten diete.

ARGIA osatzen duten gainontzeko enpresak ezagutzeko aukera izan genuen, eta horrela, inprenta, informatika zerbitzua eta abarrak ikusi genituen. Enpresa hauen garrantzia handia da ARGIAren biziraupenean, izan ere, diru-laguntzez gain enpresa hauek ekartzen duten dirua funtsezkoa da aldizkari hau jasangarria izan dadin.

Oso gustora egon ginen Bego, Estitxu eta Landerrekin eta ikasle/kide askok ideia asko hartu zituzten euren herrietan erabiltzeko.

Hala ere, gure bisiten egitaraua ez zen hor amaitu eta ostegun goizean Arrasatera joan ginen GOIENA Komunikazio Taldea gertutik ezagutzera.

 

60.000 pertsona inguruko komunitate batetan euskarazko espazio hegemonikoak sortzeko egitasmo aitzindaria da GOIENA eta bisita honetan oso argi gelditu zitzaigun lezioa honako hau izan zen: gauza asko lortu daitezke baliabide gutxirekin; ez da punta-puntako ekipamendurik behar horrelako zerbait aurrera ateratzeko. Adibidez, beraien telebistako plato xumea garaje batean dago eta irudimenarekin duintasunez sortu dituzte hainbat material. Pello Zabalak eguraldiaren aurreikuspena egiten du skype bitartez, borondateko lanarekin eta aparteko teknologiarik gabe. ETB-n honek ez luke balioko, baina GOIENA-n nahikoa dute horrekin.

WhatsApp Image 2016-10-27 at 11.00.14

Enpresa bat da GOIENA, “bere nomina arazo eta guzti”, baina beste bokazio berezi batekin. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da, 43 langile ditu eta 35 bazkide, eta adibide batzuk jartzearren, lan-talde gaztea du (bataz beste 35 urte), gehiengoa emakumeak dira (%66) eta ondo prestatua (%80ak 2. mailako ikasketak ditu). Proiektua finantziatzen ere berezia da, bazkideez gain hainbat diru-iturri ezberdin dituelako eta gizartearen parte-hartzea nabaria delako. Dena den, GOIENA-ren muina komunitatea da: Deba Goienako euskaldunengandik abiatuta eta euskaldunentzako prestatua. Kazetarien lan-taldeaz gain, komunitateko partaideek ere parte hartu dezakete (Goiena app bezalako laguntzekin) eta horrek balio erantsia ematen dio egitasmoari. Esaterako, bolondres batek sarera igotzen duenak telebista saioan amaitu dezake. Gainera, edukia ia %100ean bertakoa da eta hor gertutasuna eta neutraltasuna indartzen dira. Ideologietatik gaindi dagoen ekimena da, euskara delako giltzarria.

Zaila da oreka bilatzea, baina hori da zehar-lerro, hizkuntza komunitatea delako garrantzitsua, piramidearen goialdean dagoena. Hori dela eta, jende asko hurbiltzen ari da egitasmora, izan  Debagoienako euskaldunak, babesleak, alderdi politikoak,…

Cvw8t1qWcAAqFyT

Bisita honekin amaitzeko bi iruzkin gehitu nahiko genituzke. Lehenik eta behin, GOIENA-ko lan taldeak irabazi duen dinamismoa burutu duten formakuntza eta espezializazioarekin. Telebista, irratia, egunkaria eta interneteko atarian jardun daitezke langileak eta horrela azkartasun eta indar handiagoarekin gehitu ditzakete edukiak GOIENAra. Ah! Eta publizistek ere garrantzia handia dute!

Bigarrenik, Garabideko batek Ibani galdetu zion ea euskalkian ala euskara batuan egiten al duten, eta erantzuna zuzena bezain pragmatikoa izan zen “hemengo euskara batuan egiten dugu”.

Cvw80kFWcAAWvOE

Goienatik Oñatira joan ginen bazkaltzera eta tripa ondo bete ondoren Pello Zabala agurtu genuen. Berak ere oso modu adeitsuan hartu gintuen eta arratsalde osoa eman genuen berarekin hizketan. Jakina, bazuen zer kontatua eta adi-adi entzun genituen bere bilakaera pertsonala, Goienan egiten duen lana eta eguraldiarekiko pasioa, eta Arantzazuko bazterren inguruko azalpenak.

WhatsApp Image 2016-10-27 at 18.40.12 (1)

Baina hasieran esan bezala, Gipuzkoako Foru Aldundian ere egon ginen astearte eguerdian. Markel Olano ahaldun nagusiak eta Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasunareko zerbitzu buruak hartu gintuzten sarreran, eta lehenengoaren elkartasun eta animo hitzen ondoren, Mikel Irizarrek Foru Aldundiak euskararen alde egiten duena azaldu zigun, bere lankide Izaro eta Joxeanen laguntzarekin.

Egiturek garrantzia handia omen dute eta Gipuzkoaren kasuan, “Hizkuntzan Berdintasunaren Zerbitzua” ahaldun nagusiaren organigramaren barruan dago, beste sailen eraginetatik kanpo. Beste era batera esana, zehar-lerrotasuna aitortzen diote euskalduntze prozesuari, ez soilik hezkuntza eta kulturarekin zerikusia izatea.

aaa

Asko harritu gintuen datu bat gaineratu zuten gerora, izan ere, 1991n GFA-ren funtzionarioen %15ek zeukan zegokien profila, eta 2011rako ehuneko hori %85eraino igo zen. Nola lortu zuten galdetu badiozu zure buruari, erantzuna honakoa da: hizkuntza alfabetatzea langileengan, ALET izeneko gaitze prozesua eta giza baliabideetarako berariazko politikak.

Kichwa batek euskalduntze prozesu honetan funtzionario elebakarren jokabidea jakin nahi izan zuen eta Mikelek batzuk euskalduntzearen aurka daudela/zeudela erantzun zuen, nahiz eta askok erretreta hartzen ari diren. Bestalde, aipatu zuen funtzionario elebakar batzuei ondo iruditzen zaiela beraiek euskalduntze egitasmo horien baitan sartzea, esate baterako, norberak bere hizkuntzan egin behar dela eskatzean, hau da, euskaldunak beti euskaraz, baita gaztelaniadun elebakarrekin.

Honetaz gain, Mikel Irizarrek berak gidatzen duen departamenduaren jarduna azaldu zuen eta haren lau zehar-lerroak:

  • Elkarbizitzarako diskurtso bateratua
  • Hizkuntza kudeaketaren teknifikazioa
  • Hizkuntza gatazken adierazpena eta gatazka horren konponketa eraikitzailea
  • Akordio sozial eta politiko iraunkor indartsuak

ad

Kide batek egindako galdera ireki bezain jolastiarekin amaituko dugu kronika hau: “Mikel, ikusita zure testuingurua zein den, zer komeni da, hizkuntza baten alde egiteko hautagaitza politiko batean sartzea edo kanpotik lan egitea?  Mikelek erantzun zion bere printzipioen aurkako zerbait eskatu izan baliote ez zukeela onartuko, baina zehazki aurkakoa eskatu ziotenez, hau da, zubiak eraikitzea, eskaintza onartu zuen. “Pentsatu, ni aurreko bost Euskara Buruen mahaian eseri naiz, baina ni orain arte beti beste aldean. Orain niri dagokit besaulki horretan esertzea

Komunikabideen gaian gehiago sakontzen eta bertso batzuk! (I)

[Beñat Garaioren kronika]

Urriko azken aste honetan ere bisita ugari izan ditugu, eta ez nolanahikoak, gainera. Sarrera bat propio igoko dugu irteeratxo horien berri emateko, baina Garabiden fin-fin egiten dugu lan eta eskolak ere izan ditugu, ohi dugun eran.

Egun hauetan komunikabideen modulua lantzen jarraitu dugu eta kultur ekoizpena jorratzen ere hasi gara. Lehenengoaren berri emango dugu lehenik, pasa den asteko kronikarekin lotura estua du eta.

Eneko Bidegainena izan zen jaso genuen eskoletako bat eta izan genuen zer ikasia, zalantzarik gabe. Zorionez, Iparraldeko egoeraren berri eman zigun Enekok eta gure ikuspegia osatzeko ere balio izan zigun, dena ez baita EAE.

Lehenik eta behin, HUHEZIko irakasleak XX. mendea euskaldunak Frantziako egitasmo politikoan sartzeko garaia izan dela aipatu zigun. Horren ondorioz, Pirineoz bestaldeko hiru lurraldeetako euskaldunek hizkuntza utzi dute/zuten, pentsatuz hizkuntzak ez duela frantsesak bezainbesteko baliorik. Horretaz gain, lurralde zatiketa honek ahalbidetu du Euskal Herria/Basque Country/País Vasco izendapenen esanahia txikitzea eta horren ondorioz, gainontzeko lurraldeetaz ahaztera behartu gaituzte kanpotik datozkigun diskurtsoek. Diskurtso horiek, baina, eragina dute gure jokabide eta erakundeetan eta Euskal Telebistaren adibidea partekatu zuen. Enekoren esanetan, ETB euskararen biziberritzerako eta Euskal Herriaren nazio eraikuntzarako eragile garrantzitsua izan behar zuen, baina bere irismena mugatua izan da. Izan ere, EITBk Iparraldeko albisteak sartzen ditu soilik Espainiarentzako interesgarria denean , horrenbestez, Iparralden ez dute interes handirik EITBn; eta hori gutxi balitz, Nafarroa ere bere espazio bila dabil EITB-ren barruan.

Azkenean, Iparraldean bertako irratiak izan ziren bidea egin zutenak, erraz sartu baitziren etxeko zokoetara, nahiz eta baliabide gutxiko ekimenak izan. Komunitatearen muinetik sortutako ekimenetatik abiatuta hasi ziren berriro iparraldekoak euren hizkuntza maitatzen.

Eneko Bidegainek tokiko komunikabide euskaldunei aitortu zien ardura eta garrantzia, beraien irismena komunitatean errotuta dagoelako. Antza, gaur egun 90 komunikabide inguru daude, eta guztira, 600 langile. Ikusi daiteken eran, jende asko ari da lanean tokiko komunikabideetan, baina baliabideak gaizki baliatuta daude; estrategia behar da. Ez dago, adibidez, marketing sail edo finantza sail bateraturik eta hedabide txiki bateko kazetariak egin behar ditu lan horiek.

Aitor Zuberogoitia HUHEZIko irakaslearekin egon ginen hurrena eta bere doktoretza tesia partekatu zuen gurekin. Berak Egin, Le journal, Gara, Enbata eta tankerako komunikabide elebidunetan euskararen presentzia aztertu zuen. Bere emaitzen argitan, prentsa elebidunaren eraginak kontraesankorrak dira. Izan ere, kuantitatiboki, denbora joan ahala, gutxiago erabiltzen da (hazi beharrean); eta kualitatiboki ere, euskera gai jakin batzuetara mugatzen da, bere potentzial guztia garatu ezinda.

Hau honela, prentsa elebiduna traba da Txepetxen AB/BA hiztunen hizkuntzaren erabilerarentzako, gabezia honetatik motibazio falta datorrelako, eta hortik,  espazio sinbolikoa sortzeko ezintasuna.

Adibide ezin argigarriago bat partekatu zuen gurekin, komunikabide elebidunen patua azaltzeko.

Iparraldean, 80. hamarkadan,  Mitterrand orduko presidenteak apustua egin zuen irrati uhinak liberalizatzeko. Elebiduna/euskalduna zalantza izan zuten Iparraldekoek ere eta Radio Adour Navarre elebiduna sortu zen; eredu elebidun horren aurrean, aldiz, Gure Irratia irrati euskaldun elebakarra sortu zuten. Orduan, Radio Adour Navarrek esan zuen, “Mitterrandek hitz eman du kate publiko euskaldun bat, zer ari zarete?”, eta Gure Irratia-ren erantzuna “orduan ikusiko dugu” izan zen. Azkenean, kate frantses batek RAN jan zuen eta Gure Irratiak modu prekarioan hasita, lau kate dituzte eta 30 langile, euskararentzako espazio bat sortuz

Eta anekdota bat orain, txutxumutxuak gustatu baina duela ez hainbeste jaio ginenentzako: garai berean “Euskal kazetaritzaren urtea” aldarrikatu zuten eragile batzuk, argudiatuz “euskarazkoa izan behar du[ela] prentsak, bestela ez baita euskal”. Ez bada urtearen amaierarako euskal prentsa sortzen, tranpa izango da euskararen etorkizunerako”. Bete al zen beraien iragarpena?

Bukatzeko, Aitorren klasean gurekin dauden herrietako komunikabideen diagnostiko sakon bat egin genuen. Hitzez hitz esan zutena errepikatu gabe, hauxe da egoera jatorrizko hizkuntza erabiltzen duten komunikabideena:

  • Aldizkari elebidunak egon badaude, baina euskal prentsak zuen/duen ataka berdinean daude. Gainera, batzuetan ekimen hauek enpresek edo bestelako erakundeek bultzatzen dituzte, euren jarduna modu xamurragoan sozializatzeko.
  • Eliza askotan azaltzen da hainbat komunikazio egitasmo bultzatzerako orduan
  • Telebista eta irrati kate publikoetan hizkuntza gutxituen erabilera oso eskasa da, behar bada, bi astean behin ordu betez. Adibidez, Correa Ekuadorreko presidenteak 5 orduko saioa du eta kichwara itzultzen dute bere hitzaldia, ordu erdi eskasean
  • Irrati komunitarioen sarea aberatsagoa da, baina hizkuntzaren erabilera oraindik ere ez da nahikoa
  • Kasu batzuetan, aimarak Bolivian bezala, lehen jatorrizko hizkuntzen egoera komunikabideetan hobea zen
  • Gazteentzako erakargarriak diren edukiak sortzen asmatu beharra dago

Aipatu bezala, kultur ekoizpenaren ikasgaiarekin hasi gara aste honetan eta Garabiden bertsojale asko dagoenez, batzuon artean bertsolaritza azaldu genuen gure kideen aurrean. Historia, ezaugarriak eta adibide batzuk partekatu genituen; eta puntutan ere aritu ginen apur bat. Zorionez, Garabideko sare sozialetaz arduratzen dena ez zegoen klasean eta ez dago kantaldi antzu horren lekukotasunik. Europa bat-batean ekimenean beste inprobisazio eredu batzuekin egindako uztarketa erakutsi genien, gaineratuz ahaideen arteko lankidetzak eta elkartasunak emango dizkigula fruituak.

Horren ondoren, ikasle/kideek euren herrietan dituzten inprobisazio esperientziak eman zituzten ezagutzera. Gaia ez da oso ezaguna euren/gure artean, baina adibidez, nahuatl hiztunak esan zigun bere herrian nahuatl eta totonakoek badute ahozko inprobisaziorik; xoxopitzahua deritzo modalitateak. Txapelketak ere badituzte eta bi gai zehatz eta libre bat jartzen zaie. Ikusleengan inpaktu gehien duenak irabazten du. Arte adierazpen hau herriarena da, baina Puebla estatuko kultura zirkuitu komertzialetatik kanporatu dute, gaztelaniatze prozesu baten ondoren.

Kachua izenekoa da aimaren eredua, inauterien inguruan eta azaroan egiten zena. Mutilak eta neskak bere aldetik aritzen ziren eta normalean gazteak ziren parte-hartzaileak,  uzta ona eskatzeko. Zoritxarrez, orain ez omen da egiten komunitatean.

Mexikoko mayetako batek “Contrapunteo” deritzona aipatu zuen, esanez,  Mexikon, Kolonbian, Venezuelan, eta beste hainbat herrialdeetan behatu daitekeela, baina Yucatanen, esaterako, ez. Bestalde, Aramaioko indigenak euskaldun askok ezagutzen ez genuen adibidea aipatu zuen: Zuberoako txikitoak, non elkarren aurka biraoak esaten ziren bat-batean, laguntasunetik abiatuta.

Bukatzeko, kichwa batek aipatu zuen Ekuadorreko bi eskualdetan kopla modukoak inprobisatzen dela. Pertsona berak gure artean apur bat ahaztuta dagoen eztabaida piztu zuen: “dena (praktika kulturalei buruz mintzatzean) lehiakortasunean amaitzen da, ekintza horren funtsa eraldatuz, eta joera hori ekidin beharra dago“.