Zer arraroa jatorrizko hizkuntzarik gabe, Nafarroa!

[Beñat Garaioren kronika]

“Sería en verdad una actitud ingenua esperar que las clases dominantes desarrollasen una forma de educación que permitiese a las clases dominadas percibir las injusticias sociales en forma crítica” (Paulo Freire)

Bigarren astearen amaiera ere soziolinguistika lantzen eman genuen, Iñigo Arteatx eta Jon Sarasuaren eskutik. Bi irakasleek elebakarren ideologia oztopotzailea jorratu zuten, hizkuntza hedatzaileen dinamika glotofagikoa azaltzeaz gain. Egoera gutxitu batean hizkuntza hedatzaileetako hiztun batek bere balioa areagotzen du eta elkarrizketetan berea da hizkuntza “inposatzeko” boterea. Batzuetan hizkuntza gutxitua erabiltzea errespetu falta omen da, eta Imbaburako kichwa batek honako pasarte hau partekatu zuen. Bere udaletxeko bileran %95 indigena kichwa hiztunak dira, baina udal-batzarretan jatorrizko hizkuntzetan hitz egiten hasten direnean mestizo urri horiek protesta egiten dute, esanez “mayor respeto, aqui habemos gente que no hablamos”. Baina norena da errespetu falta? Iñigoren lagun batek esaten duena interesgarria iruditu zaigu: “Lagun bati kafe bat ordaintzea keinu polita da, baina aldiro kafe bat ordaintzea ez da eskuzabaltasuna, hori subordinazioa da

Horren argitan, jakizu elebakarra zarenez muga batzuk dituzula eta horri aurre egin behar diozula. Ezin dituzu denak manupean izan zure mugak inposatuz.

Iñigo Arteatx

Iñigo Arteatx soziolinguistikaren oinarriak azaltzen

Hizkuntzak biziberritzeko hainbat ekimenen aurka azaltzen da gizarteko sektore bat, argudiatuz diskriminazio positiboa gehiegizkoa dela. Horren aurrean hizkuntza-ekologiaren printzipioak erabili genitzake, zeren berdina pentsatzen al da animaliak zaintzerako orduan? Iñigo kinka horretan jarri zen eta aldarri hau bota zuen: “¡Qué se organicen las ballenas, a mí no me incumbe!

Dena den, komunitateko elebakarrak ez dira beti etsai okerrenak hizkuntza biziberritzerako orduan eta Viviana Garabideko kideak dio “borroka ankerrena etxe barruan gertatzen dena d[el]a, zure etsai okerrenarekin lo egiten ari zarenean“. Nasa yuween kasuan, Kolonbiako estatuarentzako oso komunitate txikia, okerragoa da nasa agintarien jokaera zikoitza hizkuntzarekiko, folklorizazio hutsala bultzatzen ari direlarik.

Oztopoak oztopo, hizkuntzak nahitaez funtzioak behar dituztela  ikasi genuen, funtziorik gabe bere biziraupena oso zalantzakorra delako. Behetik gorako lana da egin behar dena, eta adibidez, gurekin dagoen maya yucateko batek bere familia osoko hizkuntza dinamikak aldatu zituen, bere borondatea praktikan jartzearen ondorioz. Hain zuzen ere, Jon Sarasuak eskatu zigun gobernuei eta indar makroei ardura gutxiago aitortzeko eta norbere esku dagoen guztia egiteko, horrek aktibatuko baitu benetako aldaketa. Hots, Jonen esanetan hizkuntzaren berreskurapeneko prozesu honen palanka nagusia espazio pertsonalean hasten da, hori baita norberaren jokaleku esklusiboa. Norberaren aukera da eta “nire eta nire inguru afektiboaren eremua da, zelai politiko eta pre-politiko bat da“. Horrela lortuko da “Aquí todavía se habla castellano”-tik “Aquí ya se habla en la lengua originaria” egoerara pasatzea.

Kosmobisioa eta hizkuntzaren arteko dema izan zen azaldu zen beste gaietako bat, zalantza esistentzial potolo samarra azaldu baizitzaigun: zer da garrantzitsuagoa, norberaren pentsamendu sakona mantentzea edota hizkuntza? Kichwa batek esan zigun euskaldunek duten hizkuntza-biziberritzearen arrakasta esanguratsua dela, baina kulturalki espainiarrengandik ez dugula alde handirik.

Emakumeen berdintasuna eta ahalduntzea ere landu genituen beste modulu batean Nora Etxaniz eta Amelia Barquínekin. Lehenengoak ahalduntzearen bilakaera historikoa azaldu zuen, baita berdintasunaren tresnak zeintzuk diren ere. Bigarrenak, aldiz, heteronorma, androzentrismoa, sexismoa eta hizkuntzaren erabilera baztergarria landu zituen (bide batez, hizkuntzak ez dira sexistak; erabilera bai). Eztabaida interesgarriak azaldu ziren eta bakoitzak etxetik dakarren ikuspegian berdintasuna txertatzea erronka interesgarria dela ikusi genuen.

161017 Amelia Barquin

Amelia Barquin “Generoa eta hizkuntza” tailerrean

Asteari amaiera emateko, igandean (atzo) Nafarroa Oinezera joan ginen egun pasa eta Vianan ere ongietorri polita egin ziguten Unai Arellano eta “Txikiak Haundi“-koek. Hainbat kontzertu ikusteko aukera izan genuen, adibidez, Izaki Gardenak eta ETS, eta Trikidantzekoekin astindu ederra eman genion gorputzari. Goiz itzuli ginen Eskoriatzara, aste honen hasieran hizkuntzaren corpusa landu behar dugulako Jon Sarasua eta Andoni Barreñarekin eta Kike Amonarriz etorriko zaigulako.

Nafarroa Oinez

Nafarroa Oinezen ikastaroko eta Txikiak Handiko kideekin

Txikiak Handi

Hartu, Tenka, Tira lelopean, Nafarroa Oinezen ekitaldi nagusian izan ziren ikastaroko kideak

Jarraituko dugu egiten dugunaren berri ematen! Ondo hasi astea!

Erantzun bat “Zer arraroa jatorrizko hizkuntzarik gabe, Nafarroa!” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude