Euskararen periferia

UEUko udako ikastaroak Gasteiztik ere igaro dira. Ekainaren 30ean bi izan ziren IAK kulturgunean; izenburuak zein baino zein iradokitzaileago: lehena, Euskararen periferiak / periferia euskaldunak: esperientziak eta oinarriak eta bigarrena, Gaur egungo Euskal Herria, kolonialismoaren emaitza al da? Pena bietara joan ezina. Gainera hasieratik nahiko nabaria zen bi gaien arteko gurutzaketa interesgarriak egon zitezkela.Lehenean egon nintzen ni.

Antza denez Edurne Azkarateri Hala Bedi irratian egin zioten elkarrizketa batean sortu zen ikastaroaren ideia. Elkarrizketa hemen: https://halabedi.eus/es/halabeditarrak-edurne-azkarate-jendea-nazkatu-egin-da-bigarren-mailako-euskaldun-izateaz/ Edurne Azkarate bera ikastaroan egon da eta oso ideia probokatzailea bota zuen: Periferiako euskaldunok behar-beharrezkoak gara, erdiguneko euskaldunek Euskal Herriaz duten irudiari eusteko. Gu gabe, haiek ere ez lirateke izango.

Periferia ezberdinak daude eta dira. Hiztun berri arrazializatuak periferiakoak dira. Herri erdaldunduetako euskaldunak periferikoak gara. Emakumeak periferikoak dira. Are gehiago genero-disidenteak. Funsezko ideia da intersekzionala, nahiz eta ikastaroan esplizituki apenas aipatu.

Dane Sarriugarteren aipu batekin ere gogoratu naiz. Erdi brometan eta erdi serio esan ohi du, eredu heteronormatiboa den gizon zuri, hetereo, zis, klase ertainekoak baduela euskararen mundua parekide bat: gipuzkoarra, euskaldun zaharra, landa eremukoa… Horiek omen dira euskararen erdigunea, eta. hortik kanpo, periferietan bizi garen guztiok, disidenteak gare. neurri batean edo bestean. Broma bat da, jakina… baina, aitortu behar da, duela ez horrebestera arte, bazegoela halako ideia bat gure imajinarioan..

Aspalditxo Oionen antolatu zen Araba Euskaraz gogoratu dut. “Non eta mugan” leloa erabili zuten erdiguneko jendea erakartzeko. Abestia ere sinplea zen, baina zuzena:  Hor konpon Araban Euskaraz! Hor konpon mugaraino goaz! Inpresioa dut mezuak eta leloak ederki funtzionatu zutela.

Ondoko ikastaroan ez dakit zertaz hitz egin duten. Zeozer jarraitu dut sareetatik baina ezer gutxi. Pentsamendu dekolonialetik irakurri dudan apurrak Gloria Anzaldua antropologoaren izena ekartzen dit gogora. Bere pentsamenduak badu periferiarekin zerikusirik, berak mugalde kontzeptua erabiltzen badu ere. Izan ere Anzalduak mugalde(ak) kontzeptu hori landu du, ikuspegi dekolonialetik. Haren hitzetan mugaldea espazio liminal bat da (nola esaten da liminala euskaraz?), non kulturak, hizkuntzak eta identitateak gurutzatzatu egiten diren, batzuetan elkarrekin talka eginez eta beste batzuetan txirikordatuz. Mugaldeak disputa-guneak dira. Identitateak etengabe negoziatu behar direneko lekuak: egokitu eta berreraiki, harik eta identitate hibridoak osatu arte. Mugaldeak ez du zertan kutsu negatiboa izan: autodeskubrimendu-prozesua ere bada, gogoetarako gunea, espazio sortzailea… 

Mugaldea zubia ere bada: bi alde lotzen dituen egitate bat. Esan gabe doa, Ainzalduak mugaldeaz hitz egiten duenean ez dela soilik mugalde geografikoez ari. Anohni and the Johnsons taldeak diska oso bat sortu zuten Ainzalduaren ideia horretan oinarritua: ‘My Back Was A Bridge For You To Cross’. Hemen: https://anohni.bandcamp.com/album/my-back-was-a-bridge-for-you-to-cross-2

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude