Translinguismo jasangarri baterantz

Translinguismoa zer zen oraindik ere usaintzen ez genuenean, gai horietan zuhur ibiltzeko entzun nion IƱaki Mtz de Lunari… hizkuntzaz ari ginelarik, ezin genuela edozein joera berri adoptatu, soilik berria delako, inolako ikuspegi kritikorik gabe. Hezkuntza arloko hainbat laguni ere beren ezinegona entzun izan diet: “Hori da berrikuntza pedagogikoa? Beste hizkuntzei atera irekitzea? Ez genuen esaten eskola arnasgune izan behar dela?”

Translinguismoari buruzko apunte batzuk hona ekarri nituen: https://www.garabide.eus/blogak/allartean/2024/09/22/translinguismo-espontaneoa/

Egia esan, kontzeptua bere bidea egiten ari dela iruditzen zait. Ez dakit eskoletan norainoko sarbidea izan duen, baina, edonola ere, kezkagarria bada.

Aurreko asteetan horri guztiari buruzko artikulu bat irakurri nuen Journal of Multilingual and Multicultural Development  aldizkarian: Towards sustainable translanguaging: reconsidering its role in minority language education. https://doi.org/10.1080/01434632.2026.2612960 Translinguismo jasangarria! Ekarpen interesgarria iruditu zaitzaidan gauzak bere lekura ekartzeko.

Portzierto… [parentesia ireki] bitxia da beste hizkuntzetako “sostenible / sustainable” hitza euskaraz egin duen bidea. Euskaltzaindiak “iraunkor” proposatu zuen eta kritika bat edo beste jaso zuen, “crecimiento sostenido” eta “crecimiento sostenible” azken batean kontrako gauzak izan zitezkeelakoan. Batzuek “jasangarria” erabiltzen jarraitu zuten (genuen) harik eta euskaltzaindiak ere onartu arte. Gustatzen zait “jasangarria” hitzak duen konnotazioa: ez da “sostenible”, baizik eta “soportable”. Ez da nahi genukeena… baina okerrago izan zitekeen. Gaitzerdi… baina gaitz. [itxi parentesia]

Artikuluak zer dioen?

Translinguismo pedagogikoaren onurak aipatzen ditu: 

  • Burmuin eleanitzaren egiturarekin bat dator.
  • Emaitza onak ematen ditu, hizkuntza eta edukia batera ikasi behar direnean. 
  • Lagungarria da nolabaiteko andamiaje kognitiboa eraikitzeko.
  • Kontzientzia metalinguistikoa sustatzen du.

Gainera, inplikazio afektibo eta soziokultural garrantzitsuak dituela aipatzen du, eta neurri horretan justizia soziolinguistikorako marko egokia dela, gelan dauden hizkuntzak guztiak aintzakotzat hartzen baititu.

Edonola ere, aitortzen du onura horiek guztiak hizkuntza gutxiturik ez duten espazioetan jaso direla; eta, oro har, hizkuntzen arteko ezberdintasun estrukturalak ahazten dituela. Translinguismoa (ondo planifikatua ez dagoenean) hierarkia linguistikoak erreproduzitu egiten ditu eta, hortaz, hizkuntza hegemonikoak desplazatu egiten du hizkuntza gutxitua. 

Hiru baldintza jartzen ditu translinguismoa benetan jasangarria izateko:

  • Eskoletan, edonola ere, euskarak hainbat arnasgune izatea, hau da, euskara nagusi izaten jarraituko duen guneak edota egoerak bermatzea.
  • Ondo pentsatzea translinguismo pedagogikoa nola eta noiz inplementatu. Ikas-jarduera guztietan euskara presente egon eta beharrezkoa izatea ataza burutzeko. Helburua izan behar du euskarari presentzia gehiago emateak, ez alderantziz
  • Ikasleen kontzientzia soziolinguistiko kritikoa lantzea eta, horretarako, irakasleen formazioan ere eragitea.

Ez dakit gaur egun gure eskoletan hiru baldintzak horiek ematen diren, baina, esan bezala, testu interesgarria iruditu zitzaidan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude