 Gustura jarraitu ditut Topaguneak egin berri duen topaldiaren hitzaldiak. Apunte hauek hitzaldiak entzun ondoren idatzitakoak dira.
Gustura jarraitu ditut Topaguneak egin berri duen topaldiaren hitzaldiak. Apunte hauek hitzaldiak entzun ondoren idatzitakoak dira.
APUNTEAK
Bat.- Nonbait irakurri dut aktibazioa propietate bat dela motibazioari energia ematen diona: egin nahi izatetik egin egitera daraman energia, alegia. Ez da azalpen txarra!
Bi. – 2013ko Udaltop jardunaldietan ere aktibazioa aipatu zen sarri. Handik Eduardo Apodakaren hitzaldia dut gogoan. Oker interpretatu ez banuen, gakoa zentzugintza dela defendatzen zuen: alegia, gauzak zergatik eta zertarako egiten ditugun (egiten ditugun gauzak zein egiten ez ditugunak). “Praktika esanguratsuak” zentzuz ondo horniturik egiten ditugunak dira. Horri buruz hemen irakurri ahal duzue.
Hiru. – Aktibaziotik aktibismora jauzi semantiko txikia dago. Pragmatikaren ikuspegitik begiratuta, ez nago ziur jauzia horren txikia ote den.
Lau. – Ohartu zarete? Aktibismoa eta enprendizajea hitz berberarekin izendatu ohi ditugu: ekintzailetasuna. Jon Sarasuak, duela gutxi, elkarrizketa batean aditzera eman duenaren arabera, agian ez daude horren urrun: ekintzailetasun enpresariala eta ekintzailetasun soziala aipatzen ditu berak. Elkarrizketa hemen: Jon Sarasua, ekintzailearen atzean
Bost. – Elkarrizketa horretan ekintzailetasuna sorkuntzarekin lotzen du Sarasuak. Biak oso gertu daudela dio, existitzen ez den zerbait sortzea delako: «existitzen ez diren posibilitate batzuk pentsatzea, eta posibilitate horiek materializatzea». Stephen Hessel-en liburu txiki eta ospetsuaren hitzak ekarri dizkit gogora: «Sortzea erresistitzea da, eta erresistitzea sortzea da».
Sei.- Portzierto, ez dakit aktibismotik militantziara jauzirik ote dagoen… baina gustukoa dut Joxemi Zumalabe fundazioko kideek militantziaren zentzuaz egin duten lana. Bejondeila! joxemizumalabe.eus
