Joan-etorriko hizkuntza bidaia

300px-Basarri_eta_Uztapide

Sautrela saioan Manuel Olaizola “Uztapide” bertsolariaren Lehengo Egunak Gogoan liburuari buruz elkarrizketa bat ikusi nuen duela gutxi eta jakinmina sortu zitzaidan [elkarrizketa hemen ikusi daiteke]. Euskaltzaindiaren web orritik liburua eskuratu eta irakurtzeari ekin nion.

Liburua 1975ean argitaratu zen eta, kontu ugariren artean, Uztapidek bertan kontatzen du nola gaztetan hainbat hilabete eman zuen Gasteiz ondoko Zurbao herrian, gaztelera ikasten:

Erderaz, berriz, ez genekigun itzik, ara allegatu giñanean. Joan berria nintzan artean da joan giñan, ba, langa bat jartzera nagusia ta biok, eta ez dakit propio-edo; beintzat, palankarik ez genduan eraman, da nagusi orrek esan zidan:
-¡Vete a casa y que te den la barra de hierro!
Ni orduan bai zintzo joan nintzala etxera. Berrogei ta amar aldiz esango nuan nik bidean, da etxean, berriz, nagusiaren arreba atera zan atarira ta:
-¡Que te den la barra de hierro!
Parra piska bat egin zuan, baña nik nagusiak esandakoa egin nuan beintzat. Etzuten burlarik egiten. Gu okerragoak igual izango giñake. Saiatu egiten ziran erakusten.

Gizarte zientzietan autogorrotoa norberaren identitate kolektiboari uko egitea eta talde menderatzailearekin identifikatzea da. Kontzeptua Rafael Ninyoles soziolinguista valentziarrak ekarri zigun. Autogorrotoa, hortaz, norberaren hizkuntzarekiko sentimendu negatiboa da, talde linguistiko propioa gutxiestea eta harengandik urrundu nahi izatea.

Autogorroto izpirik ez, Uztapideren jarreran; harrotasun sano eta naturala baizik. Euskaldun eta euskahaldun peto-petoa da. Euskatzalea ere bai. Nabari-nabaria da liburu osoan zehar.

Gustatu zait Arabako eta Gasteizko euskarari buruz egiten duen gogoeta:

Euskera bizi dan erriak ere ez dira asko izango Araban, baña zerbait, Araian edo, zarren batzuek izango dira oraindik itzegingo dutenak. Baña oraingo gazteak ezin lezateke itzegin. Ango euskera joan da! Aldaketa aundiren bat etortzen ez bada beiñepein, len galtzen joan dan bezela atzera indartzen asten ez bada beintzat, akabo ango euskera ere! Billarrealen ere itzegiten zan geroxeagoan ere. An ere orain zarren batzuek itzegingo dute. Zar aiek bukatzen diranean, zeñek itzegingo du an ere euskeraz?
/…/
Bitorian ari omen dira batzuek orain euskeraz ikasten. Bitoriak ez du galdu egingo euskerarik. Ni egon nintzan an mutil koskorretan, eta an etzan orduan ere itzegiten euskerarik, oso gutxi ez bada. Ementxe Bizkaitik edo Gipuzkoatik joandakoren bat an bizitzen baldin bazegoan, aretxek itzegingo zuan; baña an bertan jaiotakoak beintzat, batek ere ez.
Orregatik esaten det Bitoriak ez duala galduko euskerarik; bada ere, irabazi. Berrogei ta amarrek ikasten badute ere, aiek geiago, eta galtzeko berdurrik ez.

Euskadi Irratian: Zurbao; joan-etorriko hizkuntza bidaia XX. mende hasieran erreportajea eman zuten duela gutxi. Han ere Uztapideren egonaldia kontatu dute, eta bera hartu zuten familia horietako ondorengoak elkarrizketatu. Euskaraz elkarrizketatu dituzte, haiek orain euskaldunak direlako, barnetegietan eta familia egonaldietan euskaldundutakoak, alegia.

Joan-etorriko bidaia, bai horixe!

1 thought on “Joan-etorriko hizkuntza bidaia

  1. Kuriosoa !
    Zurbaon bizi naiz eta gaur ere egoera berdinxamarra dugu .
    Gazte guztiak dakite euskeraz bainan uste dut erabiltzen duen bakarrenetakoa izango naizela

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude