Euskara, hegemonia, estatugintza, estrategia…

Euskal soziolinguistika teorikoan eta metodologikoan beste diziplinetatik datoz berrikuntzak, bostetik lau. Azken aldi honetan nondik? Ziur aski ez dira berriak, baina azken asteetan entzundako kontzeptu sorta polita datorkit burura: hegemonia, artikulazioa, subalternitatea…

Hegemoniaz horrenbeste entzun ondoren, gustatu zait Unai Apaolazak orain dela hilabete askotxo idatzitako artikulu luzea irakurtzea. Gauzak era sinplean eta argigarrian azaltzen ditu: “hegemonia da defendatzen ditugun helburu politikoak justuak, demokratikoak… hau da onak direla lortzea”, are gehiago, “hegemoniarako borroka da norberaren taldeak lehenesten dituen partikularrak unibertsal bilakatzea, /…/ normala dena eraikitzeko borroka da, /…/ jendarte batek izango dituen balioak marrazteko borroka”

Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian jardunaldian ere asko eta sakon jardun dute. Esandakoak urrundik jarraitu ditut, baina  Mario Zubiagaren pasartetxo batekin geratu naiz bereziki: kontua da etorkizunean emango diren kateamendu eta artikulazioetan, euskara ezinbesteko kate-maila bat izatea, eta zenbateko zentralitatea izango duen pentsatzea.

Gogoan dut nonbait irakurri dudala estatuak beti ere bi osagai dituela: estatu juridiko-politikoa batetik, eta gizarte zibila bestetik. Oreka desiragarria zein den ere pentsatu beharra dago beraz: estatu juridikoak zenbateko pisua behar duen eta gizarte zibilak zenbatekoa; estatu juridiko minimoa duten gizarteetan, estatu erreala gizarte zibilarengan baitatza. Gramsciren ideiak dira, oker ez banago.

UNESCO albistariak  Gerra eta Bakea Hizkuntzen frontean alea argitaratu zuen aspalditxo. Ez naiz metafora belizisten zalea, baina tira! Gramscik bereizketa interesgarri bat egiten zuela irakurri dut: maniobren gerra eta posizioen gerra. Horren arabera, maniobren borroka da mugimendu estrategiko egokiak eta ausartak ondo planifikatzea, helburura iristeko. Posizioen borroka ez da hori; posizioen borrokaren baitan lorpenak pausuz pausu eta kolpez kolpe irabazi behar dira. Posizioak irabazi eta posizioei eutsi.

Euskararen biziberritzearen lehen hamarkadetako prozesua maniobren borroka izan zen agian. Espazio publikoa hartu beharra zegoen: irakaskuntza, administrazioa… ahalik eta azkarren, ahalik eta gehien… Orain, gero eta sarriago entzuten da estrategia birpentsatu beharra dagoela. Baliteke estrategia hori, halabeharrez, posizioen borroka izatea: egunez egun lorpen txikiak eskuratu, espazio berriak irabazi eta espazioei eutsi; garaipen ikusgarririk gabe bada ere. Baliteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude