Euskararen "ofizioak"

Joan den astean aurtengo Udaltop Soziolinguistika Jardunaldiaren bideoak ikusten aritu naiz. Gauza interesgarri askotxo ikusi dut; Nekane Goikoetxearen hitzaldia, esate baterako: Euskara teknikariaren rolaz: ezagutzari ekarpena praktikatik. Bi ideiarekin geratu naiz:

  • Euskara Teknikariaren profesioa berria dela dio, “kontsakratu” gabekoa. Oraindik ere arian-arian sortzen ari garen profesioa, alegia.
  • Profesionalizazioan sakontzeko, praktika gogoetatsua proposatzen du.

Orain dela hainbat urte, euskaltegien berrikuntza kurrikularrari buruzko mahai-inguru batean parte hartzea egokitu zitzaidan. Eztabaida polita izan zen. Euskalduntze mugimenduaren indarraz aritu ginen. Irakasleak ondo baloratuak zirela defendatu genuen, jende inplikatua zela, eta orohar oso ondo ikusiak.

Ideia horrek, ordea, bazuen ifrentzua. Batzuen ustez, euskara irakaslea “azpi-ofizio” baten modukoa zen: jende sinpatikoa, dinamikoa, atsegina… bai; profesional peto-petoak ez. Irudipena zegoen euskara irakaslea -jende askorentzat- tarte baterako jarduna besterik ez zela: ikasi bitartean, edo beste zerbait aurkitu bitartean.

Orain bezala, orduan ere praktika gogoetatsua proposatzen zen: irakaslea ikerlari bihurtu, ikasgelan bertan ikerkuntza bultzatu, nork bere praktikaren gainean ikertu eta ikasi, irakasleen diarioak erabili, behaketa… Dinamika interesgarria sortu zen, emaitza handi-handirik ez.

Hitzaldia ikustearekin batera, Olga Esteve irakasle kataluniarraren izena etorri zait gogora. Euskaltegietako irakasleentzat praktika gogoetatsuaren inguruko hainbat ikastaro eman zuen. Beranduago, 2010ean, berriro ere Euskal Herrian egon da, Ulibarri programaren baitan antolatzen den Eskola Hiztun Bila jardunaldietan. Orain dela hilabete gutxi, artikulu bat argitaratu du Eusko Ikaskuntzaren Ikastaria aldizkarian: Entre la práctica y la teoría. Comprender para actuar (pdf). Merezi du irakurtzea.

Gustatu zait Nekane Goikoetxearen hitzaldia. Déjà vu baten modukoa izan da.
Source: Allartean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude