Euskaraldian matxinsalto

Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroari gutxi gelditzen zaio jada, hizkuntza gutxituetako aktibistak buru-belarri ari dira euren proiektuetan lanean. Lehenengo fasea atzean utzita ikastaroko kide bakoitzak espezializazio bat aukeratu du: helduen irakaskuntza, hezkuntza edo hizkuntza plangintza.

Datozen hilabeteotan komunitateetan gauzatuko den horren lehen pintzeladak marrazteko ordua iritsi da, euren proiektuei forma emateko garaia.

Hizkuntza plangintzaren moduluan Viviana González eta Beñat Garaio izan ditugu gurekin, besteak beste. Baina klaseez gain irteeraldiren bat edo beste egiteko aukera ere izan dugu! Pasa den astean Bermeon izan ginen, maila lokalean hizkuntza gutxituen normalizazio zerbitzua nola egituratu ikusteko. Indarguneei buruz hitz egin genuen, baina ikasketarako are aberasgarriago diren ahulguneak ere izan genituen eztabaidagai. Zer egin dugu ondo? zer dugu oraindik egiteko? eta hobetzeko?

Behargintzako langileekin ere hitz egiteko aukera izan genuen. Eusle metodologiaren inguruko esperientziak konpartitu zituzten gurekin. Polita izan zen lehen eskutik eurek bizitakoa sentitzea. Mila esker!

Egunari amaiera emateko Biziprest Saio batean parte hartu genuen. Saioaren hasieran ondorengo galdera luzatu zigun dinamizatzaileak: zein animalia lotuko zenukete Euskaraldiarekin?

Erlearen figura behin baino gehiagotan aipatu zen. Euskaraldian etenik gabe lan egitea tokatuko zaigu, sinkronizaturik gure etxea eraikitzeko. Intsektu hauen antolatzeko gaitasuna azpimarratu zuen ondokoak. Inurrien indar eta etengabeko lanaz ere hitz egin zuen beste batek.

Ikastaroko kide nasaren txanda iritsi zen eta bere herrian, Tierradentron, arrunta den matxinsalto bati buruz hitz egin zigun. Bizitzeko baldintzak txarrak diren leku horietan agertzeko joera omen du; gizakiak natura gutxien zaintzen duen txoko horietan  bizirauteko gai. Euskara matxinsalto horrekin parekatu zuen nasa lagunak, Euskaraldian zenbait egoeratan euskarari eustea zaila izan daitekeen arren, aurrera egingo dugula esanez.

Hizkuntzen artean, hortaz, gizakiak erderak lirateke eta matxinsaltoak, berriz, hizkuntza gutxituak. Matxinsaltoen moduan, gutxituek ere bizirauteko aukera dugula ikus dezakegu, baldintzak mesedegarriak izan ez arren, gureari eutsi diezaiokegula. Guztia ez da zapalkuntza, aukera falta. Erresistentziak hor daude, gutxituek badugu agentzia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude