Zubiak eta lankidetza

GOIZ BAKARRA EMAN NUEN TOPALDIAN, baina nahikoa izan zen etxera burua borboka ekartzeko. Topaldiaren abiapuntua, gutxi gorabehera, honela laburbil daiteke: euskararen gizarte erakundeek euskararen biziberritzean funtsezko papera jokatu behar dutenez, eta administrazioen ardura ere badenez, ezinbestekoak dira zubiak eta lankidetza.

Administrazioan lanean hasi ginelarik, entitate “pribatuekin” lan egiteko hiru formula zegoela esan ziguten:

  • Entitate “pribatuen” proiektuak diruz laguntzekoak dira, baldin eta administrazioaren politikekin bat badatoz; beti ere, lehiaketa bidezko sistema bati lotuta, entitate guztiek eskubide eta aukera berdinak izango dituztela bermatzeko.  
  • Administrazioak arlo jakin batean proiektu bat gauzatu nahi badu, entitate “pribatu” bat kontratatu dezake. Halakoetan, diru publikoa kudeatzen duenez, administrazioak bermatu egin behar du aukerarik onuragarriena hautatuko duela: lehiaketa bidez edo hautua berariaz justifikatuz.
  • Hitzarmena da hirugarren bidea. Berdinen arteko akordio moduan ulertu genuen, gure ingenuitatean: administrazioak eta dena delako entitate horrek interes komunak dituztela onartu, eta adosten dute batera eta elkarrekin jokatzea.

Hitzarmena hobetsi izan dugu, euskararen gizarte erakundeen eta administrazioen arteko lankidetza zertzeko. Ez da erabateko irtenbidea izan, baina gutxieneko jarraikortasuna bermatu izan du. Kontua da, agi denez, ez direla garai onak hitzarmengintzarako, eta bide hori dezente murrizten ari zaigula.

[Horren atzean dagoen “korapilo juridiko-administratiboaz” azalpen batzuk hemen]

Mikel Irizarrek, Gipuzkoako Foru Aldundian, beste bide batzuk bilatzeko beharra aldarrikatu du, eta —ildo horretan— kontzertazioaren aukera esploratu nahi dute. Ez dakit, bada! Ez dirudi erraza denik, baina bide hori jorratzea balego, ni neu konforme.

Ikastolen Elkarteak harago joan nahi du. Hezkuntza Lege berria landu nahian dabil, eta horretarako arrazoibide sinple eta eraginkorra erabili du: hezkuntza zerbitzu publikoa bada, zerbitzu publiko horretan diharduten entitate guztiek eskubide eta betebehar berdinak dituzte, titularitatea edozein delarik ere. Eta arrazoia dute. Euskararen mundua nekez ezkontzen da publiko-pribatua dikotomiarekin.

Hezkuntza ondare komuna da. Hizkuntza biziberritzea ere hala da, neurri handi batean: denon ardura eta denon ondare. Hari interesgarri bat izan daiteke, handik tira egiteko: hizkuntza indarberritzea ondare komuna eta ekintza kolektiboa den neurrian, publiko-pribatu dikotomia deuseztatuko (edo lausotuko) duten instituzionalitate molde berriak behar ditu.

Eta, ez badaude, daudenetatik abiatu behar gara, berriak asmatzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude