Konünwenu: hizkuntza idatzia erresistentzia arma gisa

Konünwenu: ortzirako bidea.

Embedded image permalink

Espazioak idatziz berridazteko sortu den argitaletxe indigena; uler dezagun espazioa zentzurik zabalenean, alegia, historia, iragana, oraina eta etorkizuna idazteko tresna berria da. Konünwenuk jatorrizko herrien ahotsari erregistro idatzia eman die, “besteek” idatzi beharrean haiek haien historia idazteko aukera izan dezaten.

Maputxeak, selk´namak, yaganak, kitxuak, aymarak….hizkuntza ibilbide luzea dute, gurea bezalakoxea. Eta gurea bezala, berandu hasi ziren ahozkotasuna erregistro idatzietan gordetzen hainbat faktore tarteko. Hizkuntzak ahoz aho transmititu dira etxeko suaren inguruan, itsasertzean, mendialdean. Txilen bizi diren kultura batzuetako hizkuntzak desagertu egin dira erregistro idatzirik gabe, haizeak eraman izan balitu lez. Desagerpen prozesu horren baitan asimilazio linguistiko eta kulturala gertatu dira, hizkuntzok armarik gabe bizi ziren haien lur eremuan, ez zuten izaera ofizialik, ez zuten literatura idatzirik. Hizkuntza ahozkotasunaren zurrunbiloan bizi zen, inertziaz.

Hizkuntzak mintzatu behar dira, eraldatu, lardaskatu. Baina mintzatzeaz gain, hizkuntzek beharrezkoa dute erregistro idatzia izatea letrek botere osagarria ematen dietelako, kanon berriak sortzeko aukera dutelako. Hizkuntza idatzia erresistentzia arma garrantzitsua bihurtzen da orduan. Hizkuntza idatziari esker gramatika normatiboa sortu ahal da hizkuntza espazio berrietan irakatsi ahal izateko, erabilera biderkatu egiten da eta lengoaia instrumentalizatu, hau da, hizkuntzak izateko eta bizirauteko arrazoi berriak izango ditu, balio erantsia.

Literaturak ( denetarikoa) hiria berridazteko aukera ematen du, behinola, hiria maputxea ere izan zelako Santiagon, Aymara iparraldean, Kaweskar eta Selk´nama hegoalde australean. Sortzailetasuna garatzeko espazioa da Konünwenu; debate historikoak ikuspegi berriez jantziko dira, funtsean, “beste” historia ofiziala sortzeko aukera eman nahi du argitaletxeak, nork bere historia eta istorioak ikusi eta sentitu bezala interpretatzeko aukera, hain zuzen ere . Lotura berriak eraiki eta mendeetan zehar historiografia ofizialean gordetako eztabaidak irauli ahal izango dira hausnarketa landuagoen mesederako, haien mesederako, gure mesederako…denon mesederako, ezen denok baitugu historia gertatu bezala ezagutzeko eskubidea, ez batzuk nahi duten bezala erakutsi eta guk hala jasotzeko.

Mito zaharrak apurtzeko abagunea emango duelakoan nago; literatur kanonak buruz behera jarri ahal dira eta ikuspegi zorrotzago eta errealagoez begirada berriak irakurri ahal ditugu;  jatorrizko kulturak kontsumorako produktu gisa agertu dira literatura nazionalean, erabat exotizaturik. Nazio eta herrien folklorizazioa iraungita dago -edo behar luke- eta hartara, nik uste dut halako argitaletxeek seriotasuna (eskatu) eta bermatu behar dutela kontsumotik harago, autogestionaturik .

Bide luze eta emankorra izan dezala eta oxala, “beste” literaturak, gureagoak akaso, irakurtzeko aukera baliatu ahal izatea.