Hizkuntza eta ekologia: sakrifizio-eremuak

Aurtengo uztailean Giustina Selvelli egon da Gasteizen, HIGA topaketan. Selvellik antropologia eta soziolinguistika lantzen ditu, bereziki, Europako hego-ekialdeko herrien kontestuan. Ekolinguistika interesatzen zaio. Orain dela gutxi argitaratu duen artikulu batean  ikuspegi horretatik aztertu ditu hiru herriren egoera: Sorabiar herria (Alemaniako ekialdea), Valiakar herria (Serbia) eta Sami herria (Laponia). Haren ustez antzeko arazoak dituzte hirurok: hizkuntza gutxitu bat arriskuan eta ingurumen-arazoa larriak. Bi elementu horien arteko harremana landu du bere artikuluan: Endangered Languages and Environmental Degradation Among Minority Communities in Europe: An Ecological Perspective

Apunte batzuk labur-labur:

  • Antzekotasun harrigarriak ikusten dira talde minoritario horien hizkuntza baztertzeko eta beren ingurune naturala degradatzeko ereduen artean. Ingurune naturala suntsitzen hasi aurretik, bestelako prozesuak ikusten dira: aurreiritziak, estigmatizazioa, ondare kulturala eta linguistikoa asimilatzeko ahaleginak, eta hizkuntza eta kultura gutxitu horiei prestigio eskasa esleitzea. Horiek guztiak funtsezkoak faktoreak izan dira lurralde horiek “sakrifikatzeko moduko eremuak” izan daitezen.
  • Sakrifikazio-eremua ingurumen-kalte nabarmenak edo desinbertsio ekonomiko larriak jasan dituen eremu geografikoa deskribatzeko erabiltzen den terminoa da. Ingurumen-justiziarekin du zerikusirik. Edo –hobe esanda– ingurumen-injustiziarekin, arriskuak eta etekinak modu diskrimatorioan banatzea baita. 
  • Talde minoritario horiek beren lurrari eta beren kulturari oso atxikiak egon ohi dira. Horregatik are larriagoa da haien lurraldea suntsitzea eta are ondorio lazgarriagoak ditu horrek. Bada termino bat  ingurumen-higadurak eragindako larritasun emozional hori izendatzeko: «solastalgia», etxearen nostalgia, alegia. Izan ere, gutxiengo etniko horiek beren ondare ekokulturalaren suntsipenaren aurrean jasaten dituzten traumak eta klima-aldaketarekin eta ingurumen-hondamendi «naturalekin» lotutakoak desberdinak dira, leku horien sakrifizioa nahita egindako ekintza baita. Berariaz erabakita zein babesik ezak eraginda.
  • Ikuspegi ekokulturala eta ekolinguistikoa behar ditugu. Hizkuntza-prozesuen azterketa ikuspegi «ekologiko» batetik egin behar dugu; hizkuntzak hiztunen bizitza materialean integratutako organismoak baitira, haien ingurune naturala barne.
  • Hizkuntza gutxitu bat hitz egitea erresistentzia eta deskolonizazio ekintza bat izan daiteke. 

Hitzaldi bikaina eta artikulua ere bai.

Iruditzen zait hizkuntza ekologiak edo ekolinguismoak, ezagunak egin ahala, bide ezberdinak hartu dituztela:

  • Gurean, oraindik orain, ekologia metafora gisa erabiltzen dugu, hizkuntzak ekosistema moduan aztertzeko. Oker egon naiteke, baina iruditzen zait hizkuntza ekologiari buruz euskaraz idatzi diren testu gehienak horretara mugatzen direla: hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntzen arteko harremanen azterketa egiten dute.
  • Bada beste joera bat, gure artean oso bide txikia egin duena. Hizkuntzaren azterketa kritikoarekin du zerikusirik eta horixe aztertzen du, hain zuzen ere: ingurumenaz hitz egiteko, hizkuntza nola erabiltzen dugun.  Arran Stibbe izan daiteke horren erakusgarri. Bigarren liburua bat argitaratu berri du ildo horretatik: Econarrative: Ethics, ecology, and the search for new narratives to live by. Interesgarri dirudi. Horretaz hemen idatzi nuen.
  • Selvellik beste enfoke bat erabiltzen du. Hizkuntzaren eta ingurumenaren arteko erlazioa aztertzen ditu (erlazio materialak zein inmaterialak). Oso iradokitzailea iruditu zait. Gurean Unai Pascualek naturaren balioei buruz egin dituen lanak bide horretatik doazela iruditzen zait. Dylan Inglis gaztearekin batera egin zuen ikerketan, korrelazio hori egiaztatu egin zuten: erlazionaturik daude euskal hiztuna izatea eta naturari harreman-balioa ematea. Hemen irakurri eta entzun daiteke:

Testu hau amaitzen ari nintzela, antzeko beste sarrera bat nuela ohartu naiz. Hemen: hizkuntzen ekologia eta ekologiaren hizkuntza

On egin eta ongi izan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude