Agentzia, ahalduntzea, aktibazioa…

Oporren hasiera Edu Apodakaren liburu bat izan nuen esku artean: Subjektuaren zainak eta adarrak. Trinkotxoegia iruditu zitzaidan oporretan irakurtzeko eta utzi egin nuen (udazkenean itzuliko naiz). Agentziari buruzko testuen bila jo nuen liburu horretara. Gai gako bat iruditzen zait, eskuartean ditugun koska askori erantzuna emateko. Agentzia, ahalduntzea, aktibazioa… Iruditzen zait, nabardurak nabardura, gauza bera direla. Nondik begiratzen zaien da gakoa. Deskuidatuz gero, orain dela hainbat urte bolo-bolo erabili eta gaur egun kasik ahaztu dugun lidergo linguistikoaren ideia ere multzo berean sartuko nuke.

Kontua da  eta Language Policy aldizkariaren ale berezi bat prestatzen ari direla agentziaren inguruan. Hainbat artikulu on-line daude honezkero. Atzean Equiling taldeko ikertzaileen eskua ikusten da (baita sinadurak ere) eta esango nuke EHko ekarpena oso-oso esanguratsua dela. Ideia interesgarriak ageri direla iruditzen zait. Batez ere honako artikulu honetan zentratu naiz ni: Agency in muda processes: transforming subjectivities and linguistic practices in the Basque context (Jone Goirigolzarri, Estibaliz Amorrortu eta Ane Ortega).

Ohiko moduan labur-labur:

  • Agentziak, testu horietan ulertzen den moduan, hiru ezaugarri behar ditu: eraldatzailea izatea (egoera injustu bat aldatu nahi izatea), erreflexibitatean oinarritua izatea (gogoeta kritikoa) eta kokakua izatea (testuingurua kontuan izatea).
  • Hiztunek beren subjektibitateak ulertzea da erreflexitibatearen helburua, orden linguistiko desiguala agerian jartzea eta beren praktikak eraldatzea. Horretarako beren eguneroko esperientziak eta praktika linguistikoak egituratzen dituzten muga sozialak antzeman, berrintrerpretatu eta berdefinitu behar dituzte.
  • Justizia linguistikoaren ideia funtsezkoa da. Oinarrian injustizia bat dagoela ulertzea da gakoa: kontzientzia kritikoa, alegia.
  • Bide horretan, emozio eta subjektibitate negatiboak gainditu behar dituzte, konfiantza handitu, eta nork bere zirkunstantzien gaineko kontrola duela sinistu..
  • Agentzia, hala ere, mugatua da beti: egitura sozialek, kontestuek eta bestelako zirkunstantziek baldintzatu eta mugatu egiten dute.
  • Agentzia ez da esentzia bat, baizik eta bilakabide bat: ekintzen bidez etengabe eraiki behar den prozesu bat. Norberak ekintzen bidez garatzen du bere ekimena (bere ekiteko ahalmena). Funtsezkoa da prozesuari garrantzia ematea.
  • Agentziak badu dimentsio kolektibo garrantzitsu bat. Prozesu kolektiboa da, neurri handi batean. Euskaraldiaz akordatzen zarete? Elkar eraginez egingo dugu!
  • Ezin da agentzia neurtu soilik sortzen duen aldaketaren tamainaren arabera. Hiztunaren helburuak, espektatibak  eta zirkunstantziak hartu behar dira kontuan. Aldaketa txikiak ere mamitsuak izan daitezke.

Deigarri egin zait adibide guztiak ekintza-ikerketa parte-hartzailearen eskemaren barruan kokatuak daudela. Gustukoa dut eskema hori baina badu eskala arazo bat. Izan ere… nola eskalatu daitezke esperientzia horiek guztiak? Zer galtzen da esperientzia horiek guztiak sistematizatu eta estandarizatu nahi direnean?

Kike Amonarrizi elkarrizketa egin zioten duela gutxi hamaiketakoa podcastean. Bertan, besteak beste, Euskaraldiari buruz galdetu zioten. Erantzuna deigarria egin zitzaidan. Haren ustez, hizkuntza-ohiturak era masiboan aldatu nahi izatea (soilik) txapen bidez agortua dago. Eta, halere –berak esaten duen bezala– gaur-gaurkoz ez dugu alternatiba hoberik. Ados nago zerbait pentsatzen jarraitu behar dugula… eta horrek guztiak agentziarekin duela zerikusirik.

Ohartxo bat: goian aipatu dugun artikuluan unibertsitateko ikasleekin kontzientzia soziolinguistiko kritiko lantzeko tailer baten esperientzia kontatzen dute. Bertan erabilitako ideiak eta materialak sistematizatu eta argitaratu dituzte equiling proiektuaren web orrian: Euskaldun aktibo eta kontzienteak hezten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude