Nonbait irakurri dut nazionalismo orok bere baitan duela etnozentrismo baztertzailea bihurtzeko arriskua. Ez zait iruditzen. C. Ulises Moulines filosofo mexikarraren testu batez akordatu naiz: Manifestu nazionalista (are separatista ere esango nuke, estutuz gero). Haren ustez, erabat ezberdindu beharko genuke zer den nazionalismoa (nork bere herriarentzat munduan leku bat aldarrikatzea) eta zer hegemonismoa (nork bere herria besteen gainetik dagoela defendatzea). Alde horretatik, iruditzen zait oraingoz txertoa badugula.
C. Ulises Moulines-i elkarrizketa luze bat egin zioten Jakin aldizkarian: hemen
Gure nazionalismoak inklusiboak dira, baita internazionalistak ere. Garbi dugu: Euskal Herritarra da Euskal Herrian bizi eta lan egiten duena. Hau ere garbi dugu, ordea: Euskalduna da euskaraz egiten duena. Hizkuntza eta klasea gurutzaten direnean, korapilo bat edo beste suertatzen da.
Alde horretatik gustatu zait Endavant erakundeak argitaratu berri duen liburuxka: «Llengua, lluita i llibertat». Ideia interesgarriak ematen ditu, gure artean “ezagunak”, baina agian ahaztu samar ditugunak.
Hona apunte batzuk:
- Hizkuntza propioaren ideia defendatzen jarraitu beharra dago. Ideia hori kolokan jartzen duten ahotsak entzuten dira (baita ustez ezkerreko ideologia duten pertsonengandik ere). Gaztelania ere bertako hizkuntza dela aldarrikatzen dute. Litekeena da maila praktikoan eragin handirik ez izatea, baina maila sinbolikoan ideia horrek min handia egiten du.
- Estatua lurraldea kontrolatzeko tresna da, baina baita “hiritar homologatuak” sortzeko tresna ere. Ez ahaztu Ngugi wa Thiong´o idazleak zioena: kolonizaziorik eraginkorrena oharkabean gertatzen dena da, pertsonen burua kontrolatzen duena, alegia. Hizkuntza hegemonikoaren bidez egiten dute hori. Hortaz, katalana erabiltzea eta transmititzea desobedientzia eta erresistentza ekintza da.
- Ez fidatu munduko hiritarrak direla esaten duen horiekin. Identitate nazionalak gu guztion bizi-esperientziaren parte dira. Jendarte bat inoiz ez da indeterminatua, ez geografikoki eta ez historikoki. Esan izan da langileriak ez duela aberririk… Beno, langile katalanek aberririk ez badute, burgesiak lapurtu egin dielako da. Herri langileari lapurtu eta okupatzaileei saldu. Alde horretatik autodeterminazio-eskubidea defendatzea langileek erabakiko eskubidea defendatzea da.
- Intertsekzionalitatetik harago, borroka guztien bereiz-ezintasuna edota indibisibilitatea planteatzen dute (indestriabilitat): ekologismoa, feminismoa, nazio-askatasuna, antikolonialismoa… Denak dira bat. Ez dago hierarkiarik. Eguneroko jardunak eta borrokak esango du, unean une, indarra non jarri beharra dagoen.
- Funtsezkoa da ezker eraldatzaileak katalana erabiltzea nagusiki. Ez da egokia hizkuntza hegomonikoaren hegemonia onartzea, komunikazioa errazten duelakoan. Katalana klase-borrokaren erdigunean jarri beharra dago. Ezin da nagusiaren etxea desegin, nagusiaren erramintak erabilita (Audre Lorde). Katalana erabiltzea da nagusiaren etxea desegiteko tresnarik onena; eta erakundeetan katalana ikasteko eta katalanaz aritzeko espazioak sortu behar dira.
- Feminismoak -eraginkorra izateko- homofobiaren aurka ere borrokatu behar du; eta klase, arraza eta generoen esplotazioaren aurka; eta kapitalismoaren eta inperialismoaren aurka (Angela Davis). Katalana eraginkortasunez defendatzea bada borroka horietan guztietan inplikatzea: herri-sektoreen eskubide sozialak defendatzen dituzten borroka guztietan egotea.
Diskurtsoetatik harago, tresna praktikoagoak ere proposatzen ditu. Bi eskematxo egin zaizkit bereziki interesgarriak… bi gida, batzarretan eta erakundearen gainerako espazioetan katalanari leku egokia emateko gogoetatxoekin.
- Liburuxka hemen eskuratu daiteke https://www.endavant.org/llibret-llengua-lluita-i-llibertat/
- Eskemak 29. eta 30. orrialdeetan.