Herriaren opioa izan da futbola (edo erlijioa zen?).

Bizitza osoan bi aldiz egon naiz futbol-partida batean: Alaves-Osasuna derbi batean aspaldi-aspaldian, eta Euskadiko Selekzioaren partida batean. Ez naiz futbolaz hitz egiteko pertsonarik egokiena, baina gustatu zitzaidan urtarrilean, Senegal eta Marokoko selekzioek Afrikako kopa jokatu behar zuten egunaren bezperan, Bilboko San Francisco auzoan zegoen giroa. Telebistatik ikusi nuen eta poztu ninduten albisteak zekarren kutsu positibo eta baikorra. Futbolak bihotzak mugitzen ditu!
Zentzu berean, Xabier Aierdi soziologoaren elkarrizketa bat entzun nuen handik gutxira Bilbo Hiria irratiko Kirol Eskirol saioan. Futbola, haren ustez, bertebrazio sozialerako tresna ere bada gaur egun.
Bertebrazio sozialaren ohiko tresnak ahultzen diren neurrian, garrantzitsua da horretan lagundu dezaketen kontestu guzti-guztiak aintzakotzat hartzea. Futbola bai… baina baita tabernak ere. Argia aldizkariak artikulu interesgarri argitaratu berri du horretaz: “Taberna bat ixten denean, ateak irekitzen zaizkio eskuin muturrari”.
Fora de Mapa podcastean ere futbolari buruzko saio bat entzun nuen duela gutxi: Diaspora e futbol. Futbolak diaspora kohesionatzeko duen indarrari buruz ari dira bertan, baita diasporan sortu eta jokatu duten futbol-taldeei buruz ere. Interesgarria da Fora de Mapa. Diasporatik galizieraz emititzen duen podcast bat da, Europako gutxiengo etnikoak eta linguistikoak ezagutzera eman nahi dituena.
Kirolariak erreferente positiboak izan daitezke. Futbol-jokalari profesionala da Thaylor Lubanzadio laudioarra. Maltan jokatzen du. Liburu bat idatzi berri du: Identidades en juego. Elkarrizketa interesgarria egin zioten aiaraldea.eus komunikabidean: “Ez naiz erdi euskalduna eta erdi kongoarra, euskalduna eta kongoarra naiz”. Liburua gaztelaniaz argitaratu du, baina bigarren argitaldia euskaraz egin nahiko lukeela dio. Bejondeiola!
Baina benetan futbolari ezagunik bada, Maradona da. Massimiliano Verde Napoliera biziberritzea helburu duen Accademia Napoletana taldeko kidea da Haren artikulu bat irakurri dut gaztelaniaz duela gutxi: Diego y napoles, entre Descolonización y Comercialización. Napolitarren azpiratze historikoa azaltzen du, Diegoren fenomenoa hobeto ulertzeko: barne kolonialismoa , marginazioa, mendekuntza… “Amerikako Beltzak gara Napolitarrak Napolin”. Maradona giro horren erdian iritsi zen Napolira. Hegoaldeko harrotasuna defendatu zuen iparraldeko diskriminazioaren aurrean. Hizkuntza bera ere harrotasun horren erdian kokatzen jakin zuen: Napoliera ikasi eta napolieraz kantatu nonahi. Quartieri Spagnoli auzoa harrotasun horren adierazlea da. Autoantolaketaren bidez eraiki den auzo bat da, eta bertan da Diegoren santuarioa. Massimilianoren ustez, Diegoaren mitoa bigarren fase batean sartu da: turismoaren bidez, dekolonialismotik komertzializaziora igaro da, Napoli hiriari gertatu zaion bezala.
Futbolari eta hizkuntza gutxituei buruzko kongreso bat izan da Bartzelonan: SGÔR – II Simposi Internacional sobre Llengües Minoritzades i Futbol. Han landutakoaren arabera, futbola espazio garrantzitsu bat izan daiteke kohesiorako eta hizkuntza gutxitua normalizatzeko. Futbolak sozializazio-espazio gisa jokatzen duen papera aztertu dute, taldeen eta zaletuen praktika linguistikoak, oinarrizko kategoriek duten garrantzia… Bitxia egin zait Barça taldeko ordezkari baten adierazpenak: interesgarria da kanpotik etorri eta katalana ikasi duten kirolariak bisualizatzea. Antza denez, taldeak ez du baztertzen kontratu berrietan klausula bat jartzea, katalana ikas dezatela bultzatzeko. Ez da ideia txarra! Portzierto EHtik ere ordezkari bat egon da bertan. Aritz Olagoi han egon da, gurean entrenatzaileen bidez euskararen erabilera indartzeko egiten ari den lana azaltzeko 😉