Eragileen mapeoa analisi-tresna bat da, errealitate, proiektu edota lurralde jakin batean eragina duten aktoreak (pertsonak, taldeak, antolakundeak) identifikatzeko, deskribatzeko eta ikustarazteko. Euskararen inguruan (ere) asko hitz egiten da mapeoaz. Azken hilabeteetan hainbat saiotan egotea egokitu zait horren ildotik.

Hona iritzi batzuk:
(1)
- Eragileen mapa egiten dugunean, uste dut ona dela (ohiko) euskalgintzaren mugak zabaltzea eta eragile gehiagori leku egitea. Baina horrek eztabaida semantikoetara eraman gaitzake (eramaten gaitu). Zer da euskalgintza? Egin nahi duguna euskalgintzaren mapa bada, nork du lekua eta nork ez?
- Euskalgintza euskararentzat etorkizun hobea nahi duten entitateek eta pertsonek osatzen dute. Ados. Entitate horietako batzuk beren-beregi osatu dira etorkizun hobe horren alde lan egiteko, eta horrek balio berezia ematen die.
- Izenlaguna jartzen ere has gintezke, baita dualismo berriak sortzen ere: euskalgintza soziala vs. euskalguntza instituzionala, Berariazko euskalgintza vs. Bide batezko euskalgintza. Ez dakit dualismo horiek elkarrizketa erraztu edo zaildu egiten duten…
- Iruditzen zait eztabaida horietan denetarik dagoela: asmo oneko jende asko bai, baina baita (betiko) euskagintzarekin halamoduko ezinikusi edo errezelo duen jendea ere. Han-hemen halako zantzuak ikusten dira.
(2)
Eragileen mapa egiteko ez dugu zertan eztabaida horietan sartu. Hiru modu ikusten ditut mapa horiek irudikatzeko.
- Txepetxek planteatzen zuen moduan, zirkulu kontzentrikoen moduan irudikatu ahal ditugu. Eragile guztiak ez dira berdin-berdin posizionatzen. Geruzatan antolatzen dira, erdigunetik gertuago ala urrunago. Garrantzitsua da, halere, den-denei beren papera eta beren garrantzia aitortzea. Eta… jakina erdigunea garrantzitsua dela. Hizkuntza komunitateak erdigune bat behar du (baita antolakunde mailan ere), inguruan nola-hala mugitzen diren eragileak artikulatzeko.
- Mapa sare moduan ere ikus genezake. Eragileak, ekimenak eta espazioak aztertu, elkarren artean nola harremantzen diren ikusteko. Dentsitate gutxiko guneak aztertu ahal dira, bertan nolako ekimenak gauzatu behar diren pentsatzeko; edo dentitate handikoak, nolako aliantzak sortu daitezkeen ikusteko. Agirre Lehendakari Center fundazioak irdo horretan lan egiten du, eta oso lanketa interesgarriak egin ditu. Hemen.
- Metodologia kritikoen ikuspegitik, Luis R Villasantek eta bere taldeak mapa horiek soziograma moduan irudikatzen irakatsi ziguten. Mapeoak proiektu jakin eta zehatzen inguruan osatu. Proiektua erdigunean jarri eta horrekiko jarrerak aztertu: (a) Erabat aldekoak (gu eta gureak); (b) Gertukoak; (c) Neutralak eta (d) Kontrakoak. Aldekoak konpaktatu behar dira, gertukoak erakarri, neutroak “seduzitu” edo konbentzitu, eta kontrakoengaindik proiektua babestu. Hemen.
(3)
- Euskalgintza asko profesionalizatu da. Agian horregatik, are garrantzitsuagoa bere “oinarriak” ongi zaintzea eta lantzea: debateak ireki, barne-komunikazioa landu, ideiak sozializatu, barne-prozesuak abiatu… Beharrezkoa da euskalgintzaren eragileek atzean oinarri sendo bat izatea. Horrek are zilegitasun handiagoa emango die.
- Garrantzitsua da jarrerak zaintzea. Ez da ona egia absolutoaren jabe garela pentsatzea. Gehiagotasun morala ere ez da ona, helburua lankidetza denean. Indarrak batzea da helburua: eragileak artikulatzea, alegia. Merezi du hori egiteko moduez gogoeta egitea.