(1)
Joseba Sarrionandia bere azken liburuaren hitzaurrean:
Euskaldunak satortxoen moduan ibili dira. Debekuen azpitik, oztopoen gainetik, zailtasunen aldamenetik, hanka labur eta indartsuz lurpetik eginez tunelak eta galeriak. Landa-lurren eta kale-asfaltoen azpitik, behatzazkal nekaezinez, estatuaren aparatuen oinarri bortitzekin borrokan askotan, batera eta bestera zulo-bideetan barrena, kultura baztertu eta kaltetua berrosatzen.
Egon dira sator-langintza hori lanbide bihurtu dutenik.
(2)
Han-hemengo ikastarotan, ikuspegi herritar eta komunitarioarekin engaiatuak diren (garen) teknikarien papera goraipatzen entzun dut. Administrazioaren eta herrigintzaren arteko zubi-lana egiten omen dugu. Funtsezkoak omen gara. Praktika, ordea, bestelakoa da. Esango nuke administrazioan ez gaudela ongi ikusiak eta mesfidantza bat edo beste sortzen dela gure inguruan.
Izan ere, administrazioaren eta herrigintzaren dinamikak ez datoz beti bat:
- Sarritan bide paraleloak eramaten dituzte: antzeko helburuak, antzeko proiektuak… baina lankidetza gutxi. Teknikariek zubi funtzioa izan dezakete. Bi munduak batu eta, halamoduz besterik ez bada ere, norabide berean jarri.
- Noiz edo noiz (ez gehiegitan) lankidetza-giro egokia lortu izan da. Halamoduzko konbergentziak eta konplizitateak. Parada horiek aukera-leiho moduan ikusi beharko genituzke. Teknikaron lana da leihatila horiek baliatzea, proiektu komunak bideratzeko. Nonbait “legamia” funtzioa deitzen zitzaion horri (edo katalizatzailea)
- Kontrakoa ere sarritan gertatu izan da: mesfidantzak, elkar ezin ikusteak, interes ezberdinak (zilegiak zein bastartak). Teknikaria orduan kontrabandista da. Muga horiek alde batetik bestera zeharkatzen ditu, batetik bestera gauza baliotsuak eramaten.
Badira zerbitzu publikoan zinez sinisten duten teknikariak; baina badira ere, herrigintzan sinisten dutenak. Aukeran bigarren horiekin geratzen naiz ni.