Ikasketa Kulturalak EHn

Azken aldian Ikasketa Kulturalei buruzko hainbat gauza entzun eta irakurri ditut eta interesgarriak iruditu zaizkit. Zalantzak zalantza, apunte batzuk hartu ditut:

  • Ikasketa kulturalen paradigmatik ikertzea zerbait berezia da. Ikerketa tripetatik hasten da, norberaren minetik, egonezinetik. Ikerketa inplikatua da. Ezabatu egiten du subjektu-objektu dikotomia.
  • Ikasketa kulturalek praxiari begiratzen diote: praktika teorian oinarritua, eraldaketa soziala helburu. Helburua eragitea da, baina baita ezagutza sortzea ere. Ez lehen teoria eta gero praktika. Bi prozesuak batera gertatzen dira. Dena den, ez du teoria orohartzailerik sortzea helburu. Konkretuaren gainean teorizatzen du, egoera konkretu bat ulertzeko. Behar dituen kategoriak eta kontzeptuak behar den lekutik bereganatzen ditu, baina helburua ez da teoria kontzeptu berriekin aberastea.
  • Ikasketa kulturalak ez dira diziplina bat. Izatekotan, transdisziplina bat dira. Gainditu egiten dituzte diziplinaren mugak. Ez dute metodologia propiorik sortzen. Ez da hori haien helburua. Nola deituko genioke: Anarkismo metologikoa? Eklektizismo estrategikoa?
  • Egia da diskurtsoaren azterketa edota etnografia bezalakoak ikasketa kulturalekin ondo ezkontzen direla, baina ez dira horretara mugatzen. Etnografia, azken batean, deskripzio bat da, ekintzak eta esanahiak… baina baita zentzua ere: zentzugintza. Ikasketa kulturalek etnografia erabiltzen dutenean, ekarpen horixe egiten diote gertatzen dena deskribatzeaz gain… horrek guztiak zer esaten du gure gizarteari buruz?
  • Ideologia gai zentrala da. Ideologia ez da kontzientzia faltsu bat. Eratu egiten gaituzten ideiak dira, nor egiten gaituzten ideiak. Ideien sistema bat. Sistema hitza garrantzitsua da, ideien artikulazioa esan nahi duela (ez batuketa hutsa). Ideologia ez da kontu etereoa, gorpuztua baizik: praktikara jaisten da.

Bada ikasketa kulturalei lotutako kontzeptu eta kategoerien hiztegi bat egiteko saikera interesgarri bat: Diccionario de Estudios Culturales Latinoamericanos. Besteak beste honako hauek ageri dira bertan: hegemonia, alteritatea, gerra kulturalak, diskurtsoa, frontera, globalizazioa, kolonialismoa, identitatea, industria kulturalak, subalternitatea, kulturartekotasuna, kultura herrikoiak, subjetibitateak, queer teoriak…

Nire ez-jakintasunik… EHn, gaur egun, nork lantzen ditu ikasketa kulturalak? Nor ari da kontzeptu eta kategoria horiekin lanean? Iruditzen zait Jakin aldizkariaren bueltan badagoela paradigma horretan kokatuko nukeen jendea. Aldeak alde, urtero antolatzen dituzten topaketek eta aldizkariak berak horren guztiaren kutsua dute… eta gustatzen zait. Garai batean HUHEZI unibertsitateko Sorgunea ikerketa taldeak ere bazuen hortik zerbait. Azken aldi honetan galdu diet pista. Izen propioei dagokienez ere, lau-bost izen okurritzen zaizkit garbi-garbi, baina ez naiz horiek ematera atrebitzen. Ausartegia litzateke nire aldetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude