Albisteak

Ikastaldiaren lehen kronika: martxa baten lehen notak

2019/10/08

Astebete pasa da Euskal Herrian Hizkuntza Gidaritzari buruzko Ikastaldia hasi zela eta, beraz, bada garaia astea zerekin bete dugun kontatzeko. Lehenik, ongietorri bazkaria egin genuen ordura arteko harreman digitalak aurrez-aurre elikatzeko eta egun batzuk beranduago Aretxabaletako alkate den Unai Elkorok harrera instituzionala egin zien munduko 10 hizkuntza gutxitutako ordezkari diren 16 partaideei. Izan ere, Aretxabaleta izango du bizitoki taldeak hilabete honetan, Euskal Herri osora zabaltzeko abiapuntu.

Lehen klaseak: bakoitzak urraturik berea denon artean geurea

Aurkezpenak egin genituen hasteko, nork bere komunitatea, elkartea eta biziberritze ekimenak plazaratu zituen. Aurkezpenak ez ziren tramite hutsa izan G10 deitu ez diogun bilkura honetan, bakoitza nondik datorren, nondik hitz egiten duen ulertzeko balio izan zuten, maputxeak Wallmaputik baitatoz, baina kitxuak Ekuadorretik, eta yukatango maia, aldiz, Mexikotik dator, baina ez da mexikarra. Bistan da hilabete honetarako sabel hotsa ozena izan zela lehen egunetan, taldearen eraldaketarako gosearen adierazle. Hizkuntza lankidetza jakintza fluxua, esperientzia trukea dela diogunean, hain zuzen ere, honetaz ari gara.

Astebete honetan euskararen esperientziaz aritzeko puntako boskotea izan dugu irakasle lanetan: Iñaki Arruti, Belen Uranga, Xabier Paya, Paula Casares eta Jon Sarasua. Azaleko errepasoa eginik, Iñaki Arruti Lasarte-Oriako euskara teknikaria aditu eta aritua dela nabarmena izan zen, Mexikoko yukatango maia komunitatean lanean aritu ondotik are hobe etxeratu baitzituen hizkuntzen galeraren eta biziberritzearen oinarriak. Aipatzeko ariketen artean bat: Txepetx oinarri harturik autobiografia linguistikoa egin zuten partaide guztiek Arrutik gidatuta. Lekukoa Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangak hartu zion hizkuntza ekologiaz aritzeko eta lerroburu harrigarria utzi zigun: “mundu-mailan gertatzen ari den hizkuntzen galera masiboa, proportzionalki, handiagoa da bioaniztasunaren galera baino”. Xabier Payari ondoko gaia jarri genion: zein da ekoizpen kulturalak jokatzen duen papera euskararen biziberritze prozesuan? Errimak lotzen abila dela berretsi genuen beste behin,  jolasean jarri zuen taldea autodiagnostikoa bultzatzeko. Saio osoan, nola ez, neurri librean aritu zen, baina hasierako eta bukaerako aipu bana ekarriko ditugu Payari doinua hartzeko: “Zure hizkuntzak ez badu hazkunderako joerarik hiltzera kondenatuta dagobota zuen hasi orduko eta bukatu zuen esanez “Herri gisa zuk ez baduzu zure historia kontatzen beste bat etorriko da kontatzera, seguruenik zureekin lerrokatuta ez dauden interes propioekin”. Paula Casaresek ekin zion ostegunean hizkuntzaren familia arteko transmisioaren gaia lantzeari eta argi esan zigun etxean bakarrik transmititzen den hizkuntza ez dagoela desagertzeko arriskutik salbu, hortaz transmisioaz baino hizkutzaren sozializazioaz aritzeko beharra aldarrikatu zuen. Astearen bukaeran Jon Sarasuak euskararen biziberritze prozesuaren gakoak azaldu zituen zuhaitz moduan irudikatuta, adarrak landu beharreko alortzat (hezkuntza, hedabideak, lan arloa…) harturik eta sustraiak lan alor horiek bultzatu dituzten indartzat (tradizioa/modernitatea, instituzioak/herri ekimenak, hizkuntzarekiko jarrerak…). 

 

Irteera didaktikoak: etengabe zabaltzen gizatasunari bidea

Hilabetean 19 irteera didaktiko biltzen ditu Ikastaldiak eta lehen aste honetan urratu dugu bidea. Pasa den ostiralean Bilbora joan ginen, Euskaltzaindia ezagutu eta Xabier Kintanaren ahotik jaso genituen euskararen estandarizazio prozesuaren xehetasunak. Oro har, akademiak hizkuntza gutxitu baten biziberritzean duen paperi buruzkoak izan ziren galdera-erantzunak. Gero, Xabier Monasteriok eta Jabi Zabalak Zenbat Gara konstelazioa osatzen duten ekimenak aurkeztu zizkiguten: Gabriel Aresti euskaltegia, Kafe Antzokia, Bilbo Hiria irratia, Algara konpartsa… ekimenek elkar elikatu beharra eta euskarak hiriaren zentroan espazioa hartzearen garrantzia nabarmendu zituzten. Gainera, euskarazko “harreman” hitza oparitu zieten Zenbat Garako Monasteriok eta Zabalak Ikastaldiko partaideei biziberritze lanerako lelo gisa: “beti hartzen duzuna baino apur bat gehiago eman komunitateari”.

  

Urriaren 6ak Zarautzera eraman gintuen Kilometroak ezagutzera eta Salbatore Mitxelena Ikastolaren atarian “ni, hi, hura… Ikastolara mundura!” leloa entzun genuenean Ana Delia ordezkari nasak eta Emilio ordezkari kitxuak esan zuten mundua ere ikastolara etorria zela, beraiek ordezkatu baitzituzten Ikastaldiko 10 hizkuntza gutxituak hasiera ekitaldian. Munduko testuinguruan herri ekimenetik sortutako murgiltze eredua eta kalitatezko hezkuntza batzen dituzten proiektuak hain urriak izanik inspirazio handia izan zen jaia bizitzea taldearentzat. Gainera, Ikastaldiko partaide batzuk beste itsaso urdin eta zabala ere ezagutu zuten Zarautzen bizitzan estreinakoz.

 

Sentsibilizazio ekintzak: Bihotza bezain bero zabalik besoak eta eskuak

Ikastaldiak 10 sentsibilizazio ekintza biltzen dituela iragarri genuen eta lehenengoak alfonbra gorrira eraman gintuen. Yukatango maia hizkuntzaren biziberritzea biltzen duen Waye dokumentalaren estreinaldia izan genuen Miarritzeko Amerique Latine festibalean urriaren 2an, Mintzalasai ekimenaren eskutik. Zinez emankorra izan zen proiekzioaren ondotik egileekin eta protagonistekin izandako solasaldia. Horrez gain, anekdotarako ere eman zuen egunak, Ainhoa Moronek blogean bildu zuen bezala.

Digitalki ere hizkuntza lankidetza zabaltzeari ekin genion Codesyntax-en laguntzaz. Garabideren bazkide batek gomendatuta Egunean behin jokoan parte hartu genuen, batetik, hizkuntza gutxituen biziberritzeari buruzko galderak emanez eta, bestetik, urriaren lehenengo asteko saria Garabidek eskainita. Galdera-erantzunen jokoak marka guztiak hautsi ditu azken astean eta 17.000 erabiltzaileen langa gainditu du. Beraz, mila esker parte hartu duzuen guztiei eta, bereziki, bi irabazleei! 

 

Honaino lehen asteak eman duena, ez da gutxi. Gogoratu hedabideetan ditugun agerpenen zerrenda osatuz goazela, blogean Ainhoa Moron ari dela jarraipena egiten, Twitter eta Facebooken #Ikastaldia2019 traolan ari garela zuzenean ematen gertatutako guztiaren berri eta agendan bildu ditugula datozen egunetarako hitzorduak. Kronikak, idatziz eta bideoan, astelehenero izango dituzue webgunean, bigarreana zehazki urriaren 14an.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus