Albisteak

Ikastaldiaren laugarren kronika: azken arnasa eman nahi genuke

2019/10/28

Hizkuntza Gidaritzari buruzko Ikastaldia bukatzear dagoen honetan urrun gelditzen zaizkigu lehen kronikako martxaren lehen notak, bigarren kronikako estralurtarrak ere atzean utzi ditugu eta hirugarren kronikarako elkarrekin makina bat denbora pasa bagenuen ere denboraren makinan bidaiatzen hasi ginen. Laugarren kronika hau izango da hilabeteko formazio honetako azkena eta saiatuko gara datozen lerroetan 7 egunetako arnasak, etenak batzuetan eta sakonak besteetan, esaldietara ekartzen. 

Ikastaldiaren alor teorikoan lau irakasle izan ditugu aste honetan: Lurdes Auzmendi EHUko Letren Fakultatean irakasle izandakoa, Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko irakaslea, Iñaki Martinez de Luna hizkuntzalari eta Garabideko lehendakaria eta Ander Bolibar, IKTetan aditua. Auzmendiri egokitu zitzaion asteleheneko lehen saioa eta aldarrikapen honekin hasi zuen “hizkuntza eskubideak gakoa dira beste eskubide batzuk eskuratzeko, esaterako justizian eta osasungintzan”. Ikastaldiko partaide gehienek ez zekiten hizkuntza eskubiderik dituztenik, beraz erabat aberasgarria suertatu zitzaien saioa. Ondotik Ander Bolibarrek hartu zuen lekukoa hizkuntzaren biziberritzea teknologiaren ikuspuntutik lantzeko. Teorian ikasitakoa praktikara eraman zuten Ikastaldian, besteak beste, nork bere hizkuntzan memeak eginez. Asterte goizean Jon Sarasuak gidatu zuen partaide bakoitzak Ikastaldira etorri aurretik komunitatean egindako hizkuntza diagnostikoa sozializatzeko tartea. Gero, Iñaki Martinez de Lunak, hori oinarri hartuta komunitatera bueltatzerakoan garatu beharreko biziberritze ekimenaren diseinua bideratu zuen. Hizkuntza plangintzaren nondik norakoekin jantzi zituen Martinez de Lunak astearte eta asteazkeneko lan saioak.

Gizarte aktibaziorako ekitaldiei dagokionez bereziki emankorra izan da astea. Hasteko, Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak eta  Euskal Herriko UNESCO Sareak (EHUS) gonbidatuta parte hartu genuen Bilbon “Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea eta Garapen Iraunkorrerako Helburuak” jardunaldian. Nancy Quispe aimarak, Yovana Aireyu guaraniak eta Ana Delia Tenorio nasak hartu zuten oholtza eta beraien komunitateetan, gorpuzten dituzten zailtasun guztiei aurre eginez, martxan dituzten hizkuntza biziberritze ekimenak azaldu zituzten. Asteazkenean Arabarako bidea egin eta Aramaion Udalaren laguntzaz Mexikoko yukatango maia hizkuntzaren biziberritzea biltzen duen “Wayé” dokumentalaren proiekzioa antolatu genuen. Saioa osatzeko bertaratu ziren 25 lagunek aukera izan zuten solasaldian aritzeko Oscar Chan eta Socorro Cauich yukatango maiekin eta baita Amelia Dominguez eta Alvaro Aguilar Mexikoko nawat ordezkariekin ere. Azken honek, hain zuzen ere, bertaratu ziren lehen hezkuntzako ikasleei honakoa esan zien: “Ama maite duzue? Ba natura ama beste maitatu behar da”. Ostiralean Tolosako Leidor zineman Galtzaundi Elkarteak lagunduta Garabiden sekula bizi dugun ekitaldirik jendetsuenean parte hartu genuen: Tolosaldeko 7 institututako 400 ikasletik gora bildu ziren maputxeen hizkuntzaren biziberritzea biltzen duen “Mai da bai” dokumentala ikusi ondotik Martin Hernández eta Hernan Cayulef ordezkari maputxeekin solasaldian aritzeko.

Ikasteko bide guztiak onak direla konbentzituta gaudenez tartea hartu genuen, azken aste honetan, eremu informalagoetan ere aritzeko. Aste hasieran ‘afari mundiala’ antolatu genuen nork bere herriko janaria prestatu eta besteena dastatu zezan. Afalondoko kantaldia beroketa ariketatzat hartuta, eta herritarren gonbiteari gogotik baiezkoa emanik, ostiralean Aretxabaletan barrena kantupoteoan aritu zen taldea. Azkenik, asteburuko eguraldi ederra probestu eta Mikel Mendizabal garabidetarra ‘artzain’ hartuta Urbiara mendi buelta egiteko parada izan genuen.

Gaur agur ekitaldian emanen dugu bukatutzat Ikastaldiaren bigarren edizioa, hilabetean arnasestuka bizitakoaren digestioa arnas luzekoa izango bada ere. Urrian Ikastaldiko partaideen herrietan nazioarteko sona izan duten une historikoak bizi dira eta horrek hizkuntza lankidetzaren beharra berretsi besterik ez du egin gurean. Bigarren edizio honetan 16 partaide izan ditu Ikastaldiak, 16 bidai luze honaino, hegazkina hartu baino hamarkada batzuk lehenago hasi zirenak. Min, kezka, itxaropen eta poz txikien elkargunea izan da hilabeteko Ikastaldia eta, hainbeste hizkuntza gutxituren artean kontraesana badirudi ere, esan ez direnetatik ikasi dugu gehien. Hilabete honen bukaeran bizi-bidaian aurrera egiteko indarrak biderkatu ditugu, 16 partaideri beste 16 irakasle, 19 bisita didaktiko eta 10 sentsibilizazio ekintza gehituta milatik gora baitira zuzenean entzun ditugun taupadak eta Gloria Puc partaide kaqchikelak dioen moduan “maitasunaren bidea hartzen duena ez da inoiz erratzen”. Bihotzetik-bihotzera, eskerrak luzatu nahi dizkiegu baita ere hau guztia posible egiten duzuen boluntario, bazkide, basbesle eta laguntzaile sareari, arnasa kentzen baitu beste behin ere erakutsi diguzuen konpromisoak, zuen babes sareak egiten du posible, Ikastalditik harago, hizkuntza lankidetza bera.

Laugarren kronika Ikastaldiaren kontakizun honen bukaera den arren, gogoan izan hedabideetan ditugun agerpenen zerrenda osatuz goazela eta, horrez gain, Ainhoa Moron blogari lanetan ari da Ikastaldiaren jarraipena egiten. Gainera, Twitter eta Facebooken #Ikastaldia2019 traolan ari gara zuzenean ematen gertatutako guztiaren berri eta agendan ere bildu ditugu datozen egunetarako hitzorduak.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus