Albisteak

Ikastaldiaren hirugarren kronika: denboraren makina, makina bat denbora

2019/10/22

Hizkuntza Gidaritzari buruzko Ikastaldia aurrera doa, lehen kronika eta bigarrena atzean utzi ondotik hirugarren astean ikastaroaren ekuatorea gainditu dugu. Arnasa berreskuratzeko geldialditxoa egin eta azken asteko bideari so arituko gara datozen lerroetan, bizitakoak hitzetara ekartzen saiatzen.

Astea sentsibilizazio ekintza edo aktibazio sozialari begirako ekitaldi batekin hasi genuen. Gasteizen, EHUko Letren Fakultatean, 150 ikasle ingururekin batu ziren Ikastaldiko yukatango maia partaideak eta Waye dokumentalaren egileak, hain zuzen ere ikus-entzunezkoa aurkeztu eta solasaldi irekian aritzeko. Galdera-erantzunen tartea bereziki emankorra izan zen ikasleen parte hartzeari esker eta egin zituzten ekarpen interesgarriengatik, adibidez: "Oroitu dezagun Frantziako iraultza eta gero Frantziar estatuko biztanleen %30ak soilik zekiela frantsesez, baina hori ez da traba izan gaur arte estatuko hizkuntza bakar gisa inposatua izateko".

Klase teorikoei dagokienez, Jone Miren Hernandez EHUko irakasleak hizkuntza eta generoa lantzeko lehen saioan irudimenetik jo zuen eta taldekako mahai-joko bat egitea proposatu zuen, datorren astean izango dugun bigarren saioan bukatuko dutena. Euskaltzaleen Topaguneko ordezkari gisa gizarte aktibazioaren gaia jorratu zuen Jasone Mendizabalek eta azpimarra jarri nahi izan zion saretzearen garrantziari, Ainhoa Moron blogariak bildu bezala. Azkenik, Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakasleak, Ikastaldiaren erdira iritsita, ikasitakoaren laburpena egin zuen taldearekin, landutako gaien artean loturak errazteko eta bidean sortutako zalantzak argitzeko.

Dena den, aste hau berezia izan bada irteera didaktikoei esker izan da, aukera izan baitugu Araban, Goi eta Baxe Nafarroan, zein Lapurdin eta Gipuzkoan barrena euskararen biziberritze ekimenak ezagutzeko. Emun kooperatiban izan ginen astelehenean eta mezu argia jaso genuen bertan: "hezkuntzarekin soilik ez dugu hizkuntza normalizatuko. Hezkuntzak badu bere funtzioa, inportantea da, baina arlo sozio-ekonomikoan ere eragitea estrategikoa da” eta, beraz, lan arloan hizkuntzaren biziberritzeari nondik eragin ikasi genuen. Asteartean, Araba aldera hurbilduta, Aiaraldea Ekintzen Faktoria ezagutu genuen, alegia "eskualdean eraldaketa soziala euskaratik eta euskaraz bultzatzeko tresna" gisa sortu den proiektua eta horrekin batera Laudioko Udalean ere harrera egin ziguten. Bazkalondoan, Gasteizen Oihaneder Euskararen Etxea nola sortu eta garatu zen ikastearekin batera hirian euskara sustatzeko ekintzen berri eman zigun Iñaki Lazkanok. Asteazkenean, Tafalla aldera egin genuen salto eta goiza Ikastolan pasa genuen, lehenik haur gehienek euskaraz jakin ez arren haur hezkuntzako lehen mailan euskarazko murgiltzea nola egiten duten ikasteko eta ondoren lehen eta bigarren hezkuntzako ikasgela ezberdinetan ikasle eta munduko hizkuntza gutxituetako ordezkariekin galdera-erantzunen trukaketan. Bereziki hunkigarria izan zen eguerdian irakasle, guraso, ikasle eta ikasle ohiekin egindako solasaldia, Ikastaldiko partaide maputxeetako batek malko artean esan zuen bezala "gure errealitateak oso antzekoak dira, baina zuen oraina guretzat ametsa da oraindik, gure etorkizun hurbila Tafallakoa izan dadin ari gara borrokan. Horregatik hemen egotea denboran bidaiatzea bezalakoa da, bihotzak itxaropenez gainezka egiten digu". Arratsaldeko saioan Errigora ekimena ezagutu genuen Tafallan bertan, Haizea eta Unaiek esan ziguten moduan "Nafarroako Erriberan errealitatea bestelakoa da hizkuntzari dagokionez, horregatik euskararen kontrako jarrerarik ez duten guztien batura lortzea da garrantzitsua, ezin gara mugatu euskararen aldeko jarrera aktiboa dutenekin soilik lan egitera". Astea bukatzeko, ostiraletik iganderako tartea Ipar Euskal Herrian pasa dugu, Baionan hasita Etxepare Lizeoa eta Seaska ezagutu genituen Xan Aire garabidetarrarekin eta Garazin igandean libertimendua zer den ikasi ahal izan genuen astea bukatu aurretik.

 

Hiru aste ez da hainbeste, akaso, hain azkar bizi garen garai honetan, baina dagoeneko hogeitaka egun eta ehunka ordu dira elkarrekin igaro ditugunak; bestela esanda, hitzez harago bihotzez hasi gara elkarrengana lotzen. Hori baita hizkuntza lankidetzaren funtsa, munduan hizkuntza gutxituen biziberritze-bulkadak bideratzeko nerbio-sistema osatzea, egunez-egun, harresi edo gotorlekuetara kondenatuta zeuden harriekin zubiak eraikitzea. Urria oparo egitera kondenatuta egonik ere, nekeari beti gogoa gailentzea.

Gehiegi gelditzen zaigu kontatu gabe kroniketan, beraz hedabideetan ditugun agerpenen zerrenda osatuz goa eta, horrez gain, Ainhoa Moron blogari lanetan ari da Ikastaldiaren jarraipena egiten. Gainera, Twitter eta Facebooken #Ikastaldia2019 traolan ari gara zuzenean ematen gertatutako guztiaren berri eta agendan ere bildu ditugu datozen egunetarako hitzorduak. Asteko kronikak, idatziz eta bideoan, astelehenero dituzue webgunean, laugarrena datorren urriaren 28an.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus