Albisteak

Guatemalako kaqchikel eta kiche hizkuntzen biziberritzea: gaur eta gero, guretik

2019/05/29

Guatemalara bidean abiatu ginen, Aste Sainduko turista artean kamuflatuta, Euskal Herriko lau ordezkari urduri: Tafallako Ikastolako zuzendaria, Isabel Arias, bertako haur hezkuntzako irakasle den Iñaki Gil, Iñaki González Aretxabaletatik, Arizmendi Ikastolako haur hezkuntzako irakaslea bera, eta Maialen Sobrino Garabidetarra, Gasteizen bizi den baztandarra. Talde txikia bezain bitxia: bat egoera soziolinguistiko zailean sortu eta hazita ere heldutan euskaldundutakoa, bertzea egoera soziolinguistiko aldekoan sortu eta guraso euskaldunak izanik ere bizitokiz aldatutakoa euskarak erresistentzia gehiago dituen toki batera, bertzea guraso euskaldunik gabe euskararen arnasgune batean hazitakoa, eta bertze aldagai aunitz bizipenak talaia desberdinetatik gorpuzteko: hiria eta herria, adina, generoa eta abar luze bat. Lau kideko talde handia, beraz, edo Euskal Herrietako lau ordezkari.

Garabidek Guatemalako kaqchikel eta kiche komunitateekin urte luzez egindako hizkuntza lankidetzan ekarpentxoa egitera deitu ginduten bertako hizkuntza eragileek, Ikastaldi Trinko eta Aditu Ikastorotatik elkar ezagutzen baikenuen. Etxekolanak eginak genituen (edo hala uste genuen). Bagenekien Guatemalan 25 hizkuntza daudela aitortuta gazteleraz gain. Bagenekien kiche hizkuntzak milioi bat hiztun inguru dituela (Guatemalako populazioaren %5,8) eta kaqchikelak milioi erdi (Guatemalako populazioaren %2,9), biak hizkuntza maien familiakoak direla eta familia horrek guztira 22 hizkuntza barnebiltzen dituela Mexikon, Guatemalan eta Belizen (tartean, adibidez, Garabiderekin elkarlanean ari den Mexikoko yukatango maia komunitatea ere). Bagenekien egoera eta bilakaera arras desberdinak izan arren kiche eta kaqchikel komunitateek hezkuntzatik ekin ziotela batik-bat euren hizkuntzen biziberritzeari. Hortaz, datu-bilketan arituak ginen eta bagenekien, halere, gehiena ikasteko genuela.

LURRA

Lur hartzean koloreek bizi-bizi egin ziguten eztanda inguruan eta horiekin batera baita gure datutegi eta informazio egiturek ere; ikasbide gisa, bizimodu gisa, “lur hartzea” etengabea izan zen guretako. Hizkuntza lankidetzari dagokionez, saiatu ginen hezkuntzaren egoera ulertzen eta loturak geografian baino aise hurbilago aurkitu genituen memorian. Guatemalako hezkuntza publikoan ez dago murgiltze eredurik hizkuntza indigenetan, Hezkuntza Elebiduna deitutakoa da hizkuntza eta identitatearekin nolabaiteko harremana izateko aukera bakarra, baina hamarkadetako ibilbidea egin eta gero nabaria da ez duela elebidunik sortzen; are gehiago, 25 hizkuntza indigena horietako bat etxean jaso dutenak erdalduntzen ditu sistema horrek. Hezkuntza publikoko hezkuntza elebidunean, kasurik onenean, astean bi ordu eskaintzen zaizkio hizkuntza indigena baten irakaskuntzari eta metodologikoki ez da apusturik egiten kalitatea bermatzeko. Horren erakusle da, adibidez, aunitzetan hizkuntza indigena horren ikasgaia hizkuntza hori ez dakien irakasle baten esku dagoela. Urteetan hezkuntza elebiduna elebiduntzeko lanetan aritu ondotik kaqchikel batzuk erabaki zuten hezkuntza publikoaren egituretatik eta babesetik kanpo Ruk’u’x Qatinamit eskola sarea sortzea eta, guk dakigula bederen, murgiltze eredurantz lanean ari den proiektu bakarra da kaqchikel komunitatean (fokua Guatemalara zabalduta ere poztuko ginateke horrelakoren berririk izanen bagenu). Horrez gain, irakasle kaqchikelak formatzeko Unibertsitate Maia ere sortu zuten herri ekimen gisa eta martxan dago gaur artio. Kiche komunitatean, aldiz, eskola publikoan hezkuntza elebiduneko kiche irakasleak ari dira biziberritze lanetan eta txalotzekoa da, mugak-muga, egiten ari diren bidea eta biziberritze lanerako duten grina.

HURA

Luzeegi joko luke bidai osoaren deskribapenak, baina esperientzia bat nabarmentzea komeni da akaso. Erran dugu Ruk’u’x Qatinamit haur eta lehen hezkuntzan kaqchikelezko murgiltze eredua helburu duen eskola sare bakarra dela. Hezkuntza eredu propioa sortzen aritu dira azken hamarkadan, identitatea eta hizkuntza oinarri hartuta eta, batez ere, metodologikoki kalitatearen aldeko apustu sendoa eginez. Izan ere, kontutan hartu behar dugu hizkuntzatik harago indigenek oraindik estigmatizazio handia pairatzen dutela gizartean. Ruk’u’x Qatinamit sarea 4 eskolak osatzen dute: 2 Chimaltenango-n, 1 Patzicía-n eta 1 Tecpán-en. Inguru urbanoan daude denak eta egoera soziolinguistikoari erreparatuta eskolara ailegatzen diren ikasle gutti batzuk bakarrik dakite kaqchikela etxetik.

Lau eskolak bisitatu genituen, ikasleak ezagutu eta nola lan egiten zuten erakutsi eta gero bilerak egin genituen zuzendariekin, irakasle taldeekin eta gurasoekin. Bileretan hizkuntzaren biziberritzearen gaineko kontzientzia landu genuen nagusiki eta baita biziberritze prozesu horretan alor bakoitzak jorratzen duen papera. Gainera, esperientzia truke horretan lau eskolatako irakasleekin topaketa bat egin genuen tailer formatuan, hala eskatuta, metodologia trukea egiteko.

Erran dugu murgiltze eredura bidean daudela sareko eskolak, baina eskola batek lortu du murgiltze ereduan lan egitea, dagoeneko urte batzuk daramatza ezinezko iduri zuena egiten: ikasgai guztiak kaqchikelez izatea, horretarako materialak sortu eta irakasleak formatzea eta guztia sistematizatuta jasotzea. Munduan 7.000 hizkuntza solasten badira ere ez horrelako hezkuntza proiektuak urriak dira, hortaz da hain garrantzitsua kaqchikel eskola honen aitzindaritza aitortzea. Gainera, kalitatearen aldeko apustu metodologikoak babestuta, ari da emaitza nabariak lortzen. Bat bakarrik aipatzeko, Estatuko frogetan emaitza onak izateaz harago, eskola komunitatean bertan erreferente bilakatzen ari da eta horren froga da dagoeneko indigenak ez diren familia batzuk erabaki dutela haurrak kaqchikelezko murgiltze ereduan eskolaratzea. Ez hori bakarrik, proiektuaren parte izateaz harro daude familia horiek. Izutzekoa da Chimaltenango ezagutu berritan hango eskola batekin nolako hurbiltasuna dugun, zeinen txiki sentiarazi nahi duten han, hemen bezalatsu, eraldaketa sozialerako palanka hau.

Finean, munduaren bertze puntara joan ginen bai, baina hein batean, denboran bakarrik bidaiatu genuen. Nik irakasle konbentzitu eta irribarretsu horiek begiratzen nituelarik gure barride edo auzokoak ikusten nituen; indigena talde baten aitzinean indigena izan gabe eskola komunitatearekin bat egin zutela konbentzituta erraten ziguten guraso horiek aditzen nituelarik gaur egungo euskaldun gehienen gurasoak entzuten nituen eta gu, parean, gu ginen: ez gabezi amigabeen zaku zulatua, baizik eta hogeitaka begi pareren ilusioak kutsatuta egunerokoan etorkizuna eraikitzen segitzeko indartutako gu, Tafallatik eta Gasteiztik ez dugulako maiz pentsatzen munduaren bertze puntarendako gu garela guretako Baztan, Aretxabaleta edo Donostia direna.

      

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus