Albisteak

Garabide Elkartearen KLIKA

2019/03/25

‘Aro berriari, klika’ ekimena aurkeztu zen Albaola museoan: arloz arloko konpromiso-bilduma bat da, euskararen normalizazioan aurrerapauso berriak emateko, «Esanetatik konpromisoetara jauzi egitea» aldarrikatu genuen pasa den larunbatean Albaola Itsas Faktorian. Bilduma hemen eskuragarri badago ere, nabarmendu nahi ditugu aurkezpen ekitaldian Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo KORRIKA arduradunak hitzaurrean bildutako hitzak: «Normalizazioa ez da etorriko soilik norbanakoon konpromisoetatik, baizik eta normalizazioaren ikuspegi hori gizartearen atal guztietan modu transbertsalean txertatzetik».

Hala, konpromiso-hartzaileen artean dago Garabide eta baita beste hainbat gizarte eragile, hala nola, EAJ eta EH Bildu alderdi politikoak, ELA, LAB eta CCOO sindikatuak, unibertsitateak, Eusko Legebiltzarra eta Nafarroako Parlamentua eta hainbat arlotako gizarte-eragileak, hala nola Ongi etorri errefuxiatuak ekimena.

Hona hemen Garabidek sintatutako konpromisoak:

Garabide Elkartea kooperazio era berria egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Zehazki, lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditugu euskararen esperientziatik abiatuta. Horri hizkuntza lankidetza deitzen diogu eta, gure ustez, klika da euskal kooperazioan.

Aurreikuspenek diotenez mende honetan munduko hizkuntzen erdia baino gehiago desagertuko da. Eta ez da etorkizuneko kontua soilik, oraintxe bertan bi astetik behin hiltzen da hizkuntza bat. Mundu mailako korapilo honetan bada datu kezkagarri bat: herri gehienak ez dira beren hizkuntzarekin gertatzen ari denaren larritasunaz ohartzen eta, gainera, ez dago biziberritzeko estrategiei buruzko kontzientzia global garbirik. Honen aurrean, gure ustez, klika da mundu mailako dimentsioaren kontzientzia hartzea.

Garabiden sorreratik lan egin dugu ez bakarrik munduko hizkuntza gutxituei begira, baita euskalgintzaren esperientzia ikertu, didaktifikatu eta hedatzearen alde ere. Euskarak bide garrantzitsua egin du berreskurapenari dagokionez azken mende erdian, baina hizkuntza minorizatu bezala etengabe aritu behar du normalizaziorantz lanean eta Garabiden ez dugu ahazten barrura begirako lan hori. Leihoak mundura zabaltzearekin batera etxean mundu oso bat dugula aldarrikatzea, gure ustez, klika da.

Nazio Batuek 2019. urtea Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu duten honetan Garabidetik bereziki klika egin eta eginarazi nahi dugu; klika euskarari, klika munduko gainerako hizkuntza gutxiagotuei, klika biziberritzeari eta, batez ere, klika munduko auzolanari. Horretarako, ondoko konpromiso hauek hartzen ditugu:

  • Garapenerako lankidetzaren eremuan esperientzia trukean oinarritutako hizkuntza lankidetzak biziraun dezan lan egiten jarraitzea eta, horrekin batera, euskal lankidetza proiektuetan hizkuntza gutxiagotuen zeharkakotasuna aldarrikatzen jarraitzea. Hau da gure klika euskal kooperazioan.
  • Euskararen eta euskal kulturaren garapenean lanean ari diren eragileek munduko hizkuntza komunitate gutxiagotuekiko lankidetzarako beren esperientzia eskain dezaten sustatzea, horretarako markoa eta bideak eskainiz. Hau da gure klika mundu mailako kontzientzian, elkar ezagutzan.
  • Eraldaketa sozialaz ari garen heinean, gaitasun indibidual, zein kolektiboak indartzea zapalkuntza anitzak gorpuzteari ahalduntze estrategia bateratuen bidez erantzun ahal izateko. Hau da gure klika barrura begira eta, aldi berean, mundura zabaltzean.
  • Korrikaren eta Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtearen testuingurua baliatzea ekimen zehatzen bidez munduko hizkuntza gutxiagotuen biziberritze lanetan ari diren eragileen lana bistaratzeko eta gai honek eragileen agendetan behar duen tokia aldarrikatzeko. Hau da gure klika etorkizunari.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus