Albisteak

ASTE BETE BIZIPEN IKASTALDI TRINKOAN

2017/10/09

Astebete iragan da Ikastaldi Trinkoa hasi zenetik, zazpi egun eta hamaika bizipen ekarri ditu Ikastaldi Trinkoaren lehen aste honek. Egin dezagun errepasoa.

Astelehenean, urriak 2, Garabideko lehendakariak, Andoni Barreñak, Garabidek jorratzen duen hizkuntza lankidetzaren oinarriak azaldu zituen. Laburbilduz, ezaguna dugun kooperazio eredu klasikotik atera eta ardatza herri indigenetako hizkuntzen biziberritzean jartzeari deitzen diogu hizkuntza lankidetza. Zergatik? Gure herriak partekatzeko esperientzia edo jardunbide bereizgarririk badu, hori euskararen biziberritze esperientzia delako eta uste dugulako gure ardura dela hegoaldeko herriekin hori partekatzea, aldi berean beraiengandik ere ikasteko. Horrez gain, Garabideko lehendakariordeak, Jon Sarasuak, Ikastaldi Trinkoaren nondik norakoak azaldu zituen. Hauxe da, hain zuzen ere, egitura akademikoa:

0 Modulua; Sarrera

1 Modulua; Hizkuntzen biziberritzeari buruzko sarrera teorikoa

2 Modulua: Euskeraren biziberritze prozesuaren gakoak

3 Modulua: Hizkuntza politika eta hizkuntza plangintza

4 Modulua: Politika publikoak, legegintza eta gizarte ekimenak

5 Modulua: Hegoaldeko hizkuntzen diagnostikoa, erronkak eta praktika onak

6 Modulua: Testuinguru sozio-politikoa: emakumearen ahalduntzea, gatazka politikoa eta partehartze mugimenduak.

7 Modulua: Biziberritzerako estrategien diseinua

 

Egunaren azken partean ikasle bakoitzak bere hizkuntza komunitatearen aurkezpena egin zuen eta biziberritzerako abian dauden ekimenenak partekatu zituen kideekin.

Asteartean, urriak 3,  HUHEZIko irakasle den Julen Arexolaleibak soziolinguistika atalari hasiera eman zion eta biharamunean ere horretan jardun zuen. Tartean, astearte arratsaldean, Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangak 3 orduko saioa eskaini zuen munduko hizkuntzen ekologiaz. Ikasleak zur eta lur utzi zituen bioaniztasunaren munduko mapa bat eta hizkuntza aniztasunaren beste bat alderatu eta eremu geografiko berdintsuetan bi alorretako aniztasuna pilatzen zela erakutsi zuenean. Gainera, bioaniztasuna babestu beharraren kontzientzia, oro har, barneratuta daukagula nabarmendu zuen eta, aldiz, hizkuntzen alorrera ekarritakoan egoera oso bestelakoa dela. Eguna borobiltzeko Aretxabaletako alkateak, Unai Elkorok, harrera egin zien udaletxean hizkuntza gutxituetako ordezkari indigenei. Izan ere, Aretxabaletan ematen dira eskolak, Bagara elkartearen egoitzan.

Osteguneko edukiak Jon Sarasuaren  eta Andoni Barreñaren eskutik jaso zituzten agintari indigenek. Euskararen biziberritze prozesuen berri eman zuen goizean Sarasuak eta produkzio kulturalaz jardun zen bazkalondoan. Eguna bukatzeko corpusaren lanketari buruz aritu zen Andoni Barreña.  

 

Ostirala, urriak 6, Bilbo aldera lehen bisita didaktikoak egiteko eguna izan zen. Lehenik eta behin, Euskaltzaindiara hurbildu ginen, erakundearen sorrera eta garapenaren berri izateko. Ondoren, Bilboko Udalean Alba Fatuarte zinegotziak eta Euskara Saileko ordezkariek euskarak Bilbon bizi duen egoera aurkeztu zuten eta hizkuntzaren erabilera sustatzeko programak aletu zituzten. Arratsaldean Zenbat gara elkarteko Xabier Monasteriok banan bana gidatu gintuen euskararen biziberritzerako Bilboko hainbat guneetan zehar: Kafe Antzokia, Gabriel Aresti euskaltegia eta Bilbo Hiria irratia.

 

Zinez asteBETE igaro da! Honaino laburpena, gaur zortzi hementxe daukagu zita berriz ere egindakoaren berri emateko. Bitartean, gehiago jakin nahi baduzu blogean jarraitu gaitzakezu, hantxe dituzu kuxkuxerorik kuxkuxeroena ere asetzeko moduko istorioak. Aurrerapen gisa esango dizuegu aste honetan ere ez dugula aspertzeko tarterik izango, besteak beste, Beasain, Barañain, Baiona eta Lesakan egongo baikara!

 

Jendaurreko ekitaldiak:

Asteartean, urriak 10, Barañaingo liburutegian 19:00etan "Beltzean Mintzo" filmaren proiekzioa, Kitxua eta Nasa ordezkari indigenen hitzekin lagunduta.

 

Asteazkenean, urriak 11, Beasaingo Igartza jauregian, 19:00etan, "Solasaldi irekia" Jon Sarasua eta lider indigenekin.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus