Elebiduna, ni?

EUSKARA hizkuntza inklusiboa dela diote. Gainerako hizkuntzak baino are inklusiboagoa. Baliteke. Garai batean tranpa diskurtsibo txiki bat erabili izan dugu: “Elebidunak bai, jakina… baina hemen soilik euskaldunak gara elebidunak; erdaldunak, ez… erdaldunak elebakarrak dira”. Akordatzen? Falazia txiki bat da (era onean esanda). Gure eskemaren arabera, erdaldunak euskaraz ikasi ahala, euskaldun bihurtzen dira eta erdaldun izateari uzten diote. Beraz, ezin da, definizioz, erdaldun elebidunik izan.

Duela gutxi Kathryn A. Woolard irakasleak on-line emandako hitzaldi bat entzuteko aukera izan nuen. Woolardi deigarri egiten zaio hizkuntza gutxitu batzuen kasuan komunitateek elebitasunaren aldeko apologia egiten dutela (adib. komunitate hispanoak Estatu Batuetan) eta beste batzuek, ordea, elebitasunaren ideia errefusatu egiten dutela (katalanak, euskaldunak…). Aracilek berak funtsezko paradoxa bat nabarmendu zuen: elebakarrak dira elebitasunaren aldekoak, eta elebidunak elebitasunaren kontrakoak.

Kontua da elebitasuna ez dela soilik egitate soziolinguistiko baten deskripzio hutsa. Ideologia linguistiko bat ere bada. Soziolinguistikan, ideologia linguistikok dira pertsona edo giza talde batek hizkuntzei buruz dituen ideien multzoak. Haren ustez, hortxe dago koxka: etiketa horren atzean izkutatzen diren ideiak eta ideia horiek osatzen duten ideologia hizkuntza normalizazioaren kontrakoak dira eta horregatik errefusatzen ditugu. Ideologia horren bi adibide dira, esate baterako, “Galicia Bilingüe” eta “Manifiesto por la Lengua Común”. Bietan egiten da elebitasunaren defentsa, hizkuntza nagusiaren hegemonia defendatzeko. Muturreko adibideak dira, baina badira kasu sotilagoak (eta agian, horregatik, arriskutsuagoak).

Elebitasunaren ideologiaren aurka, bada Carod-Rovira politikari katalanaren aipu interesgarri bat: “elebitasuna hizkuntzarentzat da federalismoa politikarentzat den gauza bera: anestesiko bat, tapoi bat, galga bat”. Halere, batzuen ustez, akatsa da elebitasunaren kontra agertzea. Elebitasunaren defentsa egin behar dela uste dute, bestela supremazismo linguistikoak kontzeptu hori kolonizatu egiten duelako. Ez dakit, bada!. Zaila da joko-zelai horretan jokatzea. Agian horregatik egiten zaigu horren erakargarri eleaniztasunaren ideia: ikuspegi zabalagoa ematen digulako eta logika binario horretatik ihes egiteko aukera eskeintzen digulako. Nork bere hizkuntza eta euskara denona.

Oharrak:

Hemen agertzen den ia-ia guztia Woolard-en hainbat testutatik eta hitzaldi horretatik ateratako ideiak dira.

Woolard-ek anonimatoaren ideologiaz eta identitatearen ideologiaz jardun du. Horren apunte bat jaso nuen hemen: https://www.garabide.eus/blogak/allartean/2014/07/08/dont-call-me-vasco/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude