Dokumentuak

Euskararen Berreskurapena I - Hizkuntzak biziberritzeko gako batzuk

2015/03/02 - Liburuak

Euskararen biziberritze partziala aztertu, sintetizatu eta erakusteko Garabide Elkarteak hasi duen lanaren lehen emaitza duzu ondoko liburua. Euskararen esperientziaren gakoak azaltzeko eta erakusteko euskarria da, Euskararen berreskuratzea izeneko dokumentalarekin batera zabaldua.

Euskal Herritik kanpokoentzat egindako lana da batez ere, hizkuntza gutxituak dituzten beste komunitateentzako. Sumatzen dugulako euskararen esperientziak munduko jatorrizko zenbait hizkuntzaren berreskuratze bidea argi dezakeela.

Aurreikuspenek diotenez, mende honetan hizkuntza asko desagertuko dira. Munduan diren jatorrizko hizkuntza gehienak epe ertainera desagertuko diren hizkuntzen artean daude, eta galdu egingo dira une honetan duten joera errotik aldatzen ez bada. Honetan bada datu kezkagarri bat: herri gehienak ez dira beren hizkuntzarekin gertatzen ari denaren larritasunaz ohartzen. Gainera, ez dago biziberritzeko estrategiei buruzko kontzientzia garbirik.

Egoera honetan, uste dugu euskarak izan duen bilakaera partekatzeak eta ezagutzera emateak ekarpena egin dezakeela munduko bazterreko hizkuntzen plazan. Nolanahi, argi dugu euskararen berreskuratze bidean aurrerapausoekin batera oker egindakoak ere izan direla, kritika ere egin behar dela. Egindakoaren errebisio kritikoa egin datekeela uste du Garabidek, eta hortik abiatuta eginkizun ditugun hainbat lan azaldu. Gainera hobeto lagunduko ditugu inoren prozesuak norbere akatsak onartzetik abiatuta. Lan honen hurrengo ataletan, alorrez-alorreko azterketan, sakonago aztertuko ditugu alderdi onekin batera izandako hutsegiteak ere.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2017 Garabide

Jose Arana 13, 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa
943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus