Albisteak

Martxoaren 8an Garabideko emakumeok planto

2019/03/05

Badator matxoaren 8a eta egun horretan Garabideko emakumeok greba egingo dugu pairatzen ditugun desberdintasunei aurre egiteko. Asko dugu aldarrikatzeko eta, oraindik ere, asko dugu lortzeko. Horregatik, datorren martxoaren 8an kalera aterako gara gizarte bidezkoagoa aldarrikatzeko, emakumeok* eskubide eta aukera berak izan behar ditugula aldarrikatzeko eta gorputzen ditugun zapalkuntza anitzen aurrean, tartean hizkuntza eta generoa, emakume* euskaldun bezala ahalduntze ariketa kolektiboa egiteko. Euskal Herriko Bilgune Feministak deitutako greba feminista honetan Euskadiko GGKEEen Koordinakundeak deia egin du lankidetzaren arloak bat egin dezan eta hala egin dugu Garabiden. Sektore bereziki feminizatua da lankidetza edo kooperazioa, ez baina guk jorratzen dugun hizkuntza lankidetza. Horregatik, hain zuzen ere, uste dugu motiboak soberan ditugula martxoaren 8an planto egiteko.

Jarraian interesgarri deritzogun informazioa bildu dugu:

  • Grebaren deitzaile den aldetik, ostiraleko greba feministari buruzko informazio xehea hemen zintzilikatu du Bilgune Feministak. Horrez gain, grebaren GAKOAK bildu dituzte Berrian:

Martxoaren 8an «emakumeak, bollerak eta transak» greba egitera deitu ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak, Heteropatriarkatu kapitalistari planto! Bizitzak erdigunean! lelopean. Hona hemen jakingarri nagusiak:

Bost ardatz

Greba feminista bizitzako esparru guztietara iristen dela adierazi du mugimenduak. Dena den, deialdia bost eremutan ardaztu dute: enplegua, zaintza, kontsumoa, ikasketak eta pentsioak —iazko deialdiak izandako lau ardatzei pentsioena gehitu diete aurten—.

Nola egin greba?

Lanuzteak. Lantokietan eta ikasgeletan 24 orduko greba egitera deitu du mugimendu feministak, gehiengo sindikalaren babesaz.

Zaintzeari uztea. Zaintza lanak egiteari uzteko deia ere bada. Hori irudikatzeko, amantala balkoian eskegitzea proposatu dute.

Mobilizazioak. Hiriburuetan bi manifestazio handi egingo dituzte: 12:00etan eta 19:00etan. Herrietan eta auzoetan ere hainbat mobilizazio antolatu dituzte.

Bestelakoak. Besoko morea jantzi, txapak eraman...

Zein da gizonen rola?

Zaindu. Inguruko emakumeek greban eta mobilizazioetan parte hartzeko modua izan dezaten, zaintza lanak eurek hartzeko eskatu zaie gizonei.

Enpresetan. Greba egin nahi duten emakumezko lankideak babestu, eta eguneko soldata mugimendu feministari edo erresistentzia kutxari eman.

Ez kontsumitu. Grebaren kontsumo ardatzarekin bat egin dezakete.

Kontzientzia hartu. Grebaren ostean, beste gizonekin bildu, maskulinitateaz eta pribilegioez hausnartzeko.

 

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2017 Garabide

Jose Arana 13, 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa
943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus