Albisteak

KURDUA, GERRAK BALDINTZATUTAKO HERRIA

2018/05/28

Kurdistan Ekialde Ertaineko iparraldean eta Transkaukasiako hegoaldean kokatutako Asia Txikiko lurraldea da, itsasora irteerarik ez duena.  Historikoki bertan bizi den herri kurduak erreklamatu badu ere lurralde hori  bost estatutan banatuta dago: Turkia, Irak, Iran eta Siria nagusiki baina baita Armeniako enklabe txiki bat ere.

Aipatu lurraldeetan Kurdistanek 392.000 km2 inguruko eremua osatzen du. Askotan aipatu da kurduena dela munduko gutxiengorik handiena eta, baieztatu berri dugunez, hizkuntza eta kultura kurduaren hedapenak Kurdistan historikoa gainditzen du.

Kurduen historia garaikidea etengabeko borroka izan da beren herriaren etorkizuna erabaki eta gidatu ahal izateko. Labur esanda, eta gaur Kurdistaneko eremu zabalek bizi duten gerra egoera dugula horren erakusgarri, gudu kroniko baten kronika izan da kurduen azken mendeotan biziraupenaren kontakizuna.

Eta mendeetan zehar luzatzen ari den bataila horretako bortxak eta minak (une honetan ere errefuxiatuak, bonbak, hildakoak, errepresioa eta bizimoduaren halako behin-behinekotasunak presente daude eskualde zabaletan) ezaugarritzen ditu herri kurduaren oraina eta aspirazioak.

GARABIDEk fokua Kurdistan turkiarrean du jarrita eta egin dituen azterketa zein lan praktikoak eremu horretan egin izan ditu. Turkian 15,4 milioi kurdu bizi dira –Turkian bizi direnen biztanleen %24.

Herri kurdua ez dago ofizialki errekonozituta Turkian, honek dakartzan ondorio praktiko (eta mingarri) guztiekin.

Kurduekin orain artean landutakoa honakoa izan da:

  • Aditu Tituluaren bigarren edizioan parte hartu zuen Suna Altunen bidez urratu da kurduekiko bidea. Hizkuntza Biziberritzeko Istanbulgo Institutu Kurduarekin egin  da harremana bere eskutik.
  • Alan Kanjo izeneko jatorri kurduko katalan bat Garabiderekin harremanetan jarri zen 2014ko urrian Turkian (Siriako mugan) dauden errefuxiatu kurduei hezkuntza kurdua eskaini ahal izateko.
  • Kurduen delegazio bat egon zen bisitan Euskal Herrian 2015eko abenduan.

 

Elkarlanerako arrazoiak honako hauek dira: 

  • Hego Amerikako kanpoko hizkuntza-ardatzak lantzeko aukera dugu Kurdistanen.
  • Hiztun askoko eta kontzientzia handiko komunitatea da.

 

Aurrera begirako erronka eta proiektuak:

  • Hizkuntzaren egungo egoeraren analisitik abiatutako hizkuntza plangintza integral bat egitea.
  • Eragileen formazioa. Eskola Soziolinguistikoa sortzeko proiektua landu zen azken Aditu Tituluan.
  • Suna Altunen parte hartzea 2018ko irailetik abendura bitartean egingo den Aditu Tituluan.

Erlazionatutako proiektua

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2017 Garabide

Jose Arana 13, 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa
943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus