Albisteak

“Guk ez dauzkagu 50 urte gure hizkuntza biziberritzeko”

2018/05/23

Poloniako hizkuntza gutxituetako bat da kaxubiera, Kaxubia eskualdean, Pomeraniako probintzia administratiboan hitz egiten dena, Gdunsk (polonieraz Gdansk, alemanieraz Danzing) hiriburuaren inguruan, Baltikoaren kostaldean. Bertako 240.000 biztanlek dute euren burua kaxubiartzat eta horietatik 108.000 inguru dira kaxubiera hiztunak. Hizkuntza eslaviarra da, hau da txekiera, eslovakiera, poloniera eta sorbieraren familia berekoa. Ofiziala ez bada ere, 2005ean eskualdeko hizkuntza gisa aitortu zuen Poloniako parlamentuak.

Egun hauetan Euskal Herrian izan dira Kaszebsko Jednota (Kaxubiarren batasuna) elkarteko Anna Kościukiewicz-Jabłońska eta Artur Jablonsczi eta beraiekin solasalditxo bat egiteko tartea hartu dugu.

Anna eta Artur (2. eta 3. eskuinetik hasita) Garabideren egoitzan

 

  • Hasteko, azalduko diguzue zein den kaxubiarren historia labur-labur?

Kaxubiarren azken mendeetako historia gordina da, polonizazio prozesu luze bat eta gero lehen mundu gerrak ekarri zuen Kaxubiako lurrak banatu eta zati bat Poloniaren menpe egotea. Gero, bigarren mundu gerra kaxubiarren okupazioarekin hasi zenean, Naziek kaxubiar intelligentsia-ko 400 kide sarraskitu eta beste kaxubiar asko euren lerroetan soldadu aritzera behartu zituzten. 1940.urtean Himmlerren volkslist zerrendetan izena ematera bultzatzu zituzten kaxubiarrak, sailkapen horretako lau kategorietatik hirugarrenean: Eingedeutschte (Alemaniarra > "Borondatez germanizatutakoa") — pertsona indigenak, Nazien arabera partzialki polonizatutakoak (gehienak silesiarrak edo kaxubiarrak); zerrenda honetan izena ez emateak sarritan deportazioa edo kontzentrazio esparruetara eramatea zekarren.

Nazien okupazioa eta gero armada gorria kaxubiarren lurretan sartu zenenan herri eta hiriak suntsitu zituen, naziekin kolaborazioa egotzita. Bigarren mundu gerraren ondoren kaxubiarren lurralde osoa gelditu zen Poloniaren mugen baitan.

Germanizazio eta polonizazio prozesuen ostean Sobietar Batasunaren garaiko politikek kaxubiera debekatu eta zigortu zuten. Ezin ginen bildu hizkuntza edo kultura bultzatzeko elkarteetan, eskoletan kaxubieraz hitz egiten zuten haurrak zigortzen ziren eta, oro har, gutxiespen jarrera indartzen zen gizartean. Hori guztia dela eta, kaxubiera desagerrarazi zuten eremu publikoan eta familietan ere belaunaldien arteko transmisioa eten egin zen kasu askotan.

 

  • Gordina, bai, bizitakoa. Hala eta guztiz ere, hizkuntzaren biziberritze lanetan zabiltzate. Noiztik eta zertan?

1956 urteaz geroztik nolabaiteko zabalkundea egon zen eta, oso kontrolatuta eta mugatuta egonik ere, baimena lortu zen Kaszëbskò-Pòmòrsczé Zrzeszenié kaxubiarren elkartea sortzeko (gaur egun arte irauten du eta 5.000 kide inguru ditu, tartean Donald Tusk bera). Beranduago, 1989an Solidarnosc sindikatuak Gdunskeko astilleroetan egindako protesta ospetsuetan kaxubiarrak ziren %40 inguru. Mobilizazio politikoaren baitan, zeharka bada ere, identitatea galdu ez zedin borrokatu ziren. Noski, apurka-apurka hasi zen mugimendua forma hartzen, akaso motelegi gure hizkuntzaren egoera ikusita.

Guk, tamalez, ez dauzkagu 50 urte euskaldunek bezala gure hizkuntza biziberritzeko. Hiztun gehienak zaharrak dira, familietan ez da gurasoen ama hizkuntza eta, beraz, haurrei transmisioa zaila da. Hiztun berririk ez badugu sortzen matematikak zerora garamatza (barrez)!

Horregatik hasi ginen neurri zehatzak hartzen. Labur esanda, 2004 sortu genuen Radio Kaszebe, lehenengo aldiz kaxubiera entzun zedin informaziorako hizkuntza gisa (aurretik tarte txikiak eta, normalean, folkloreari lotutakoak zituen irrati publikoan). Hamarkada eta erdiko ibilbidean lortu dugu irrati elebidun hau eskualdeko entzunena izatea eta irratiaren bidez bestelako proiektuak bultzatzea. 2011n Kaszebsko Jednota elkartea sortu genuen Kaszëbskò-Pòmòrsczé Zrzeszenié kaxubiarren elkarteko kide izandako batzuk, hizkuntzaren biziberritzearen aldeko ekintza eraginkorragoak eta sentsibilizazio handiagorako beharra ikusita. Bide horretako azken pausua izan da 2017an ireki genuen Naja Szkola, lehen hezkuntzako eskola, kaxubieraz eta polonieraz, eredu elebidunean. Euskal Herriko hezkuntza ereduetan inspiratuta gaude, baina gure errealitatera moldatuta. Etorkizunean murgiltze eredurantz jo nahi dugu, baina gure errealitatea zein den ikusita eredu elebiduna da gaur-gaurkoz egingarria zaiguna, hiztunak sortzeko lehen pausoa. Hizkuntzarekin batera, hezkuntza eredu propioa eraiki nahi izan dugu gure eskolan, IKTak eta hedabideak zutabe hartuta.

 

  • Euskal Herrian zaudete egun hauetan. Zertan zehazki?

Euskal Herriko eragileekin proiektuak lantzen ari gara 2014tik. Nafarroa Oinezeko “Txikiak Handi” proiektuari esker izan genuen lehen kontaktua Baztan Ikastolarekin eta ordutik elkarlanean gabiltza. Hein batean, elkar ezagutze horri zor diogu, adibidez, eskola martxan jarri eta Korrika bezalako ekimenak ere etxekotu izana. Azken urtean Garabide Elkartearekin ere lanean gabiltza eta, hain zuzen ere, bisita honetan proiektuen jarraipena egiteaz gain Garabideren eskutik euskara biziberritzeko esperientzia zehatzak ezagutuko ditugu.

Aste hasieran, esaterako, Hala Bedi irratiaren proiektu komunitarioa ezagutu genuen Gasteizen, ikaragarriak dira proiektuaren oinarriak, irratitik askoz ere harago doa! Euskal Herrian harribitxiak dituzue han-hemen. Asteartean Elgoibar Ikastolan egon ginen, IKTen arloan erreferente baita Europan eta, gure dimentsioak bestelakoak badira ere, plataforma birtual berdinak erabilitzen ditugunez, uste genuen asko genuela elkartrukatzeko eta, noski, hala izan zen. Oso aberasgarria izan da, gure txikitasunetik, horrelako proiektu handia arrakastaz martxan dagoela ikustea, ez gara ero batzuk edo, hau badago ortzimugan, zoragarriki ero gaude!

Ondotik Garabide Elkartean bildu ginen munduko hizkuntzen biziberritzearen ikuspegi globalago bat izateko. Gure abiapuntura bisita egin gabe ezin Euskal Herria utzi eta Baztan Ikastolan bildu ginen asteazkenean, elkartruke programa bat martxan jartzeko erronka amankomuna baitugu. Ikusiko dugu zer ematen duen honek guztiak, pilak kargatuta goaz orain Valentzia aldera, NPLD (Network to Promote Linguistic Diversity) erakundearen urteko batzarrera, Europako sare horretako kide baikara. Aste bukaeran itzuliko gara Kaxubiara, bidean aurrera egiteko motibazio handiarekin.

Mila esker, DZÂKA Euskal Herria!

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus