Albisteak

Garapenerako lankidetza-proiektuetan hizkuntza-irizpidea txertatzeko proposamena aurkeztu dute elkarlanean Garabidek, Unesco Etxeak eta Soziolinguistika Klusterrak

2015/01/01

Hizkuntza gizarteen adierazpide garrantzitsuenetakoa da, baina ez da beti kontuan hartzen garapenerako prozesuak proposatzean. Munduan hizkuntzak desagertzen ari dira, etengabe, eta egoera horretan, garapenerako lankidetzak aztertu egin behar du zer eginkizun duen hizkuntzak prozesu horietan, bai eta zer-nolako eragina izan dezakeen lankidetzak hizkuntza-galera horretan ere.

Garapenerako lankidetza-proiektuetan hizkuntza-ikuspegiaren aplikazio praktikorako, UNESCO Etxeak tresna hau asmatu du. Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzaz sortu du, kulturak eta kultura-prozesuek garapenean duten garrantzia nabarmentzeko ahalmenak sortzeko bi proiekturen markoan.

UNESCO Etxeak koordinatutako proposamen hau, Soziolinguistika klusterraren Belen Uranga teknikariak egin du, Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra eta Garabide GGKEaren laguntzarekin.

Horretarako, material honek nazioartean dauden zenbait baliabide hartu ditu erreferentziatzat; hain zuzen, garapenerako nazioarteko lankidetzako prozesuetan parte hartzen duten eragileen planetan hizkuntza-dimentsioa sartzeko beharraren alde egiten dituzten baliabideak.

Halaber, euskal lankidetzaren erreferentziazko zenbait plan aztertu ditugu, ikuspegi hori nola lantzen den jakiteko: AECIDen Espainiako Lankidetzaren Plan Zuzendaria 2013-2016; Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Plan Zuzendaria 2008-2011; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Foru Plana 2013-2016; Bizkaiko Foru Aldundiaren Plan Zuzentzailea 2013-2015; Arabako Foru Aldundiaren Plan Zuzentzailea, eta Nafarroako Lankidetzarako II Plan Zuzendaria 2011-2014.

Argi dago bidea hasi baino ez dela egin, baina ekarpen hau egin nahi dugu, beste eragile batzuek egingo dituztenekin osatuko dena.

Hemen ikus dezakezue dokumentua

 

Iturria: Unesco Etxea

 

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus