Albisteak

EKITALDIA: "Hamaika amets eta beste bat gehiago"

2017/10/24

Dakizuen bezala Garabiden Hizkuntza Biziberritzeko Gidaritzari buruzko Ikastaldi Trinkoan murgilduta gabiltza urrian zehar. Labur-labur gogora ekartzeko, hizkuntza gutxituetako 12 agintariei zuzendutako formazio programa honek barne hartzen ditu 140 klase ordu (euskalgintzako zenbait ordezkari irakasle lanetan jarrita), euskararen biziberritzean lanean ari(tu) diren eragileei bisita didaktikoak eta sentsibilizazio ekintzak euskal gizartera hurbiltzeko (mahai-inguruak, proiekzioak...). Garabidek egiten duen hizkuntza lankidetza, azken finean, hizkuntza gutxituen arteko esperientzia trukean oinarrituta baitago. Egindakoaren berri astelehenero ematen dizuegu gure webgunean, bideolaburpena barne, eta egunez-egun sare sozialetan (Twitter eta Facebook), zein Ikastaldi Trinkoaren jarraipen blogean

Urria eta, beraz, Ikastaldi Trinkoa bera bukatzear dago eta, hain zuzen ere, horregatik urriaren 30ean ospatuko dugun agur ekitaldira hurbiltzeko gonbidapen irekia luzatu nahi dizuegu, Aretxabaletako *Galartzako dorretxean "Hamaika amets eta beste bat gehiago" izenburupean. Honen bidez, alde batetik, Ikastaldi Trinkoari babesa eman diotenei eskerrak eman nahi dizkiegu eta, bestetik, garabidetar guztiak batu nahi zaituztegu familiara bildu eta 12 agintariak giro goxoan agurtzeko.

Programari dagokionez, astelehenean 17:30ean elkartuko gara Erdi Arokoa den *Galartzako dorretxean, paraje liluragarrian ordu pare bat elkarrekin pasatzeko. Sarrera moduan lau hitz entzun ondoren ekitaldi zentralari ekingo diogu: ametsen mosaikoa eraikiko dute elkarrekin euskalgintzako eragileek eta hizkuntza gutxituetako 12 agintariek, sinbolikoki ezagutza elkartrukatzeko eta, aldi berean, hizkuntza komunitate bakoitzaren etorkizunerako ametsak bistaratzeko. Bukatzeko, hizkuntzen arteko kantu trukaketa izango dugu mokadutxo baten aurretik.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, sarri arte!

*Helbidea: Galartza Elizaurrea Auzoa, 9, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2017 Garabide

Jose Arana 13, 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa
943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus