Albisteak

"Bost Truke: Andeetako, Kurdistaneko eta Serbiako jasokinak" liburuaren aurkezpena

2015/12/03

Aurkezpena

Larunbatean, abenduaren 12an, goizeko 11:00etan Jon Sarasua Garabideko kideak bere azken liburua "Bost Truke: Andeetako, Kurdistaneko eta Serbiako jasokinakaurkeztuko du, Durangoko Azokaren baitan. Pamiela argitaletxearekin ondu du lana, eta bertan azken urtean egindako bost bidaidetzetako gogoetak batzen dira, gehienak hizkuntza lankidetzaren baitako esperientzia trukeetan jasotako oharrak.

Bost Truke

Kolonbia, Bolivia, Kurdistan, Ekuador eta Serbiara egindako lan-bidaietako testu laburrek osatzen dute Bost truke. Bazter horietako gertakari txikien marrazki-sorta moduko bat da: hizkuntza-komunitate gutxituekiko harremanak, kooperazio linguistikoaren pausuak, Boliviako gobernuaren inguruko konturen bat, Serbiako ezker sindikatuen jardunaldikoak…. Jasokinak ibilbidean jasota geratutako puskak dira, egoerak, ekintzen apunteak eta lehen pertsonan idatzitako gogoetak. Tarteka, kitxuak, aimarak, nasak, kurduak edo eslaviarrak munduaren ertzetako ondoezei buruz ari dira testuotan. Eta, oharkabean, euskararen herriaz ere bai.

Liburuaren sarreran Sarasuak idatziak

Inpentsan bost herrialdetan izatea gertatu zait urtebeteko epean, iazko maiatzetik aurtengo apirilera. Kooperazio linguistikoaren baitako lan koxkor batekin batzuetan, bertakoek beste zereginen batera deituta beste batzuetan. Nire lanak Euskal Herrian daude, eta irteera laburrak izan dira gehienak.

Kolonbian, Bolivian, Kurdistanen, Ekuadorren eta Serbian izan naiz, eta buruhaustetxoa dut horrela esan behar dudan, ala nasekin, kitxuekin, kurduekin… izan naizela jartzea dagokidan. Bolivian gobernukoekin jardun nuen eta hiztun komunitate desberdinetakoak ziren tartean. Eta orduan zergatik ez esan kurduekin ze estatutan egon naizen? Kurdistan sartzen badut, zergatik aipatu Ekuador eta ez kitxua herria? Eta abar. Euskaldunen burujateak.

Duela hamaika urte Brasilen sortu zitzaidan testu laburrak idazteko ohitura, hango ikasketak lagunekin partekatzeko. Gimnasia horri jarraiki, aurten hegazkina hartu izan dudanetan testu zatiak ekarri izan ditut Garabide elkartera, han egin edo ikasitakoa nolabait taldekoena ere bazela-eta.

Honen aurrekaria, “Ertzeko zatiak” liburua, Brasilen eta beste herrialde batzuetan izandako lan-bidaietako apuntez osatua da, baina tarteka intentsitate existentzial edo emozional handiko bizipen pertsonalak ditu azpian, kontakizunarekin nahasian. Intimitate-maila delikatu xamarra zegoen lerro artean, eta argitaratzea bera bi aldiz pentsatu beharrekoa izan zen, halakoak izan ziren urte haiek. Aurtengo testu hauek, zentzu horretan, deskriptiboagoak  dira. Zeregin nahiko jakin batekin joan naiz irteera guztietan, eta horretan izandako ikasketa  dute gai nagusi. Apunteen tartean, bestelako behaketak, mini-gogoetak eta ahapaldi libreak doaz, han sortu ziren bezala.

Lau irteera kooperazio linguistikoaren lanetan egindakoak dira, urratu nahian ari garen bide horren zalantza-balantzetan. Kooperazio linguistikoa alor mehea, berria eta ahula da. Bere makalean, jardunbide hori euskararen mundutxoan apur bat gizarteratu beharraz mintzatu izan gara horretan nahastu garenok. Testu hauek kooperazio linguistikoaren abiatze hori dibulgatzeko balio dezakete; bestetik, lehen pertsonan egindako kontakizunak dira, testuingurua ezagutzen zuten pertsonak gogoan hartuta ahoz gora egindako momentuko gogoetak, autozentsura gutxi xamar aplikatuta. Eta nahiko pertsonalak dira zentzu horretan, auto-erreflexiboak tarteka, horrek duen arriskuarekin. Galbahea pasatzea irakurlearen esku.

Azken irteeran ez da hizkuntza-konturik, autoeratzea du gai nagusi, eta aurrekoekiko  sailez kanpo dago nolabait. Bolivian, aldiz, bi gaiak daude nahasian. Gai eta giro desberdinak dira, baina hain zuzen ere horregatik, ustekabean urtebeteko epean bost apunte-sorta desberdin pilatu zirenean, liburu bat atontzeko moduko zirkulua osatu zela sentitu nuen, truke-lan horien instantanea gisan, urtebeteko jasokinen argazki moduan.

Testuen jatorrizko bertsioari oin ohar gutxi batzuk erantsi dizkiogu, testuinguruko elementu batzuk osatzeko. Gainerakoan erreferentzia gehiegi ez dugu jarri, kooperazio linguistikoaz, Garabideren izaeraz edo aipatutako egile apurrez gehiago jakin nahi duenak interneten eskura dauzkala pentsatuta.

Ikasteko modu bat da bazterretan apunteak jasotzea. Ikasteko gogoaren arrastoa agertzeko gai badira, egilea konforme.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus