Albisteak

AFRIKA BELTZAREN BIHOTZEAN: BARIBAK

2018/06/25

Benin Errepublikak 115.762 kilometro karratu eta 9.200.000 biztanle ditu, FVPT -Vie pour tous –Vida para todos -elkartearen webgunearen arabera.

Datu sozio-ekonomiko nabarmenenak hauexek dira:

  • Garapen indizeari dagokionez, 187 herrialdetik 167.a da.
  • 79 bizilagun kilometro koadroko eta 780 dolar per capita.
  • Alfabetatuak gizonezkoen %64 eta emakumezkoen %42.
  • Erlijio nagusiak: islama, kristaua eta vodoun indigena.
  • Hizkuntzei dagokienez frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra, nahiz jatorrizko 35 hizkuntza eta beste hainbat aldaera izan, horiek ez dute  inolako onarpenik estatuaren zein erakunde publikoen aldetik.

 

Bariba herria Benineko jatorriko handienetakoa da populazio-irizpidea kontuan hartzen badugu, laugarrena hain zuzen. Bariba gehienak iparraldean bizi dira, Nigeriako mugaldean, izan ere, badira baribak Nigerian. Bariben %80 Beninen bizi da baina gainerako %20 Nigerian.

 

Hizkuntzari eta kulturari dagokionez, baribak euren hizkuntza darabilte esparru ez-formaletan eta familian. Baina arduratuta dago bariba komunitatea hizkuntzaren bizitasun etnolinguistikoa nabarmen murriztu delako azken hamarkadetan. Izan ere, frantsesaren ofizialtasun esklusiboak ez dio lekurik uzten jarduera ofizialetan bariben hizkuntzari.

Ari dira hezkuntzaren arloan bariba bultzatu eta erabili nahian, baina formakuntzan, alfabetakuntzan eta materialgintzan ez dute jakintzarik metatu eta adituak falta zaizkie.

Duela bizpahiru urte FVPT elkartea UPV-EHUko Munduko Hizkuntzaren Ondarearen UNESCO Katedrarekin harremanetan jarri zen, euren hizkuntza eta kulturak dituen ahulgune eta arriskuei aurre egin nahian. Harreman horren ondorio bat baribar batek GARABIDEk antolatutako Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroaren 3. edizioan parte hartu izana da. Ordudanik GARABIDEk harreman iraunkorra du FVPTarekin eta landu den egitasmo nabarmenena hezkuntzarekin lotuta dago; izan ere bereziki arduratuta baitaude hezkuntzaren arloan euren jatorrizko hizkuntza eskolaratzeko dituzten gabezi metodologiko eta estrategikoekin.

 

Egitasmoarekin jarraitzeko arrazoien artean honakoak ditugu:

  • GARABIDE Elkartearen esperientziatik badakigu txinparta biztea oso garrantzitsua izaten dela elkarte edo herri indartsu bat badago atzean. Zer egin daitekeen, nola has daitekeen, zein urrats egin daitekeen eta nola eraiki plan xume baina oso garrantzitsuak dira nondik jo eza dakitenentzat. Gero, beste jarduera zenbaitetan erakutsi duten legez, euren bide propioa eraikitzeko gai  izango dira.

 

  • GARABIDE Elkartea eta bere egitasmoak ez dira egundo Afrika Beltzean izan, eta garrantzitsua izan daiteke bide hori ere zabaltzea. Gainera, ikuspegi honetatik, Beninen eta Nigerian bariba komunitateak duen indarra eta prestigioa ikusita, beste herrientzat ere eredugarri gerta daitezke bariben etorkizuneko praktika balizkoak hizkuntza biziberritzean.

 

Laburbilduta, indarguneetan hauexek nabarmenduko genituzke:

  • Parte hartzea eta antolatzeko duten gaitasuna.
  • Jatorrizko kulturaren gordetzea eta hizkuntzari begiruneaz gain hezkuntza formalaren txertatzea beharra ikustea eta errebindikatzea.
  • Giza-ekitatean plan estrategikoa eta urrats zehatzak izatea.

 

Ahultasun aipagarrienak, berriz, honakoak dira:

  • Hizkuntza biziberritzeko estrategietan eta metodologietan fomakuntza eza.
  • Erakunde eta agintari publikoek jatorrizko hizkuntzarekiko duten utzikeria. Bidea egin beharko dute hizkuntzaren normalkuntzan Benineko agintariek eta erakundeek euren jarrera aldatzen hasi daitezen.

Erlazionatutako proiektua

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2017 Garabide

Jose Arana 13, 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa
943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus