Hizkuntzaren azken hatsa. Keyuk Yantenen itzulpena


Hizkuntza hiltzen denean gauza magikoak ez dira gehiago ispiluan islatzen; izarrak, eguzkia eta ilargia. Pentsamenduak eta sentsazioak.

Hizkuntza hiltzen denean haren munduak mundu izateari utziko dio, itsasoa eta ibaiak, animaliak eta landareak… ez dira deus izango.

Herriei leiho bat itxiko zaie; atea zabaldu eta munduari begibakarrez egingo diote diosal, lotsaturik.

Hizkuntzaren azken hatsarekin batera maitasun berbak desagertuko dira, mina, dolua.

Izana. Izena

Akaso aitona edo amonen ahotik entzungo ditugun kanta eta ipuin zaharretan agertuko zaizkigu ostera ere, deserri postmodernoaren baitan, hankamotz.

Hizkuntza bat hiltzen denerako, jada ehunka hil dira haren atzetik, eta halako beste horrenbeste hilko dira ondoren.

Gizatasuna pittin bat pobretu da, gizon eta emakumeak txiroagoak gara. Ispiluaren aurrean zimurdura berriak daude, geografia arrotzagoa dute gure gorputzek, gure mugimenduek, gure musuek. Kode ezezaguna darabilte, beste mundu bati dagokiona.

Ispilua hamaika zatitan txikiturik dago;  hitzak hotsik gabeko xurrumurruak. Eguzki eta ilargirik gabeko itzal berriak.

Keyun Yantenek Selk´nam hizkuntzara itzulitako Cuando una lengua muere olerkia da, Miguel León Portillak idatzia. Olerkiarekin batera zetorren gaztelaniazko azalpenaren interpretazioa da.

Selk´nam jatorrizko herria Tierra de Fuego uhartearen inguruan bizi zen harik eta XIX. mendearen ondarrean eta XX. mendearen hasieran erailak izan ziren arte.


http://espaciolautarodores.blogspot.com.es/2014_06_01_archive.html