Hasteko beste modu bat

 

Hasteko beste post bat idazteko asmoa nuen baina urtetan inspirazio iturri izan dudan idazlea izarrekin solas egitera joan da, literatura maitaleok ezezik, sortzaile garenok ere umezurtz geratu gara.

Blogaren izenburuak badu Galeanok irakatsi didanarekin zerikusi handia. Kimün berba jakituria da maputxeraz, zentzurik zabalenean. Jakituriak ez dauka unibertsitate tituluekin zerikusirik testuinguru honetan. Jakituria izarren geltoki eta mugimenduak ezagutzearekin zerikusia du, eguzkiak eman eta kentzen digunarekin, lurrak kontatzen dizkigun istorioekin. Jakituria egunez eguneko berba jarioa da maputxeen artean, agurrak dira, solas-guneak, solas-tokiak.

Latinamerika bestelako betaurrekoez begiratzeko moldea eman dit Galeanok. Munduari begiratzeko modu zorrotza, itxaropentsua. Gordina, zirikatzailea.

Baina batez ere, hego hemisferio eder hartan ugaldu diren iraultza eta ametsei zentzua ematen lagundu die eta ostean, ipar hemisferioan biraka gabiltzanoi ere, ideia berriez hornitu digu gure mundu ikuskera dantzaria.

Izarrekin elkartu dela dakidan arren, Inti edo eguzkia ardatz duen testu laburrarekin gogoratu naiz eta hari egin nahi izan diot erreferentzia lehenbiziko sarrera honetan.

Inti, Eguzkia

Inti Raymi eguzkiaren festa ospatu ohi da ekainaren hogeita laugarren egunean Andeetako goi lautada eta zelaietan.

Antzinean lurra eta zerua ilunpetan bizi ziren, orduan ez baitzen eguzkirik. Gauaren itzalpean bizi ziren.

Titicaca lakutik gizon eta emakumea agertu eta eguzkia jaio zen. Eguzkia Viracochak sortu ei zuen, jainkoen jainkoak. Elkar ikusteko sortu zituen izpiok.