Eta badoaz…

Hastebete baino gehiago pasa da Hizkuntzaldia ekitalditik, IV. Hizkuntzak Biziberritzeko Aditu Ikastaroko kideei adio esan genienetik. Ekitaldia Euskal Herrian bizitako etapari amaiera emateko erritu izan genuen, baita euren komunitateetan gauzatuko den bideari hasiera ematekoa ere. Trantsizio erritu moduan uler genezake, prozesu berdinaren parte den egoera batetik besterako saltoa.

Saltoa emate horretan ikastaroan zehar bidelagun izan ditugun hainbat pertsona izan genituen gurekin. Eurak izan ziren, hizkuntza-komunitateetako kideekin batera, Aditu Ikastaroa izan den hori oholtza gainean sinbolizatu zutenak.

Hizkuntzaldia loraldi izan genuen, lore-truke baino gehiago, hizkuntza lankidetzak ematen dituen aberastasunen agerraldi! Oholtzak pisu askori eutsi behar izan zion;  oholtzara, txandaka, bi-hiru pertsona igotzen ziren arren, oholek gainean zutena ez ziren bi-hiru pertsona soilik. Ikastaroko kideek euren hizkuntza komunitatea ordezkatzen zuten (imajina guaraniak igo zirenean… 12 milioi pertsona hor gainean!) eta adituko laguntzaileak euren taldeen lanaren ordezkari izan ziren. Bi-hiru pertsona horiek milaka eta miloika lagunen lan eta gogoak sinbolizatzeko gai izan ziren.

Hemisferio honetan udaberrian ez gauden arren, hilabeteotan hegotik etorritako haziak kimu bihurtzen ikusi ditugu lehenik, ondoren lore bihurtzeko.

Hau hasi besterik ez da egin.

Hemendik aurrera guzti honen fruituak zeintzuk diren ikusi beharko dugu!

Mila esker,

Chaltu may, yupaychani, yasoropai, pe haira ki, pay, matyox, b’antiox, niib o’olal, tasojkamatik, spas!

… edo ikastaroko kide batek asmatu bezala: chaltu yasoropaichani!

Hitzen botereaz

Euskara ez da hizkuntza bat, gaztelaniaren dialekto bat baizik.

Rifeko tamazighta ahozko hizkuntza da. Zertarako aldarrikatu honen idazkera?

Mapuzuguna ez da hirirako baliagarria, nekazal eremurako balio du soilik.

Nahuata eremu pribatuan hitz egiteko hizkuntza da, ez unibertsitate-hizkuntza.

Kitxua ez da eskolan ikasteko hizkuntza bat. Zergatik ez baliatu ordu horiek ingelesa ikasteko?

Kitxea animaliei eta haurrei hitz egiteko hizkuntza da.

Kaktxikela hizkuntza zaila da, ikasteak sekulako esfortzua dakar.

Nasa yuwea gutxiengo baten hizkuntza da.

Esaldiok ez digute hizkuntza gutxituen errealitatea deskribatzen, akaso, botere-harremanen errealitateari buruz hitz egingo digute. Baieztapen edo galdera hauek ez dira deskribatzaileak, hots, ez dute zerbaiten berri ematea helburu: arauemaileak dira, ordea. Gauzak nola diren esan baino, gauzek nolakoak beharko luketeen esaten digute.

Honelako argudioen banderadun direnek euren hizkuntzen nagusitasuna defenditu besterik ez dute nahi, gutxituek, nonbait, euren perfektutasun eta arau bakarra zalantzan jartzen dugulakoan.

Ez da kasualitatea hizkuntza gutxituak desprestigiatua den horrekin lotzeko ahalegina. Prestigioduna den hori egoteko, prestigiorik gabea dena behar da. Beste modu batera esanda, prestigioaz hitz egiteak, honen mugak ezartzeak, beti utziko du norbait barruan eta, ondorioz, norbait kanpoan. Barruan dagoena hizkuntza izango da, modernoa, idatzizkoa duena, hiriari lotua edota gehiengo batek hitz egina. Gutxituoi, aldiz, dialekto izatea dagokigu, primitiboak, ahozkoari kataiatuak, nekazal munduari lotuak edota gutxiengo bati dagozkienak.

Max Weinreich-en esaldi honek argi jotzen du publikazio honen muinean:

“Hizkuntza bat ejerzitoa duen aldaera bat da.”

Hau da, hizkuntza kontuak, hizkuntzen arteko harremanak, botere kontuak dira. Behin puntu honetara iritsita, apur bat haratago joan nahiko nuke, zera gehituz: eta hizkuntzaz egiten dugun erabilerak botere harreman hauen berri ematen digu. Gakoetako bat hizkuntza botere ikuspegitik irakurtzean datza, alegia.

Sarri hitz egiten da euskara bezalako hizkuntzei buruz “gutxiengo” terminoa erabiliz, “gutxi”, “txiki” garela. Kasu gehienetan hiztun kopuruari erreferentzia egiten ez diotela esatera ausartuko nintzateke. “Gutxiengo” horrek eztabaidaren fokotik botere-harremanen kontua ezabatzea dakar, desberdinkeria egoerei entzungor egitea. Nola uler daiteke ba hizkuntza gutxitu baten egoera zapaltzailea den hizkuntzarik gabe? hizkuntza-aniztasunaren kontrako hizkuntza-politika eta -plagintzarik gabe?

Gutxi ginela sinestarazi nahi izan digute, eurengandik gutxituak ez ginela esateko.

Eta ez gara gutxi. Eta gutxitu izaten jarraitzeko gogorik ez dugu!!

Antropologia, ispilu-jolas?

“Zer da Antropologia?” galdera egiten zidaten bakoitzean hasperen egiten nuen lehenik. Jarraian, zalantzati, klasean landuriko ideien mazedonia prestatu eta “nire hitzak” erabiliz hala-nolako azalpen bat ematen saiatzen nintzen. Oraindik ere, batzuetan, kosta egiten zait antropologia zer den azaltzea; apurka-apurka, ordea, galdera horri erantzuteko tresnak topatzen noala iruditzen zait. Ez da harrien inguruko azterketa, ezta hezurrena ere. Baina…, era berean, Antropologiak hezur eta harriak ere azter litzake. Zergatik ez?

Gizakiaren inguruko azterketa omen da, definizio bat ematearren. Jarraian esango dudana ez doa horren kontra, baina fokoa beste leku batean jartzen duela uste dut. Azkenaldian, izan ere, antropologia desberdin ulertzen ari naiz, orainartean ez bezala sentitzen. Bizitzeko modu bat dela iruditzen zait, ingurunearekin harremantzeko era eta jarrera. Eta formazioz “antropologo” direnak ere ez direla munduan antropologo bakarrak! Jarrera hau nigan ez ezik, ingurukoengan ere ikusten dut, batzuetan ia ezkutuan eta bestetan, aldiz, oso agerian. Antropologia ispilu-jolas bat litzake, parean dudan beste horren eta niaren arteko hartu-eman bat.

Honela egin eta berregiten gara (baita desegin ere), ispiluaren norabidea zenbatetan aldatu erabakiz. Azkenaldian ispilu horri itzuli asko eman dizkiodala uste dut eta lehen modu batean ulertzen nuen hori, gaur beste zentzu bat hartu duela ikusi dezaket.

Beste hizkuntza gutxituetako kideei zein niretzat ezezagunak ziren euskaldunen errealitateei begira jartzeak ni nintzen hori aldatu du, aldatzen ari da. Euskal hiztun izatea zer den desberdin ulertzen dut, baita hizkuntza gutxitu bateko kide izatea zer den ere.

Jarrai dezagun ispiluari itzuliak ematen, antropologo izaten…

Mapuchegen

Temucokoa den kide maputxeari zein abesti konpartitu nahi zuen galdetu diodanean hauxe izan da erakutsi didan lehena:

Abesti hau entzuten genuen bitartean letrak zer kontatzen duen azaldu dit, zein testuingurutik sortua den erakutsi ere. Txileko diktadura zela eta, erbestera joan behar izan zen Armando Nahuelpán, AEBra, zehazki. Nahuelpanen moduan, beste maputxe eta txiletar askok ere ihes egin behar izan zuten, ordura artekoa atzean utzi. Allenderekin iritsitako ametsak Pinochet iritsi bezain pronto desagertu ziren.

Kantua mapuchegen deitzen da, maputxea naiz, alegia, eta honela dio:

Mapuchegen

kurüñam che

kozküllantu mew lleqüm

kelu rayengelu

ñi piwkeyem

ülkantukey

ayey ka gümakey

llazküluwün mew

txekatulerpun

ta ñi mapu mew

puñma wagülen

puñma antü

kozküllantu mew

lüq ka kelü

fillke antü

rakizuamken

 

Euskaraz:

Maputxea naiz

Kuriñangoa

Copihuez inguratuta jaio nintzen

lore gorridunekoak ziren

Nire bihotzak

kantu egiten du

baita barre eta negar ere

nire tristurarekin

oinez noa

nire territorioan zehar

izarraren parean

eguzkiaren parean

Copihue

zuri eta gorria

egunero

pentsatzen dut

Mapuche hitza mapu, lurra, eta che, jende, hitzetatik dator; hau da, maputxeak lurraren jendea lirake, hortazHizkuntza mapuzugun da, lurraren hizketa litzatekeena. Euren identitatea lurraren eta lurraldetasunarekiko harremanean erakita dago, estuki. Honela ere uler dezakegu maputxeentzat Copihue zuhaitzak duen zentzua. Nahuelpanek ere ül (kantu) honetan agerian uzten du Copihueak beretzat duen zentzua.

Euskaraldian matxinsalto

Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroari gutxi gelditzen zaio jada, hizkuntza gutxituetako aktibistak buru-belarri ari dira euren proiektuetan lanean. Lehenengo fasea atzean utzita ikastaroko kide bakoitzak espezializazio bat aukeratu du: helduen irakaskuntza, hezkuntza edo hizkuntza plangintza.

Datozen hilabeteotan komunitateetan gauzatuko den horren lehen pintzeladak marrazteko ordua iritsi da, euren proiektuei forma emateko garaia.

Hizkuntza plangintzaren moduluan Viviana González eta Beñat Garaio izan ditugu gurekin, besteak beste. Baina klaseez gain irteeraldiren bat edo beste egiteko aukera ere izan dugu! Pasa den astean Bermeon izan ginen, maila lokalean hizkuntza gutxituen normalizazio zerbitzua nola egituratu ikusteko. Indarguneei buruz hitz egin genuen, baina ikasketarako are aberasgarriago diren ahulguneak ere izan genituen eztabaidagai. Zer egin dugu ondo? zer dugu oraindik egiteko? eta hobetzeko?

Behargintzako langileekin ere hitz egiteko aukera izan genuen. Eusle metodologiaren inguruko esperientziak konpartitu zituzten gurekin. Polita izan zen lehen eskutik eurek bizitakoa sentitzea. Mila esker!

Egunari amaiera emateko Biziprest Saio batean parte hartu genuen. Saioaren hasieran ondorengo galdera luzatu zigun dinamizatzaileak: zein animalia lotuko zenukete Euskaraldiarekin?

Erlearen figura behin baino gehiagotan aipatu zen. Euskaraldian etenik gabe lan egitea tokatuko zaigu, sinkronizaturik gure etxea eraikitzeko. Intsektu hauen antolatzeko gaitasuna azpimarratu zuen ondokoak. Inurrien indar eta etengabeko lanaz ere hitz egin zuen beste batek.

Ikastaroko kide nasaren txanda iritsi zen eta bere herrian, Tierradentron, arrunta den matxinsalto bati buruz hitz egin zigun. Bizitzeko baldintzak txarrak diren leku horietan agertzeko joera omen du; gizakiak natura gutxien zaintzen duen txoko horietan  bizirauteko gai. Euskara matxinsalto horrekin parekatu zuen nasa lagunak, Euskaraldian zenbait egoeratan euskarari eustea zaila izan daitekeen arren, aurrera egingo dugula esanez.

Hizkuntzen artean, hortaz, gizakiak erderak lirateke eta matxinsaltoak, berriz, hizkuntza gutxituak. Matxinsaltoen moduan, gutxituek ere bizirauteko aukera dugula ikus dezakegu, baldintzak mesedegarriak izan ez arren, gureari eutsi diezaiokegula. Guztia ez da zapalkuntza, aukera falta. Erresistentziak hor daude, gutxituek badugu agentzia!

Wet wet finzeñy

Dokumental honetan agertzen diren hizkuntzak, Ameriketako hizkuntza-komunitate handienetakoak dira.

Agertzen direnen artean 15.000.000 hiztun baino gehiago dituzte.

Azterketa soziolinguistiko guztiek atzerakada azeleratua agertzen dute.

Egunak eta asteak aurrera doaz, baita hizkuntza gutxituak biziberritzeko bidean emandako pausuak ere. Hizkuntzen etorkizunari begira lanean gabiltza etengabe eta nekea nabari da ikastaroko kideen begietan (erlojuari ordutxo batzuk lapurtzeko aukerarik balego…). Gaurkoan, etorkizuna bere horretan utzi eta denboran atzera egin dugu, aurretik egondako esperientzia eta bizipenei leku egiteko momentua izan da.

Beltzean mintzo: Ameriketako jatorriko hizkuntzen arnasaz dokumentala ikusi dugu. Urteak dira dokumentala egin zela eta, tamalez, hizkuntzen biziberritzean oztopo diren zenbait faktorek hor jarraitzen dute. Era berean, apurka-apurka urte hauetan ereindakoa jasotzen ari gara eta orduz geroztik zenbait hizkuntza komunitateren egoera dexente aldatu dela esan dezakegu gaur. Oraingo begiradatik irakurri ditugu garaiko ahotsetatik jasotakoa, gutxituen inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko.

Zeintzuk dira dokumentaleko kideek aipatzen dituzten kezkak? Zer sentitu dugu dokumentala ikusi dugunean? Zein esaldik deitu digu atentzioa?

Dokumentalean zehar hainbat ideia josten dira, hari nagusi hizkuntza gutxituen gaia dutela. Kosmobisioa, hizkuntza gutxituen erronkak edota hizkuntzak kultura baten adierazle moduan duen rolari buruz hitz egiten da, ideia batzuk aipatzearren. Zaila egiten zait bakarra aukeratzea, ez nuke asmatuko “garrantzia gehien” duena zein den esaten (besteen gainetik kokatzen den ideia bat baldin badago…!).

Garrantzia gehiago eduki ala ez, bada behin eta berriro nere barruan bueltaka dabilen esaldi bat, gogoratzen dudan bakoitzero aurpegian irrifarrea sorrarazten didana:

Nasak mundura hurbiltzen diren modua, bihotzeko filtrotik pasatzen da lehenago. Eta “wet wet finzeñy” kontzeptutik, “gustuz bizitzea”, pozik bizitzea esan nahi duena. Eta kontzeptu horretatik sortzen da pensatzearen kontzeptua. Hori bezalako gauzengatik nasa hizkuntza ikastea zailagoa da, baina aldi berean arimarentzako probetxuzkoagoa.

Viviana González nasa yuwe hiztun berria da eta dokumentalean gaztelaniaz hitz egiten du. Euskaraz wet wet finzeñyren itzulpena “gustuz bizitzea” da, baina berak “vivir sabrosito” bezala adierazten du hitzen esanahia.

Vivianaren ustez, honela, hizkuntza gutxituak biziberritzen bihotzak itzali ez daitezen lortu behar dugu, hizkuntzak itzali ez daitezen. Sustraiak eten ez daitezen.

Emakume kurduak

Aurretik Aditu Ikastaroa egina du Suna Altun kurduak. Aurten, IV. edizioan dabil koordinatzaile lanetan eta pasa den hilabetean ospatutako Ahalduntzen: hizkuntza eta generoa jardunaldietan hizlari izan genuen. Turkiaren menpe bizi diren kurduen errealitateari buruz hitz egin zigun Altunek, azpimarra emakumeek bizi duten estatus linguistikoan jarriz.

Oraingoan, emakume kurduen inguruko kanta bat erakutsi dit Sunak:

Keçê biner çerxa cîhan

Zor girêdane me re zor

Jin çû ne pêş pir dixwînin

Maifestazio feministetan kantatzen omen dute abestia eta dantza tradizional kurduekin laguntzen dute. Abestiak zailtasunen aurrean altxatzeko deia egiten die emakumeei.
Spas, Suna!

Gutxituen oihartzun

Autobusez iritsi nintzen Baionara, Donostiako estaziotik abiatuta. Banekien Euskal Hirigune Elkargora joan behar nuela eta hau, Foch etorbidean zegoela. Besterik ez nekien. Kaleko jendeari galdezka hasi nintzaion… non ote Foch etorbidea? Euskaraz hurbiltzeko saiakera egin nuen behin eta berriro, baina bertakoek ez ninduten ulertzen. Dakidan frantses gutxian galdetuta ere nekez ulertzen zidaten, eta ulertuta ere, gutxik zekiten Avenue Foch non zegoen. Baten batek bazekien etorbidea nondik egon zitekeen eta, nire frantses traketsaz jabetua, argibideak mantso eta ahoskera argiz eman zizkidan.

Euskal Herrian nengoela gogorarazten zidaten letrero, ikurrin edo lauburuak topatzea ez zen zaila izan. Baina norekin hitz egin nezkeen euskaraz? Galduta sentitu nintzen, arrotz, nirea ez zen leku batean. Azkenean, eskola bat topatu nuen, kartela elebitan zuena eta kanpoan ikasle-irakasleak ikusi nituen. Irakaslearengana zuzendu nintzen, lasai, ustez. Euskaraz ulertu zidan, baina nik erantzuna euskaraz espero arren, frantsesez jaso nuen, beste behin ere.

Azkenean iritsi nintzen Elkargora eta a ze lasaitua hartu nuena ezagunak nituen aurpegiak topatu eta euskaraz lasai asko hitz egin eta entzun ahal izan nuenean.

Euskarak Iparralden zuen egoeraz jabe nintzela uste nuen, baina bertan pasatako egunek, bada, oraindik ere ikasteko asko nuela gogorarazi zidaten. Gauza jakina da hizkuntzaren ofizialtasun egoerak hizkuntzaren beraren osasunean duen eragina handia dela. Baina onuragarria den marko legalik gabe ez al da hizkuntzaren biziberritzean aurrerapausurik emateko modurik?

Ikastaroan behin eta berriz ikusi moduan, Hegoaldean euskarak emandako pausu erabakigarri asko hizkuntzaren egoera bereziki zaila zen garaitan eman ziren. Behin herri ekimenek abiatutako proiektuak martxan zirela iritsi dira hizkuntza politikak, ez lehenago. Iparraldeko kasuan ere, frantsesa ez den hizkuntzen ofizialtasun faltaren markoan ere, euskara biziberritzeko iniziatibak ez dira falta.

Besteak beste, Euskal Hirigune Elkargoa eta Kanaldude herri telebista bisitatu ditugu pasa den astean eta bertako esperientziaz asko ikasi ahal izan dugu. Apurka-apurka ereindako hazien fruituak jasotzen ari dira eta euskararen etorkizunari ilusioz begira diezaiokegu.

Kanaldudeko Pantxika Maitiaren azalpena dut gogoan:

Pertsona batek behatza urez betetako edalontzi batean sartuz gero, uhinak eragingo ditu. Bakar batek beharrean, askok egiten badugu, uhin gehiago egingo ditugu, oihartzuna handiagoa izango da.

Gutxituek gure hizkunzten biziberritzean ezinbesteko dugu uhinak eragite hori. Komunikabideak horretan gako diren tresnak ditugu, baina hauekin ez ezik, esparru guztietan gure hizkuntzen oihartzuna zabal dadin lortu behar dugu! Putzuetan uhinak eragin baino, itsaso urdin eta zabaletako olatuetan dantzan arituz.

Bidarraitik kitxua doinuak

Iparralden gabiltza egunotan, euskararen egoera anitza ezagutzeko Hegoaldeko esperientziaz haratago joanez.

Joan den egunean Bidarrai herrian egon ginen, gaua ere bertan pasa genuela. Aditu Ikastaroko kitxua lagun batekin nengoen aterpe kanpoan. Kalean ederki egoten zen, lasai. Bidarraiko zeru eta mendiek besarkatzen gintuztela abesti hau jarri zuen:

 

Yana yuro runa kashpa

makipurashpa karusashun

 

Berak aukeratutako esaldi honek zera dio: “Argitasunean eta iluntasunean bizi garen izaki guztiak eskutik emanda bizi gaitezen”. Abestia dibinitate, gizaki eta izakiei eskainitako errezo kolektiboa da, elkartasunera deia.

Herri originarioei etengabean maitasuna ereiteko eskatzen die; maitasunean eta elkartasunean oinarritutako erresistentzia baten alde, gorrotoz egindako borrokak baztertzeko. Belaunaldiz belaunaldi herrien jakinduria transmititzearen garrantziaz ari da: ez dezagun garena ahaztu, gu ere jakinduria garelako.

Beste hainbat abesti ere erakutsi zizkidan… Otavalo inguruan musika-talde asko daude, hamaika estilo eta koloretakoak. Kitxua, honela, musikaren hizkuntzan bizi da kitxua hiztunen ahoak eta belarriak alaituz.

Datozen asteetan ikastaroko beste kideek ere euren musika konpartituko dute gurekin. Bloga, modu honetan, euren hizkuntzen bozgorailu izango da gurean. On egin!

Hizkuntzaz eta generoaz

Ahalduntzen: hizkuntza eta generoa jardunaldia ospatu zen pasa den ostiralean, Bilbon. Aurretik komunitateetan abian jarritako prozesuei jarraipena emateko momentua zen, emakumeok elkarri entzunez lehenik, eta mahai-inguru ireki batekin ondoren.

Astearen lehen egunetik nuen ostiralaren irrika gorputzean, egunez egun, sabeleko tximeletek ere jakinminari eusteko zailtasun gehiago zituzten. Ostirala iritsi zen azkenean, eta barruan sentitzen nuen ilusio hori gainontzekoekin konpartitu ahal izan nuen, baita besteena nire sentitu ere. Giroa desberdin nabari zen, baina ez deseroso; goxotasuna eta gertutasuna ziren nik gertuko nituenak, konplizidadea.

Konplizidade horretan bildu eta kiribildu ginen hizkuntza gutxituetako emakumeak. Hizkuntza gutxitu bateko hiztun eta emakume garen heinean, norberaren bizipenak konpartitu eta besteenak entzuten aritu ginen. Ahoa bizi eta belarria prest. Hizkuntzak eta generoak, hemen, begirada zabaltzen lagundu zigun, emakume eta hizkuntza gutxitu baten hiztun izateko modu bakar bat ez dagoela erakutsi. Era berean, esperientzia eta sentipen konpartituak genituela ohartu ginen, ustez bakarrik geundela uste genuenean ere, bidelagunak hor zeudela ikusiz. Norberatik hasi eta kolektiboki indartu, elkar sentitu, elkar maitatu.

Argazkia: Ane Zuazubiskar

Esan bezala, hizkuntza eta generoa eskutik doaz, ezin da bata bestea gabe ulertu. Lorea Agirrek hitzen bidez azaldu zuen arratsaldean guk goizean konpartitutakoa. Nire gorputza da osorik euskalduna eta emakumea: ez erdizka emakume, ez erdizka euskaldun. Honek besteak nirekin harremantzeko modua arautzen du, baita nik besteekiko ditudan jarreretan eragin ere.

Berdin gertatzen da desberdinkeriak sortzen dituzten gainontzeko desberdintasunekin ere. Ezin ditugu klasea, etnia, adina edota sexualitatea albora utzi. Zapalkuntza anitzez eta pribilegio sistemez ari garela, aldagaien arteko elkarreraginak behar ditugu kontuan hartu, sortzen diren desberdinkeria-konbinazio berriak ulertzeko.

Aldagaiok elkar eragiten dutela onartzen badugu, hortaz, posible al da imajinatzea hizkuntza gutxituen biziberritzea emakumeen aldeko borrokarik gabe? eta, berdin, emakumeen aldeko borroka hizkuntza gutxituen aldeko borrokarik gabe?

Hizkuntzak eta generoak elkarreraginean eraikitzen gaituzten moduan, gure ahalduntzea ere bien kontzientzia hartzearen eskutik etorriko da.

Argazkia: Ane Zuazubiskar