Antropologia, ispilu-jolas?

“Zer da Antropologia?” galdera egiten zidaten bakoitzean hasperen egiten nuen lehenik. Jarraian, zalantzati, klasean landuriko ideien mazedonia prestatu eta “nire hitzak” erabiliz hala-nolako azalpen bat ematen saiatzen nintzen. Oraindik ere, batzuetan, kosta egiten zait antropologia zer den azaltzea; apurka-apurka, ordea, galdera horri erantzuteko tresnak topatzen noala iruditzen zait. Ez da harrien inguruko azterketa, ezta hezurrena ere. Baina…, era berean, Antropologiak hezur eta harriak ere azter litzake. Zergatik ez?

Gizakiaren inguruko azterketa¬†omen da, definizio bat ematearren. Jarraian esango dudana ez doa horren kontra, baina fokoa beste leku batean jartzen duela uste dut. Azkenaldian, izan ere, antropologia desberdin ulertzen ari naiz, orainartean ez bezala sentitzen. Bizitzeko modu bat dela iruditzen zait, ingurunearekin harremantzeko era eta jarrera. Eta formazioz “antropologo” direnak ere ez direla munduan antropologo bakarrak! Jarrera hau nigan ez ezik, ingurukoengan ere ikusten dut, batzuetan ia ezkutuan eta bestetan, aldiz, oso agerian. Antropologia ispilu-jolas bat litzake, parean dudan beste horren eta niaren arteko hartu-eman bat.

Honela egin eta berregiten gara (baita desegin ere), ispiluaren norabidea zenbatetan aldatu erabakiz. Azkenaldian ispilu horri itzuli asko eman dizkiodala uste dut eta lehen modu batean ulertzen nuen hori, gaur beste zentzu bat hartu duela ikusi dezaket.

Beste hizkuntza gutxituetako kideei zein niretzat ezezagunak ziren euskaldunen errealitateei begira jartzeak ni nintzen hori aldatu du, aldatzen ari da. Euskal hiztun izatea zer den desberdin ulertzen dut, baita hizkuntza gutxitu bateko kide izatea zer den ere.

Jarrai dezagun ispiluari itzuliak ematen, antropologo izaten…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude