Eta badoaz…

Hastebete baino gehiago pasa da Hizkuntzaldia ekitalditik, IV. Hizkuntzak Biziberritzeko Aditu Ikastaroko kideei adio esan genienetik. Ekitaldia Euskal Herrian bizitako etapari amaiera emateko erritu izan genuen, baita euren komunitateetan gauzatuko den bideari hasiera ematekoa ere. Trantsizio erritu moduan uler genezake, prozesu berdinaren parte den egoera batetik besterako saltoa.

Saltoa emate horretan ikastaroan zehar bidelagun izan ditugun hainbat pertsona izan genituen gurekin. Eurak izan ziren, hizkuntza-komunitateetako kideekin batera, Aditu Ikastaroa izan den hori oholtza gainean sinbolizatu zutenak.

Hizkuntzaldia loraldi izan genuen, lore-truke baino gehiago, hizkuntza lankidetzak ematen dituen aberastasunen agerraldi! Oholtzak pisu askori eutsi behar izan zion;  oholtzara, txandaka, bi-hiru pertsona igotzen ziren arren, oholek gainean zutena ez ziren bi-hiru pertsona soilik. Ikastaroko kideek euren hizkuntza komunitatea ordezkatzen zuten (imajina guaraniak igo zirenean… 12 milioi pertsona hor gainean!) eta adituko laguntzaileak euren taldeen lanaren ordezkari izan ziren. Bi-hiru pertsona horiek milaka eta miloika lagunen lan eta gogoak sinbolizatzeko gai izan ziren.

Hemisferio honetan udaberrian ez gauden arren, hilabeteotan hegotik etorritako haziak kimu bihurtzen ikusi ditugu lehenik, ondoren lore bihurtzeko.

Hau hasi besterik ez da egin.

Hemendik aurrera guzti honen fruituak zeintzuk diren ikusi beharko dugu!

Mila esker,

Chaltu may, yupaychani, yasoropai, pe haira ki, pay, matyox, b’antiox, niib o’olal, tasojkamatik, spas!

… edo ikastaroko kide batek asmatu bezala: chaltu yasoropaichani!

Hitzen botereaz

Euskara ez da hizkuntza bat, gaztelaniaren dialekto bat baizik.

Rifeko tamazighta ahozko hizkuntza da. Zertarako aldarrikatu honen idazkera?

Mapuzuguna ez da hirirako baliagarria, nekazal eremurako balio du soilik.

Nahuata eremu pribatuan hitz egiteko hizkuntza da, ez unibertsitate-hizkuntza.

Kitxua ez da eskolan ikasteko hizkuntza bat. Zergatik ez baliatu ordu horiek ingelesa ikasteko?

Kitxea animaliei eta haurrei hitz egiteko hizkuntza da.

Kaktxikela hizkuntza zaila da, ikasteak sekulako esfortzua dakar.

Nasa yuwea gutxiengo baten hizkuntza da.

Esaldiok ez digute hizkuntza gutxituen errealitatea deskribatzen, akaso, botere-harremanen errealitateari buruz hitz egingo digute. Baieztapen edo galdera hauek ez dira deskribatzaileak, hots, ez dute zerbaiten berri ematea helburu: arauemaileak dira, ordea. Gauzak nola diren esan baino, gauzek nolakoak beharko luketeen esaten digute.

Honelako argudioen banderadun direnek euren hizkuntzen nagusitasuna defenditu besterik ez dute nahi, gutxituek, nonbait, euren perfektutasun eta arau bakarra zalantzan jartzen dugulakoan.

Ez da kasualitatea hizkuntza gutxituak desprestigiatua den horrekin lotzeko ahalegina. Prestigioduna den hori egoteko, prestigiorik gabea dena behar da. Beste modu batera esanda, prestigioaz hitz egiteak, honen mugak ezartzeak, beti utziko du norbait barruan eta, ondorioz, norbait kanpoan. Barruan dagoena hizkuntza izango da, modernoa, idatzizkoa duena, hiriari lotua edota gehiengo batek hitz egina. Gutxituoi, aldiz, dialekto izatea dagokigu, primitiboak, ahozkoari kataiatuak, nekazal munduari lotuak edota gutxiengo bati dagozkienak.

Max Weinreich-en esaldi honek argi jotzen du publikazio honen muinean:

“Hizkuntza bat ejerzitoa duen aldaera bat da.”

Hau da, hizkuntza kontuak, hizkuntzen arteko harremanak, botere kontuak dira. Behin puntu honetara iritsita, apur bat haratago joan nahiko nuke, zera gehituz: eta hizkuntzaz egiten dugun erabilerak botere harreman hauen berri ematen digu. Gakoetako bat hizkuntza botere ikuspegitik irakurtzean datza, alegia.

Sarri hitz egiten da euskara bezalako hizkuntzei buruz “gutxiengo” terminoa erabiliz, “gutxi”, “txiki” garela. Kasu gehienetan hiztun kopuruari erreferentzia egiten ez diotela esatera ausartuko nintzateke. “Gutxiengo” horrek eztabaidaren fokotik botere-harremanen kontua ezabatzea dakar, desberdinkeria egoerei entzungor egitea. Nola uler daiteke ba hizkuntza gutxitu baten egoera zapaltzailea den hizkuntzarik gabe? hizkuntza-aniztasunaren kontrako hizkuntza-politika eta -plagintzarik gabe?

Gutxi ginela sinestarazi nahi izan digute, eurengandik gutxituak ez ginela esateko.

Eta ez gara gutxi. Eta gutxitu izaten jarraitzeko gogorik ez dugu!!

Antropologia, ispilu-jolas?

“Zer da Antropologia?” galdera egiten zidaten bakoitzean hasperen egiten nuen lehenik. Jarraian, zalantzati, klasean landuriko ideien mazedonia prestatu eta “nire hitzak” erabiliz hala-nolako azalpen bat ematen saiatzen nintzen. Oraindik ere, batzuetan, kosta egiten zait antropologia zer den azaltzea; apurka-apurka, ordea, galdera horri erantzuteko tresnak topatzen noala iruditzen zait. Ez da harrien inguruko azterketa, ezta hezurrena ere. Baina…, era berean, Antropologiak hezur eta harriak ere azter litzake. Zergatik ez?

Gizakiaren inguruko azterketa omen da, definizio bat ematearren. Jarraian esango dudana ez doa horren kontra, baina fokoa beste leku batean jartzen duela uste dut. Azkenaldian, izan ere, antropologia desberdin ulertzen ari naiz, orainartean ez bezala sentitzen. Bizitzeko modu bat dela iruditzen zait, ingurunearekin harremantzeko era eta jarrera. Eta formazioz “antropologo” direnak ere ez direla munduan antropologo bakarrak! Jarrera hau nigan ez ezik, ingurukoengan ere ikusten dut, batzuetan ia ezkutuan eta bestetan, aldiz, oso agerian. Antropologia ispilu-jolas bat litzake, parean dudan beste horren eta niaren arteko hartu-eman bat.

Honela egin eta berregiten gara (baita desegin ere), ispiluaren norabidea zenbatetan aldatu erabakiz. Azkenaldian ispilu horri itzuli asko eman dizkiodala uste dut eta lehen modu batean ulertzen nuen hori, gaur beste zentzu bat hartu duela ikusi dezaket.

Beste hizkuntza gutxituetako kideei zein niretzat ezezagunak ziren euskaldunen errealitateei begira jartzeak ni nintzen hori aldatu du, aldatzen ari da. Euskal hiztun izatea zer den desberdin ulertzen dut, baita hizkuntza gutxitu bateko kide izatea zer den ere.

Jarrai dezagun ispiluari itzuliak ematen, antropologo izaten…