Martxan da Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa! Lehenengo astearen kronika

[Beñat Garaioren kronika]

A1-55576160.jpg

Eskoriatzan egindako harrera prentsaurrekoa

Prestaketa luzeen ondoren etorri dira Amerika eta Afrikatik etorritako 18 hizkuntza ekintzaileak Eskoriatzara. Guztira, 4 nasa yuwe, Ekuadorreko 5 kichwa, 2 maya yucateco, 2 kaqchikel eta maputxe, nahuatl, bariba, aimara eta guarani bana izango dira urriaren hasieratik abenduaren erdialdera, euren hizkuntza biziberritzeko estrategiak diseinatzen lagunduko dien ezagutza batzuk eskuratu ditzaten gurean, euskararen unibertsoaren esperientzia bertatik bertara ikusiz.

Dena den, ikasketa-prozesu hau norabide bikoitzekoa da eta Garabidekoentzako eta euskaldunentzako oso aukera berezia da beraiengandik beste horrenbeste ikasteko, egoera eta erantzun aniztasun honetan denek dugulako zer ikasia eta hobetua.

Bidai luze baten ostean, urriaren 1ean ongi etorri bazkaria egin genuen Eskoriatzan eta hasiera-hasieratik talde-giro ederra zetorrela aurreikusi zitekeen. Gainera, hurrengo egunean Bergaran Kilometroak zegoen “Demasa” lelopean eta gu ere haruntza joan ginen bertako jendetzaren aldarriarekin bat egitera.

kilometroak

Bergarako Kilometroetan hasi genuen ikastaroa

Hori gutxi balitz, hainbat harrera instituzional egin zieten gure ikasle/parte-hartzaileei eta aho zapore onarekin joan ginen etxera; goiz, hori bai, ikastaroa astelehenean hastekoa baitzen.

Ikastaroko lehenengo egunean unibertsitatea eta bere funtzionamendua ezagutu genituen, baita ikastaroaren nondik norakoak izango direnak. Hori bai, sarrerak sarrera, lehenengo asteetako helburua argia zen: norberak bere hizkuntza komunitatearen egoera aurkeztu behar zuen eta norbere ekintzailetza azaldu. Eztabaida eta egoera interesgarriak ikusi genituen eta hainbat ondorio ere atera genituen. Lehendabizi, argi gelditu zitzaigun hizkuntza guztietan badagoela grina orain bertan duten egoera irauli eta lehenago izan zuten indarrera itzultzeko. Hizkuntza bakoitzak hiztun kopuru oso ezberdina du eta aldagaiak ere asko dira, baina gutxituak diren kontzientzia hazten ari da eta Garabidera etorri diren ekintzaileak ez dira euren kabuz ari komunitateetan. Bigarrenik, denek nozitu dute talde nagusien partetik diskriminazio eta mespretxua eta horrek eragina izan du hizkuntza jarreretan eta hizkuntzak aurrera egiteko aukeretan. Hirugarrenik, ekintzaile bakoitza testuinguru ezberdinetan bizi da, baina denek jartzen dute euren aletxoa (eta askotan aletzarra) euren hizkuntzaren alde egiteko, izan hezkuntza, izan komunikabideak, izan sare sozialak eta teknologia berriak,…

errituala

Erritualek garrantzia handia dute hainbat kulturetan

Ondorio eta lezio ugari behatu genituen lehenengo astean, baina ez dugu dena hemen partekatuko, aukera izango duzuelako aste hauetan beraien berri izateko. Izan ere, hainbat udaletan agerraldiak egingo dituzte, elkarrizketa ugari eman, ekitaldietan parte hartu, irteera ugari egin,.. Ikusi daitekeen bezala, egitarau oparoa dute aurretik parte-hartzaileek eta ziur momentu gogoangarriak izango ditugula.

Asteari amaiera emateko, Euskal Herrian gelditzen den kosmobisio apurra ezagutu genuen Mikel Mendizabalen eskutik. Espedizioa prestatu genuen Oiartzuneko Arritxulo aterpetxera eta hiru egunetan txangoak, cromlechetara bisitak, urteko azken bainua eta beste zenbait gauza ere egin genituen lagun giro alaian, baina ez da dena kontatu behar, ezta?

oihanleku-cromlech

Oihanleku cromlecha

Adi egon hurrengo egunetan, atari honetan gure berri izango baituzue hemendik aurrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude