“Hizkuntza ordezkapena ugaritu da, eta hizkuntzak desagertzen ari dira”

[Joanes Igeregik Info7ko GureazBlai irratsaiorako egindako kolaborazioa]

Munduan badira 6000 edo 7000 hizkuntza, neurketa ezberdinen arabera, eta 200 estatu inguru baino ez. Estatu gehienek hainbat hizkuntza komunitate hartzen dituzte bere baitan, 30-35 batez beste. Nola kudeatu estatu baten baitako aniztasun hau? Beharrezkoa al da estatu bakoitzeko herritar guztiek hizkuntza bera egitea? Hizkuntza komun bat ez izatea traba bat al da estatuaren funtzionamendurako?

Estatu gehienek beharrezkotzat jo izan dute herritar guztiek menderatzen duten hizkuntza komun bat izatea, eta estatuaren lurralde osoak hizkuntza bakar horretan funtzionatzea. Horretarako, gehiengoaren hizkuntza sustatu izan dute batzuetan, eta gutxiengo elite batena beste askotan. Horren eraginez, azken mendeetan, hizkuntza gutxi batzuek sekulako hedapena lortu dute, hizkuntza ordezkapen prozesuak ugaritu eta azeleratu egin dira, eta hizkuntzak desagertzen ari dira, historian aurrekaririk ez duen erritmoan.

Esandako guztiaren adierazle garbia da Amerika kontinentea, bertako indigenek gero eta gehiago Abya Yala deitzen dutena, Kuna hizkuntzan. 1000 hizkuntzatik gora bizi dira bertan, 37 estatutan banatuta, baina atzerriko 3 hizkuntza ofizial dira nagusi ia kontinente osoan: Gaztelera, Ingelesa eta Portugesa. 1000 hizkuntza hauetatik 600 baino gehiago arrisku larrian daude, eta ia guztiek familia transmisioan gero eta eten nabarmenagoa dute.

Asko dira hizkuntza ordezkapena bultzatu duten faktoreak: hizkuntza komunitate hegemonikoaren botere politiko eta sozio-ekonomikoa, jatorrizko hiztunen bazterketa, hizkuntza komunitateak zatitzen dituzten banaketa administratiboak, hizkuntza bakoitzaren estatus legal ezberdinduak, jatorrizko hizkuntzak gizarte funtzio batzuetan erabiltzeko ezintasuna… Beste hainbat aipatu genitzake, baina zalantzarik gabe, hezkuntza sistema izan da ordezkapenerako arma garrantzitsuenetako bat, eta honen baitan, eskola.

Bost mendetan zehar, testuinguru arrotz batean, beraien hizkuntza eta kulturari tinko eutsi dioten hizkuntza komunitate askok ere, eskola beraien errealitatera heldu eta hamarkada gutxitan, atzerakada nabarmena izan dute. Belaunaldi berrientzako gero eta garrantzitsuagoa da hezkuntza formala jasotzea,ero eta gehiago dira eskolatutako indigenak. Eskolak, baina, aukera bital berriak zabaltzeaz gain, haien jatorria ukatzea dakar sarriegitan: komunitatetik urruntzea, arbasoen identitatea eta kultura ukatzea, bizi eredu atzerritar bat besarkatzea, hizkuntza galtzea.

XVIII eta XIX. mendeetan sortu eta hedatu ziren eskolak, ordura arte familiek, elizak edo banakako irakasleek ematen zuten hezkuntza osatu edota ordezkatzeko. Hasiera batean, Abya Yalako jatorrizko hiztunek ez zuten eskolara sarbiderik. XX. mende hasieran hasi zen indigenen eskolatzea, besteak beste hauei hizkuntza hegemonikoak irakasteko helburuarekin. Gazteleraren eraginpean zeuden herrialdeetan, “Programas de Castellanización” delakoak jarri ziren martxan. Kasu batzuetan Gaztelera hutsez funtzionatzen zuten. Beste batzuetan, jatorrizko hizkuntza ere erabiltzen zuten, Gazteleraren jabekuntza errazteko.

Azken hamarkadetan, “Educación Intercultural Bilingüe” edo EIB izeneko programak hedatu dira. Programa hauek ikasle elebidunak hezteko helburua dute, ustez behintzat, baina Gaztelera hedatzeko programen hizkuntza eredu bera darabilte: jatorrizko hizkuntzak ordu gutxi batzuk izaten ditu eskolako lehen urteetan, eta askotan berau ematen duten irakasleek ez dute hizkuntza menderatzen. Einsteinek beste modu batean adierazi zuen bezala, emaitza ezberdinak bilatuz gero, inozoa da beti berdina egiten jarraitzea.

Paradoxa badirudi ere, Kulturarteko Hezkuntza Elebiduna martxan jarri zenetik, jatorrizko hizkuntzak berreskuratu edo galera gelditu beharrean, galera azeleratu egin da. Gero eta gehiago dira seme-alabei hizkuntza hegemonikoa transmititzea erabakitzen duten familiak, eta eskolan astean bi edo hiru orduz lantzea ez da nahikoa hizkuntza gutxitu bat menderatzeko.

Estatuak sustatzen duen hezkuntza elebidunaren mugak ikusita, murgiltze ereduak martxan jartzen ari dira zenbait eragile indigena. Badira adibideak Mexikoko Nahuatl, Guatemalako Kaqchikel edo Kolonbiako Nasa Yuwe hizkuntzetan esaterako. Esperientzia hauen bitartez, Abya Yalako historian lehendabizikoz, etxean jatorrizko hizkuntza jaso ez duten umeak ere ari dira eskolan ikasten. Ez da marka makala.

Baina lehenago aipatu bezala, hizkuntza ordezkapena faktore askotarikoek bultzatzen dute, eta hauen berreskurapena ezingo da bide bakarretik etorri. Beharrezkoa da korpusean, estandarizazioan, hedabideetan, lan eremuan, administrazioan, aisialdian, kultura sorkuntzan eta abarretan ere pausuak ematea, eta hizkuntzaren aldeko eragileek elkarlanean jardutea. Belaunaldi berrien jabekuntza bermatzeaz gain, gurasoek hizkuntza segurtasunez transmititzeko baldintzak sortu behar dira, eta adin guztietako herritarrak hizkuntza horretan normaltasunez bizitzeko bitartekoak ere bai, bide horretan hizkuntza bera aberastuz.

Bestela, ezagutzaren bideak laster aurkituko du erabileraren horma eta motibazioaren balazta. Horretaz ere ikasi dugu zerbait euskararen herrian, eta badaukagu zer ikasia.