“Hizkuntza txikiak mendeetan iraun du, munduaren handitasunari neurria hartzeko balio izan du”

[Txema Abarrategik Info7ko GureazBlai irratsaiorako egindako kolaborazioa]

Hizkuntza txikien handitasunari begiratu dio Garabideko Txema Abarrategik gaurkoan. Haren ustez, zenbait hizkuntzatako kontuak kopuru handietan zenbatu behar badira ere, hori ez da guztien kasua. Munduko mintzairen erdiak baino gehiagok ez duelako hiztun kopuru handirik, eta horietako zenbait adibide ere aipatu ditu. Hizkuntza hegemonikoek mundua irakurtzeko kode bakarrak bultzatzen dituztenez, hizkuntza txikiek behar duten bultzada nabarmendu du.

Txikiaren handitasuna

Ehunka milioitaraino zenbatu daitezke madarin-txineraz biraoren bat esan lezaketen pertsonak. Asko dira, halaber, hamarka milioi gutxienez, inoiz poesiaren bat arabieraz irakurri dutenak (ez horrenbeste, irakurri ondoren zizpuru luzea egin dutenak), baina asko dira, bai, benetan.

Eta milioiek, gazte eta zaharrek, pozik eta haserre, alemanez, baita tokirik pentsaezinetan ere, abestu dutenak noizbait. Neska-mutil anitz dukegu bai, Wagnerren hizkuntzan ere desafinatzen duenik. Ehunka milaka gizon-emakume ingelesez washapa une honetantxe bidali berri dutenak. Kopuru izugarriak.

Eta milaka eta milaka lagun badituzu istant honetan bilaka. Hitz egokia topatu guran, ahoz edo idatziz esaldia biribiltzeko. Berba bati tiraka, urduz, albanieraz, bantuz, hindiz, errusieraz, tagaloz, turkieraz edo japonieraz.

Kopuru handietan zenbatu behar baitira hizkuntza batzuetako kontuak.
Ez denenak, ordea.

Hara zenbakien sokari segituz: 8 hizkuntza ditugu munduan 100 milioi hiztun baino gehiagorekin, beste 80 bat dira 10 milioi hiztun baino gehiagorekin eta beste 300en bat hizkuntzatan milioi batetik gora hiztun biltzen dira. Eta hortik beherako zenbatekoetan, hizkuntzen %80. Edo are beheragoko numeroetan beste asko: izan ere, munduko mintzairen erdiak baino gehiagok ez baitu Barakaldok duen barakaldar beste hiztun.
Hala banatuta bizi dugu munduko mintzoa, halaxe mintzo zaigu planeta. Batzuetan milioika mihi soinu bertsuan dantzarazita, bestetan aho gutxi batzuen sorkariz. Entzun, Nigerian 500 mintzaira baino gehiago xuxurlaka, Papua Ginea Berrian 800 idiomen doinu-sinfonia. Estatu Batuetan ere ehunka hizkuntza komunitate eta, paradoxaren bitxia, Txinan bezala, hizkuntza ofizialik ez estatuon federazioan. Nork behar du eta zertarako ofizialtasuna, ezta?

Baina jo dezagun behingoz txikira. Dakargun asko-asko direnen aldean gutxi garenona, gatozen handitik urrira, goza dezagun ñimiñoa dastatuz. Ibili gaitezen zoli belarriak: Europatik askotxo atera gabe, aurkitzeko, alfabeto hebrearraz idazten den hizkuntza turkiarra, karaima, Ukrainian edo Lituanian, ehun hiztun eskasera iristen ez dena. Errepublika baltikoetan livonioa, votioa eta ingrioa dakiten gizon-emakume apurrek ere euretariko edozeinen adina besteko kopururik ezin osatuko lukete. Calabriako La Gárdiako okzitanoak ere zenbaki txikitan ageri dira. Italiako Molise eskualdean kroaziera eta albaniera ama-hizkuntza dutenak ere zifra apaletan konta ditzakegu XXI. mende hasieran. Txikia da laz komunitatea Georgian. Ez omen da sorbio elebakarrik Alemanian.
Eta zenbaki txikion itzalean mende askotako historia, milaka eta milaka egun eta hiztunen etorria, ipuinetan, deklarazioetan, aitorpenetan, prosa eta poesian, pozean eta haserrean. Iragan handia. Ahalmen itzela. Orotarako balioa.

Aragonesa pittinka, friuliera herrenka, Vojvodinako rusynak arnas estuka, zinbroa malkotan Veneto eta Trentinon, zein sutondotan ezkutatzen da leonesaren soinua?
Hizkuntza txikiak mendeetan iraun du. Munduaren handitasunari neurria hartzeko hutsik gabe balio izan du. Eta hala, gizaldiz gizaldi txikia txiki mantendu da. Txikiak balioa izan du handiaren ondoan.

Edonola ere handiak handiagorako grina erakutsi ohi du. Hala erakusten digu historiak. Eta hala, hizkuntza handiek erresuma eta gobernamendu handiei estuki lotuta iritsi dira arrotzak zitzaizkien bazter askotara. Eta bazterrotako berezko kultura ito izan dute, demografiaz, dekretuz edo altzairu zorrotzez.

Ez gabiltza historia berrinterpretatzen diogunean gaur egungo herrialdeen zabalerak errealitate txiki asko elkar itsastetik sortzen dela. Batzuetan borondatez batu izan ginen txikiok eta beste sarri askotan gogoz kontra azpiratu izan gintuzten tamaina handiagoko agintariok. Halaxe osatu dira estatuen mapak eta baita hizkuntza eta kulturenak.
Edonola ere, duela gutxira arte txiki izan zitekeen handiaren ondoan. Jatorrizko kulturen transmisio-mekanismoek funtzionatu izan dute eraginkortasunez hogeigarren mendea dezente aurreratu artean, hizkuntza komunitate berezi bateko kide izatearen kontzientziak balio izan du oraintsu arte munduaren mezuak deskodetzeko, egunerokoari aurre egiteko. Funtsean, diglosiak diglosia, hizkuntza txikian bizitzeko.

Baina munduaren biraketa-abiadura aldatu ez bada ere, zerbait azeleratu da, testuingurua bestelakoa da: hezkuntza eta irakaskuntzaren irismena, informazio-iturrien zabalkundea, jendartearen mugikortasuna, lanerako komunikazio premiak, legerien itogarrikeria eta, finean, gutariko bakoitza egunerokoan kokatzeko moldea, munduarekiko dugun pertzepzioa eta ukimena, arras kanbiatu zaizkigu.
Homogeneizazio-haizea dakar globalizazio neoliberalak, jatorrizko kultura askoren distira lausotzerainokoa. Musika bera, janzkera igualtsuak eta gustu eta iritzi antzerakoak zabaldu heinean, mundua irakurtzeko kode bakarra errotzen ari zaigu, hizkuntza jakin batzuei estuki lotutako kode hegemonikoa. Txikia bitxia bilakatu baita, anekdotikoa, bere balorea galzoriko bidean jartzeraino.

Eta honaxeraino iritsi nahi genuen handi-ttikien harat-honat honetan: txikiaren handitasuna aldarrikatzeraino.

Hizkuntza txikietako lilien haziak ezinbesteko baititu munduak bere baratza janzteko. Leiho txikietatik ikusmira betea dagoelako. Begira bestela euskaratik, gure txikitik, mundu zabalari, eta entzun sagarrondoari egindako sehaska-kanta, mendebaleko sagu-zaharra ekian gau-enara bilakatuta, entzun koblakari gazteak, errimaz errima mundua kontatzen, iturri urri, egarri ikaragarri.

Hor da Zaldieroa hiriko karriketan irrintzika. Harago Lizardiren lagunak belazean eserita erlojuak janez. Haiekin batera txiki-txiki, gu. Txikiak eta gu. Txiki. Baina gu.