Ekuadorko lagunak

Nire esperientzia TvMicc-en-argazkiak10

Gogoa neukan oporren filosofia aldatzeko. Turista huts izateaz zertxobait gogaituta nabil, eta zentzu produktiboago bat eman nahi diet nire oporraldiei. Horretarako, lankidetza baino gauza hobeagorik ez dago. Garabidek eskeinitako proiektua asko hurbiltzen zen nire perfilera, eta nire laguntza lagungarria izango zelakoan, eta beraien proiektuak aberastuko ninduelakoan, erabaki nuen Ekuadorrera joatea. Hemendik abisatu zenidaten lehen aldia izango zela jendea “bidaltzen” zenutela hango proiektuetara, eta beno, ardura baino, emozio gehiago izan zuen asuntoak. Beraien partetik ere esperientzia berria izan zen, eta jendeak prestutasun osoz laguntzen zuen.

Esan eta egin, proiektua oso aberasgarria izan da orohar.

JOSE

Quitoko aireportua zapaldu eta ikusi nuen lehen “txapelduna” izan zen. Nekatuta zegoen itxaroten egondako ordu guztiengatik, batak besteari begiratu genion, espero genuen aurpegia ikusi ez genuelakoan.

Latacungarako bidaia guztia isil-isilik egin zuen, bidean, almuerzo bat eskatu (gorroto dut gibela, eta edukazio txarrekoa izan nahi ez banuen behintzat, dena jan behar izan nuen), eta gabeko hamaiketan ostatu baten utzi ninduen.

Nor baino nor, arduratuago geratu ginela uste dut, gure lehen inpresioekin.

Ez nuen Joseren berri gehiagorik izan hortik bi egunetara, Sigchoseko kantoira joatea proposatu zidaten arte. Bere Chevrolet zaharrean, ehun kilometro egin genituen lau ordutako bidaian. Hala ere, gustura sentitu nintzen, Maritza, Charo, Jose eta lauron artean elkarrizketa oso dibertigarriak izan genituen. Lehen egunean ezagutu nuen Jose horren irudia guztiz aldatu zen irteera hartan, eta pozgarria izan zen.

Egun horretatik aurrera irribarre batekin agurtu genuen elkar.

Nire esperientzia TvMicc-en-argazkiak1

Nire esperientzia TvMicc-en-argazkiak2

 

Sigchos: La Cantera parrokian bilkura politiko batera joan ginen irudi batzuk hartzera. Josek hitz egin behar zuen Micceko jarduerak azaltzeko. Horien artean, TvMicc proiektua aurkeztu zuen. Aurkezpena amaitu zuen azaltzen euskaldunekin zuten harremana, eta lotsatuta jaso nituen bertako partaideen begiradak.

ABRAHAM

Joserekin batera ezagutu nuen, Micceko Chevrolet elegantean zegoen gure zain (Ekuadorren dauden kotxe gehienak dira Chevroletak, estatubatuarren presentzia konstante gisa): señorita, encantada de conocerla, el presidente del Micc para servirla! Lotsari aurre egin beharrean-edo, galderak barra-barra egin nizkion Latacungara bidean. Alferrikakoak izan ziren ahalegin guztiak, bai eta ez batekin erantzuten zizkidan galdera denak.

Mañana usted se viene conmigo, esan zidan Abrahamek, ¡Claro!, erantzun nion aho txikiarekin.

Ordu t’erdi zain egon nintzen ostatu kanpoan, jaso ninduenean esan zidan nahita zetorrela berandu, nik atseden har nedin. Puntualtasuna ez zela kontuan hartu beharreko kontua ohartu nintzen ondorengo egunetan.

Paramoei buruz hitz egin zidan bidean Abrahamek, eta azalpen erdipurdiko batekin mendian gora joaten hasi ginen. Hara heldu ginenean ulertu nuen paraje haren handitasuna!

Nire esperientzia TvMicc-en-argazkiak3

Nire esperientzia TvMicc-en-argazkiak4

 

Cumbijin-eko paramoak: paramoak, ekuadorreko lerrotik gertu, eta 4.000 metrotik gora dauden parajeak dira. Bertan sortzen diren urmaelek Ekuadorko zonalde handi bati ematen die ura. Hori dela eta, mendialde osoa dago babestuta, sarbidea debekatuta dago eta sarreran zaindariei baimena eskatu behar zaie. Abraham-en semea eta bere familia bizi dira paramoen sarrerako mendi-aterpean.

FERNANDO

Paramoetan, hogei laguneko taldea koordinatzen zebilen Fernando. Abrahamekin bertan nengoela agertu ziren bat-batean. Uren inguruko jardunaldiak antolatu omen zituen MICCek, eta Fernandoren gidaritzapean ari ziren Cumbijin-eko urmaelak ezagutzen. Azaldu zigun, komunitate indigena batzuk arazoak zituztela paramoetako urak babesteko, komunitateen artean koordinazio falta omen dago-eta. Apahua komunitatearen egoeraren inguruan hitz egin zigun, paramoen ondo-ondoan kokatuta dago Apahua. Lan ikaragarria egiten dute bertako lurrak babesten, baina mendien orografiak ez die faborerik egiten, urek beste norabide bat hartzen dute, eta Apahuan ur emari eskasarekin bizi dira.

Fernando niregana hurbildu zen: bueno, entonces,¿ te quedas con nosotros, no? Seguro que te lo pasarás mejor que con él… Abraham-i begira esan zidan hau, eta keinu egin zidan, irribarretsu.

Nire esperientzia TvMicc-en-argazkiak5

Bi egun pasatu nituen talde harekin, Toacasoko landa-etxean, adi-adi Fernandoren ondoan igarotzen nuen denbora, Cotopaxiko zorion eta zorigaiztoen kontuak entzun guran. Apologia etengabea zen Fernandorena: mira ese árbol, ¿sabes de dónde es? ¡¡Australiano!! ¿Y ése otro?¡¡Americano!! ¿¿Dónde están los árboles ecuatorianos??

Nire esperientzia TvMicc-en-argazkiak6

 

Toacaso: Latacunga kantoiko parrokia edo herrixka bat da. Bertako landa-etxetik Cotopaxi sumendia ikusteko aukera paregabea dago.

MARITZA eta ANGEL

Beraien ordena eta antolakuntza gaitasuna ikusi nuenean, jakin nuen hurbil izango nituela nire oporraldian.

Hasiera-hasieratik elkarlanean aritu nintzen Maritza eta Angelekin. Angelek dauka TvMicc proiektuaren ardura nagusia, eta partaideen iritziak batu eta astero-astero antolakuntzaz arduratzen da. Maritzak zuzenekoa aurkezten du, Voces e Identidad deitutako saioa.

Proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkidaten Angel eta Maritzak, arduratuta zeuden, alderdi teknologikoa hankamotz zegoela-eta. Saiatu ginen ondorengo egunetan telebistako zuzeneko bi saioak borobiltzen, irudi bateratu bat sortu eta grafismo kontuak fintzen. Ikus-entzunezko teknologia, edizio, muntaketa eta diseinuaren inguruan ezagutzen nituenak transmititzen saiatu nintzen, eta egunero-egunero Angelen interesa presente izaten nuen.

Fernandorekin batera, irteera asko egin genituen Maritza eta hirurok ere. Latacungatik inguruko herrietara joaten ginen, ospatzen ziren ekitaldi eta bileretara hurbiltzen ginen kamerarekin, zuzeneko saioetan emititzeko moduko erreportajeak grabatzera. Pertsona aproposak ziren, Ekuadorren inguruan nituen zalantzak argitu ahal izateko. Beraz, galdera pila egiten nizkien, eta haien erantzun interesgarriekin denbora ohartu barik joaten zitzaidan.

Nire esperientzia TvMicc-en-argazkiak7

Pujilí: Latacunga ondoko herritxo bat da Pujilí. Bertara hurbildu ginen, herritarren aipuak grabatzera, alkateak hartutako zenbait erabakiren inguruan.

Maritzak eta Angelek familiako kide bat bezala hartu ninduten beren etxekoen artean. Maritzaren senarra, Pepe, ostegun eta ostiraletan TvMicc-era etortzen zen, ikus-entzunezko teknologiekin trebea zen, eta lasaigarria zen bere presentzia edukitzea egun horietan, antolakuntza denak askoz hobeto funtzionatzen zuen.

Asteburu pasa ugari egin nituen Maritza eta Angelen familiekin.

Nire esperientzia TvMicc-en-argazkiak8

Baños eta Puyo: Tungurahua eta Pastaza probintzietan dauden herriak dira, Ekuadorko oihanaren sarrera da. Altitude aldaketa handia dago Latacungatik Bañosera, eta harrigarria da paisaia nola doan aldatzen kilometroak aurrera egin ahala.

 

Nire esperientzia TvMicc-en-argazkiak9

Nire esperientzia TvMicc-en-argazkiak11

Zumbahua eta Quilotoako kraterra: Angelen familiak ezkontza batera gonbidatu ninduen, Zumbahua herriko komunitate indigena baten ospatzen zen. Ahaztu ezin izango dudan esperientzia izan zen eskontza indigena batera joatea. Elizara joatea gehiegi gustatzen ez zitzaigula-eta, Quilotoako sumendia ikustera joan ginen bitartean. Bisita aprobetxatu genuen, erreportaje bat grabatzeko TvMicc-erako.

TVMICC:

Lan boluntarioarekin sortutako proiektu eredugarria da TvMicc. Zenbait erakundek proiektua babesten duten heinean, Garabidek, kasu, proiektua ekonomikoki jasangarria bihurtu da. Hala ere, egunero-egunero lanean diharduten lagunei esker, TvMicc-ek badu programazio propioa. Horien artean, kitxuerazko eta gaztelerazko bi saio daude, egunero emititzen direnak zuzen-zuzenean.

Kitxuerazko programan parte hartzen dute Hildak eta Mariok, kitxuerazko erreportajeak grabatzen dituzte saiorako. Jorge Guamán da saioaren aurkezlea, eta Luisen laguntza teknikoei esker, kitxuerazko saio osatua emititzen da arratsaldero.

 

Nire esperientzia TvMicc-en-argazkiak13

Nire esperientzia TvMicc-en-argazkiak14

Maritza eta Lucho arduratzen dira gaztelerazko saioaz. Beraiek grabatzen dituzte erreportajeak eta aurkezten dituzte Voces e Identidad saioko atalak.

Nire esperientzia TvMicc-en-argazkiak15

Ezin gara ahaztu Blanquita- taz, goizetik gabera bera bihurtzen da MICCeko arduradun nagusia. Eraikina zaindu, garbitu eta bertakoei jana prestatzea lan gutxi balitz, bera arduratzen da TvMicc-eko emisioa piztu eta itzaltzeaz. Are gehiago, tekniko lanak ere maiz egiten ditu telebistan. Edozer egiteko prest dago beti Blanca, eta gutxiren truke gainera.

Nire esperientzia TvMicc-en-argazkiak16

Nire esperientzia TvMicc-en-argazkiak17

Proiektua bere hastapenetan aurkitzen den heinean, TvMicc-en jarduna nekeza egiten da batzuetan, aurreikusi ezin daitezkeen oztopo ugari izaten dira-eta egunero. Hala ere, eta esan bezala, partaide denen ilusio eta grina nahikoa da baieztatzeko esperientzia oso aberasgarria dela TvMicc-ekoa. Bakoitzaren gaitasunak martxan jartzen dira egunero, proiektu indartsu eta egingarria bihurtzeko. Miretsi beharrekoa da, benetan ere, taldearen gogoa; TvMicc-en Ekuadorreko herri indigenen alde egiten duten mezuaren zabalkundea eredugarria da munduko beste hainbat esperientzietarako.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude