Identitate inklusiboak

ELKARRIZKETA EGIN diote Carme Junyenti @Berria egunkarian. Gauza interesgarri asko aipatu ditu, baina elkarrizketaren amaieran kontatu duen istorioa gustatu zait bereziki:

Ikerlan batean zenbait haurrekin hitz egin genuen. Bat Katalunian jaioa zen, Gambiako bikote baten semea, 7 urtekoa. Katalana garrantzitsua iruditzen ote zitzaion galdetu genion. «Bai, noski!», erantzun zigun. «Katalanez hitz egiten badut, ez naiz horren beltza».

Sarri aipatu izan da hizkuntza txikiek ertainek identitate inklusiboa maite dutela. Gogora ekarri dizkit blog zaharrean jasotako bi istorio:

  • Lehena Herrialde Katalanetan gertatutakoa da. Vicenç Villatorok, Ramon Llull institutuko buruak, kontatu zuen gaur8 agerkarian:

390_1326708035guillem_defakGuillen d’Efak abeslaria Mallorcako Guardia Zibil baten eta printzesa ginear baten semea zen, eta, politikoki oso zuzena ez den era batean esanda, beltza zen. Eta 60ko hamarkadako Mallorcan pertsona beltz bat ikustea ez zen batere ohikoa. Jakin-mina sortzen zuen. Diotenez, egun batean d’Efak Palmako taberna batean sartu, barrara gerturatu eta katalanez eskatu zuen. Tabernariak, katalanez honek ere, zera erantzun zion: «Jauna, hizketan entzun zaitudan arte, beltza zinela uste izan dut». Hau da, mallorkeraz mintzatzen bazara mallorcarra zara, eta, garai hartako tabernari harentzat mallorcarra eta beltza izatea pentsaezina zenez, ez zela beltza izango ondorioztatu zuen.

  • Bigarrenak aspaldian AIZU aldizkariak argitaratu zuen biñeta batekin du zerikusirik:

Korrika garaia da. Goian hegazkin bat dago, kearekin mezu bat idazten du zeruan: “korrika, euskara ez da gelditzen”. Behean bi goardia zibil, hiztegiarekin, mezua erdaratu nahian: EUSKARA EZ DA GELDITZEN… EL EUSKARA NOs SEPARA…  

Eta hala da. Gure burua definitzeko kategorizazio-estrategiak erabiltzen ditugu; kategoriak eraikitzen ditugu (gizonak eta emakumeak; zuriak eta beltzak; erdaldunak eta euskaldunak) eta kategoria bakoitzarekiko balorazioak egiten ditugu, gure pertenentziak erabakitzeko. Gure identitate soziala horrela sortzen dugu.

Dakienak badaki prozesu identitarioak garrantzitsuak direla hizkuntzaren normalizazioan.