Kontzientziatik portaerara

TRANTSIZIO SOZIOEKOLOGIKOAN dauden herrien eta hirien mugimendua fenomeno berria da. Izena  Rob Hopkins permakultoreak proposatu zuen 2006. urtearen bueltan, eta arrakasta lortu zuen hainbat ingurutan. Oinarrian ideia hau dago:

“Ingurumenaren bueltako aktibistek azken 30-50 urteotan erabili ditugun erremintak (protestatzea/ manifestazioak/ presionatzea), ez-nahikoak dira aurrean ditugun desafioen eskalari erantzuteko. Sekula ez dugu lortu kultura nagusiak konpromisorik hartzea horren inguruan, eta, ondorioz, gauzak egiteko beste modu batzuk bilatzen ari gara”.

Mugimendua ez da dogma itxietan oinarritzen. Sarri adierazi dute ez dituztela erantzun guztiak, ezta ziurtasun guztiak ere. Adierazi ohi dute jakin ere ez dakitela euren bideak funtzionatuko ote duen. Eurena, azken batean, esperimentu sozial bat besterik ez da, ezerezean gera daitekeena eskala handi samar bat lortzen ez badu.

Dena den, hiru oinarri aipatu izan dituzte:

  • ezin gara zain gobernuek zer egingo duten; beranduagi izan daiteke.
  • maila pertsonalean zerbait egin ahal dugu, baina emaitzak apalak izango dira
  • komunitate gisa jardunez gero, litekeena da egiten duguna aski izatea garaiz iristeko.

Hizkuntzaren inguruan antzeko kezkak aurkitu ditugu:

  • ez zaigu egokia iruditzen zama euskal hiztunengan uztea;
  • instituzioen ardura aldarrikatzen dugu,
  • baina ez dugu zain egon nahi.

Pello Jauregik txit ondo adierazi zuen Udatop jardunaldietan. Mikrotik makrora hiru erabaki-maila berezi zituen: pertsonak, entitateak eta botere publikoak (uste dut ez zituela hitz horiek erabili, baina nik horrela ulertu nion). Beharrezkoa da hirurak elkar elikatzea. Aurten pertsonak aktibatzera goaz… Egongo da entitateak eta botere publikoak aktibatzeko beharra eta garaia.

Orain arteko paradigma formula bakar batean biltzerik balego, Jauregik argi dauka zein den: ezagutza + sentsibilizazioa = erabilera. Horretan jardun dugu. Ezagutza bermatu dugu (batez ere eskolaren bidez) eta sentsibilizazioa, kontzientzia, atxikimendua…  landu ditugu.

Kontua da horrek eragin mugatua izan duela gure portaeretan. Ferran Suey-k ingurumen hezkuntzarekin alderatu izan du: “Argi dugu plastikozko boltsa gutxiago erabili behar ditugula. Lehen ere bagenekien. Baina orain zerbait aldatu da. Orain jakin badakigu guk geuk egiten duguna errelebantea dela eta inpaktua izan dezakeela”.

Bai, hor dago gakoa. Kontzientziatik portaerara jauzi egiteko mekanismoa hori da: zinez sinistea gure ekintzak errelebanteak direla eta inpaktua izan dezaketela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude