Denbora

BAGA

Ez dakit zergatik, baina hauxe dut Benito Lertxundiren abestien artean gogokoenetako bat:

Denborak aldatzen dira
denborak aldatzen doaz
denboragileak ari dira
denbora berria prestatzen;
eta zu, jadanik,
hezituta zaude
zure denboraren ariketarako
gizalege berrien baitan
sinismen lausoz.

Benito Lertxundi – Denborak

BIGA

Zapatistek, Lacandonako oihanean: “ez dugu presarik, urrun iritsi nahi dugu-eta”. Gurean kontrara esan genezake: “arrapaladan doa dena, baina ezer ez da mugitzen”. Edo agian bai, nik-zer-dakit-ta!

HIGA

Irakurri dut hiru azelerazio bizi ditugula egungo denboran: azelerazio teknologikoa, azelerazio soziala, eta bizitzaren azelerazioa.

Paradoxikoa da. Azelerazio teknologikoak gauzak arinago egitea ekarri du. Horrek denbora askatu behar zuen, eta denbora ugaritu. Denbora inoiz baino urriagoa da, ordea. Azelerazio sozialak gero eta gauza gehiago egitera eramaten gaitu. Ezin gara gelditu. Gero eta exigenteagoak diren espektatiba sozialak ase behar ditugu: produktiboak izan, bidaiatu, hizkuntzak ikasi, “esperientziak” bizi.

LAGA

Imaginatzen duzue Leonard Coheren ahots sarkorra euskaraz?

Azkar iritsi nahi duzu zuk
Azkena izan nahi dut nik
Zuretzat azkar amaitu behar da
Nik, ordea, irautea nahi dut
Ez da zaharra naizelako
geldotasuna maite izan dut, betidanik
Hirira itzuli nahi duzu?
Joan zaitez; utz nazazu.
Eta inork nitaz galdetzen badizu
esaiozu hemen nagoela, abiadura geldotu nahian…

Leonard Cohen – Slow

BOGA

Bizitzaren azelerazioaren baitan, gero eta gutxiago lo egiten dugula irakurri dut. Ikerketen arabera lo-denbora batez beste bi orduz txikitu da XIX mendetik hona eta ordu erdiz 70eko hamarkadatik hona.

Max Richter konpositoreak «sleep» izeneko lan bat konposatu du, lo egiten eta amets egiten laguntzeko, bere esanetan. Merezi du zatitxo batzuk entzutea. Arazoa da zortzi ordu luze irauten duela. Nork ditu zortzi ordu jarraian, lo egiteko nahiz musika entzuteko?

Max Richter – Sleep

SEGA

MIT institutuan (Massachusetts Institute of Technology) U teoria landu duen taldeak presencing kontzeptua erabiltzen du: presence + sensing.

Orainean egoten jakitea da  presentzia. Horixe da U teoriaren proposamena. Orainarekin konektatu eta sentitu, lehenik, iraganetik zer utzi behar dugun joaten; alegia, egin izan dugunetik eta egiten dugunetik zer dagoen jada agortua eta zerk ez gaituen asetzen. Ondoren, egoera horretatik bertatik, jada sortzen ari den etorkizuna sentitu behar da (etorkizun emergentea deitzen diote) eta handik ekin planifikatzeari. Etorkizunetik ikastea proposatzen dute, ez iraganetik.

“Sentipentsante” adjektiboa ekarri dit gogora: pentsatzen duzuna sentitu, eta sentitzen duzuna pentsatu. Hitza Eduardo Galeanok zabaldu zuen, Orlando Fals Borda soziologoari hartuta. Bideo honetan bada azalpen polit bat: hemen

ZAI

Poesiak hiru gai unibertsal jorratu ohi ditu: amodioa, heriotza eta denboraren iragana. Edo, Miguel Hernandezek zioen bezala, hiru zauri ditu gizakiak: hiltzearena, maitearena eta biziarena. Bizia horixe baita: denbora.

Joan Baez – Tres heridas

ZOI

Gorroto ditut jende-ilarak. Erosketak egitera desorduetan joaten naiz; eguerdi partean, edo goizean goiz. Gorroto dut zain egon beharra. Lekuetara 5 minutu berandu iristeko ohitura hartu dut, zain egon beharrik ez izateko. Eta, halere, bizitzaren erdia zain ematen dugula diote “filosofoek”.

Alemanez WARTEN aditzak “itxarotea” esan nahi du, eta Grimm hiztegiaren arabera hainbat esangura ditu: “inora begiratzea, zerbaiti kasu egitea, arreta egitea, zaintzea, inoren zerbitzuan egotea, gordetzea, pertseberatzea eta abar”.

Idearik ez Grimm hiztegia zer den, baina halaxe irakurri dut “Denbora Opari” liburuan: Andrea Köhler – El tiempo regalado: Un ensayo sobre la espera.

BELE

Bitoriano Gandiagak Denbora Galdu Alde poema-liburua idatzi zuen 1985ean. Euskaraz kontziente samar irakurri nuen lehen poema-liburuetako bat izan zen, oker ez banago, eta gogoan dut oso zapore ona utzi zidala: «Denbora galtzen ikasi behar dudala esan dit psikiatrak. Bego eta bedi. Zenbait ardura eta arazori hor konpon esaten ikasi behar dudala ere esan dit».

Rikardo Arregi idazlearen artikulu batek ekarri zidan gogora duela gutxi: Rikardo Arregi – Denbora galdu

ARMA

Jorge Riechmann irakaslearen poema bat, hala edo nola euskaratua:

Bertso on batek
ezin du gosea ase.
Bertso on batek
ez du lorategirik eraikiko.
Bertso on batek
ez du tirano arrotza ohilduko
Bertso batek
kasurik onenean
arnasa etengo dizu
(digestioa ez)
eta haren erritmoak eta abiadurak
beste abiadura posible baten erritmoa ekarriko dizute gogora.
Beste erritmo bat zure odolerako, eta beste erritmo bat planetetarako

TIRO

Jorge Riechmann-ek kontatzen du kapitalismoa Europako Ekialdera iritsi zenean, shock moduko zerbait sortu zela denboraren pertzepzio berriaren eraginez. Ordura arte denbora okupatzeko moduak zirenak denbora galtzea bihurtu ziren imajinario berrian: irakurtzea, musika entzutea, lagunekin egotea… “Denbora galduaren oroimina” deitu dio horri.

Jorge- Riechmann – Tiempo para la vida. La crisis ecológica en su dimensión temporal

PUN

Eta zuek, oporretan, zertan galtzen duzue denbora?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude