Terminologiatik haratago

Honezkero ohartuko zineten terminologiarekin halako obsesio txiki bat dudala, ezta? Zer egingo diogu bada? Nork bere zoroak bizi ditu. Gauza batek hamaika izan baditu, zerbait izendatzeko hainbeste arazo badaude eta izenarekin ados jartzerik ez badago… bada hor esploratzeko zerbait interesgarri: zerbait esanguratsua, handik tira egiteko eta ikasteko.

Eduardo Apokadaren hitzaldi batean harribitxi txiki bat topatu dut: Hizkuntzen kudeaketa; gobernantza eta aktibismoaren artean da hitzaldia [bideoa hemen]. Besteak beste, terminologiaz jardun du:

hizkuntzaren aldeko mugimedu soziala, euskalgintza,
hizkuntza normalizazioa,
hizkuntza politika, hizkuntza planifikazioa,
hizkuntza injenieritza, hizkuntza kudeaketa,
hizkuntza biziberritzea, hizkuntza indarberritzea,
hizkuntza zaharberritzea, hizkuntza berpiztea,
hizkuntzaren berpizkundea,
hizkuntza sustatzea, hizkuntza dinamizazioa…

Haren ustez oso molde orokorrak erabili izan ditugu, ñabardurak kontuan izan gabe, eta atzean zer dagoen hausnartu gabe.

Hizkuntza gobernantza proposatzen du: hizkuntzaren gobernantza komunitarioa, hobe esanda, modan jartzen ari den gobernantza neoliberalaren eremutik ondo bereziteko. Gobernantza komunitarioaren testuinguruan komunitateak bere burua antolatzen du bere arazoei irtenbidea emateko. Hizkuntza ere halakoxea da: “ondare” komun bat da eta eragile publiko, pribatu eta sozialek bat egiten dute hura lantzeko eta zaintzeko. Ingelesez ere existitzen da terminoa: linguistic governance. Euskaltzaindiak berak hizkuntzaren gobernantza terminoa erabili izan du, corpus plangintzaz ari direlarik [hemen].

Izenaren ondoan, izana dator… eta galderak. Hizkuntza politikatik gobernantzara alde handerik al da? Eta nor dira gobernantza horretan eragileak? Euskara teknikariak? Haren hitzetan, gaur egun mugak oso lausotuak dira: profesionala, teknikaria, aktibista, langilea, politikaria… Elkarteetako kide liberatuak zer dira? Aktibistak ala teknikariak?

Teknikariez ari garela… zer dakigu euskara teknikariei buruz? Nor dira euskara teknikariak? Zenbat dira? Nondik datoz? Non ikasi dute ikasi dutena, zeintzuk trebetasun dituzte eta non eskuratu dituzte. Bada, hor, zer ikertu.

Soziolinguistika Klusterrak ikerketa interesgarria egin zuen 2008an: Soziolinguistika Arloko Teknikarien Formazio Premien Azterketa [hemen]. Lanbide konplexua da. Bartzelonako Diputazioak antzeko lan bat egin zuen partehartzerako teknikarien formazioari buruz: Disseny de la formació per als professionals en participació ciutadana [hemen]. Hortik ere bada zer ikasia gure lanbiderako.

Mereziko luke lan horiek berreskuratzea eta eguneratzea. Ez zaizue iruditzen?

 

4 erantzun “Terminologiatik haratago” bidalketan

  1. Guztiz ados. Iruditzen zait iritsi dela garaia Euskara Teknikarien lanbideari buruzko hausnarketa serio bat egiteko eta zaila zait ulertzea zergatik ebitatu nahi dugun. Foro askotan ari naiz proposatzen neroni, baina lortzen dudan gauza bakarra da jendeak martziano aurpegiarekin begiratzea …

    Eta bide batez, mila esker, artikulu hau opari bat da eta Tolosaldeko Euskararen Mahaiko lankideei errebotatu diet (https://www.galtzaundi.eus/tolosaldeko-euskararen-mahaia-eratzeko-eztabaida-lehiberrin/) …. Han egiten ari garen lanarekin erabat lotuta dagoelakoan.

  2. Eduren hitzaldian izan nintzen, eta, poztu ninduen berak egindako hausnarketa entzuteak; izan ere, aurretik, arloko kide batzuk (hizkuntza-teknikari, euskara-teknikari, aholkulari, psikologo, partaidetzako teknikari, coach, lagun, kudeatzaile, aritzen garen hauek) egina genuen antzeko hausnarketa. Bi galdera nagusi egiten genituen: batetik, euskararen biziberritziak beharko dituen erronketarako, zer profil/ezaugarri/gaitasun beharko ditugu? non trebatuko gara, non jasoko dugu ezagutza? Gutariko askok praktikan ikasi dugu, baina, uste dut datozen urteetan izango diren erronkek eta, batez ere, administrazioan emango diren erretiroek gai hau ganoraz heltzea eskatzen dutela. Soziolinguistika Klusterrean elkartzen garen erakundeok gaiari buelta pare bat ematen hasi gara, behintzat.

    Eta eskerrik asko apunteak pasatzeagatik.

  3. Eskerrik asko! Apunteen koadernoa gurekin konpartitzeagatik. Eta hemen egin diguzun eskaintza/proposamenari: baiezko borobila!

  4. Pingback: Teknikari | Garaigoikoa

Utzi erantzuna Ima Eguen(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude