Soziolinguistika urbanoa: hirien anonimatoa

Aurki argitaratuko bide da VI. mapa soziolinguistikoa. Aurrekoetan bezala, Biztanleriaren eta Etxebizitzen zentsuan oinarriturik egongo da eta oraingoan 2016ko datuak emango ditu. Irakurketa oraindik zabaldu ez bada ere, datu gehienak eskuragarri daude EUSTATen web orrian. EAEko datuak dira eta ez euskararen lurralde osokoak.

Hiriei begira jarrita:

  • Autonomia Erkidegoan 6 udalerri daude 50.000 biztanle baino gehiago dituztenak: Bilbo,Gasteiz, Donostia, Getxo, Irun eta Barakaldo
  • Udalerri horietan ia miloi bat pertsona bizi dira (zehazki 978.620); EAEko biztanleen % 46,1. Arabako kasua are deigarriagoa da, Arabako lau biztanleetatik hiru hiriburuan bizi baitira.
  • Euskaldunen portzentajea % 25,3tik % 46,0ra bitartekoa da. Barakaldon da txikiena eta Donostian handiena. Batez bestekoa %32,3 da: hiru biztanleetatik bat euskalduna. Sei udalerri horietan 316.620 euskaldun bizi dira eta 197.362 euskaldun hartzaile.
  • 2011ko datuen arabera, euskaldun berrien ia erdia (% 49,3) sei udalerri horietan bizi ziren.¬†Barakaldon eta Gasteizen lau euskaldunetatik hiru pasatxo ziren euskaldun berriak.

Euskal Herri urbanoaren aurpegi bat da, baina ez bakarra. Xabier Aierdiri entzun diogu, globalizazioaren ondorioz, hiri-kultura erabat gailendu egin dela Euskal Herri osoan. Hiri handietan, hirigune txikiagoetan eta herrietan ere bai. Bere esanetan, Euskal Herria oso herri modernoa da, eta euskaldunok are modernoagoak. 

Edonola ere, hirigune handi horiek arazo bereziak sortzen dituzte. Euskara herrietako kontestu komunitarioetan gorde da hobekien. Hiriaren dinamikak erantzukizuna leundu eta desagerrarazi omen du, Xabier Aierdiren hitzetan. Euskaldunari erantzukizunez jokatea eskatu zaio baina hirietan euskalduna askeago sentitu da erantzukizun horri itzuri egiteko: are gehiago bere burua euskaldun osotzat hartzen ez duten euskaldunen kasuan.

Honela dio Aierdik:

… hiriak euskaratik askatzeko balio diezaguke. Aurreko belaunaldi euskaldunentzako, konplexua sortzen zeneko tokia zen hiria, onarpena bakarrik arlote edo ezjakinaren rolak betetzetik zetorrelarik. Ondorioa? Isiltasuna! Gaur, ordea, hiztun osoa ez denarentzako, hiria hainbat koertziotik urruntzeko ezkutaleu aproposa da, hirian baino ez gara (edo izan gaitezke) anonimoak eta. Hirian isiltasuna hobeto izkutatu daiteke, behar den baino euskaraz gutxiago hitz eginda.

Armairutik ateratzeko deia egin zaigunean, armairu handi, goxo eta eroso bat aurkitu dugu hirietan. Jakinmina dut euskaraldia Bilbon, Gasteizen, Getxon eta Barakaldon zer izango den ikusteko. Iruditzen zait hirietan ahalegintxo gehigarri bat egin beharko dugula gure rola txintxo-txintxo betetzeko, bereizgarria ez disimulatzeko, eta anonimatoan urtzeko tentazioan ez erortzeko.

Eta, halere, optimista naiz. Animoso eta gogotsu ikusten ditut hirietako euskaldunak!

* Xabier Aierdiren testua, BAT aldizkarian: Mintzajardunaren azken urteotako bilakaera. Mikel Zalbideren testuaren inguruko hausnarketa marjinalak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude